• Egilea: Kultur Atelier

Egunkari zaharrak erabiliz egiteko trikimailuak

Egunkariak irakurri ondoren bi aukera daude: berrerabiltzea edo birziklatzera botatzea. Gaur, berrerabili egingo ditugu. Ikasi nahi duzu nola erabili opari-paper edo loreontzi moduan?


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Kaixo lagunak! Gaurko trikimailuen atalean egunkari zaharrei probetxua ateratzeko trikimailuak erakutsiko dizkizuegu.
Trikimailu hauei esker haziak ereiteko poteak egiten ikasiko duzue eta egunkari zaharrak opari-paper moduan erabiltzeko gai izango zarete.

Bi trikimailu hauetatik lehenengoa egiteko ondorengo objektuak behar ditugu: egunkari zaharrak, edalontzi bat, lurra eta haziak. Has gaitezen!

Lehen trikimailuan haziak landatzeko potea egingo dugu. Horretarako, lehenik eta behin, edalontzia egunkari-paperean bilduko dugu. Azpiko aldean papera sobran geratu bazaigu tolestu egingo dugu.

Jarraian, edalontzia aterako dugu egunkari-paperetik, eta ikusiko duzuenez,  paperak pote-forma hartu du.
Hurrengo urratsa paperezko loreontzian lurra botatzea eta hazia ereitea izango da.

Egun batzuetan hazi horretatik landarea aterako da, beste loreontzi honetan ereindako haziarekin gertatu den bezala.

Bigarren trikimailua egiteko ere egunkari zaharrak erabiliko ditugu, eta horiez gain, beste objektu hauek: zeloa, kola edo itsasgarria, zinta-papera, errotulagailua, guraizeak eta liburu bat.

Bigarren trikimailuan opari-paper moduan erabiliko dugu egunkaria. Horretarako, lehen urratsa, gure oparia egunkari-paperarekin biltzea izango da, gure kasuan liburu bat. Behin liburua egunkari-paperarekin bilduta zinta-paperaren tira bat jarriko diogu.

Jarraian, opari-paperaren gainean jartzeko lore bat egingo dugu. Horretarako, lehenik eta behin paper batean lore bat marraztuko dugu eta guraizeekin moztu. Lore hori erabiliko dugu oinarri gisa. Egunkari-paperaren gainean jarriko dugu oinarria eta errotulagailua erabiliz lau lore marraztuko ditugu eta guraizeekin moztuko.

Hurrengo urratsa lore bakoitzari zati bana moztea izango da; lehen lorean petalo bat moztuko dugu; bigarren lorean, bi; hirugarren lorean, hiru; eta laugarren lorea erditik moztuko dugu. Mozketa horiek errotulagailuarekin markatuko ditugu, eta moztu ondoren, hurrengo urratsa loreak itsastea izango da: lau lore eskuratuko ditugu, eta lore bakoitza bestearen barruan sartuta, arrosa bat izango dugu.

Amaitzeko, lorea zinta-paperaren erdian itsatsiko dugu.
 
Hauek gure gaurko trikimailuak. Egunkari-paperarekin magia egiteko prest zaudete? Hurren arte!

 

A2
2021-05-25
28276657
00:04:09
676