Atsedenaldi gehiegi lanorduetan

On line irakurri eta idatzi? Bai horixe!

Ez da dudarik online bidezko elkarreraginari geroz eta denbora gehiago eskaintzen diogula egunetik egunera. Mugak hautsi dituen esparru digital horrek jada baditu 1.100 milioi internauta, eta diskurtso-genero, hizkuntza-baliabide eta kortesiazko eta erretorika-forma bereziak erabiltzen ditu. Beraz, komunikatzeko era berri hauen baitan, online hizkera berezi horretan elkarreragiten ere ikasi egin behar da. Hona hemen *Daniel Cassany irakasleak honi buruz azaldu diguna:

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek, IKT delakoek, hizkuntzak ikasteko era ere aldatu egin dute. Telebistaren eta liburuen ordez ordenagailua aukeratu ahala, beste hizkuntza eta kultura batzuekiko harremana areagotu egiten dugu. Web guneak irakurtzen ditugu eta, blogez jardun eta nazioartean adiskideak egin. Horrela da: sareak ez du mugarik, konektatu nahi duen edozeini entzungo dio, eta unibertso sinestezinak eskura jartzen dizkigu.

Sarea nahiz eta geroz eta multimodalagoa den (audioa du, bideoa, hitz egin liteke, on line ikus-entzuteko moduko artxiboak ditu), eta esandakoa zuzenean idazten duten programak ere badiren arren, harreman elektronikoa gauzatzeko biderik ohikoena idaztea da. Pantailan irakurri egiten dugu, jarraibideak eta testua tekleatu, eta maiz nahiago dugu txat idatzizkoa ahozkoaren aldean. Agian ahozkoari lotutako teknologia traketsa delako aukeran.

Hizkuntzaren praxia lantzen dugu irakurtzen eta idazten dugunean, finean ikasi egiten dugu, ia konturatu gabe. Niri neroni sareak lagundu egin dit nire ingeles maila mugatu hori hobetzen, eta herdoildua nuen frantses eta aleman maila mantentzen.

Lehenik eta behin, sareari esker nire nazioarteko harremanak gehitu egin ditut. Bavariar adiskide batzuei lehen telefonoz deitzen nien eta postalen bat edo beste idazten nien. Orain, aldiz, hilero mezu elektronikoak eta sms-ak idazten dizkiogu elkarri. Ez hori bakarrik, ingelesez edota frantsesez dakiten lagun mordoa egin dut Facebook, Sonico edo My Spaceri esker. Aurrez aurre baino askoz ere eleaniztunagoa da nire on line bizitza, -baditudan arren bisitan etortzen zaizkidan ikasleak eta hizketan jarduteko atzerriko ikasleak ere.

Bigarren kontua, idazteak eta sarean aritzeak konfiantza handiagoa eragiten dit hitz egiteak berak baino, nahiz eta sekula ez naizen lotsati horietakoa izan... Erosoago sentitzen naiz mezu bati erantzuten edo txateatzen telefonoz hitz egiten baino... Adibidez, bada kontu lotsagabe bat aspaldi egiten ez dudana: bestaldean inor ez dagoela jakinda deitu, planifikatutako mezu bat uzteko. Horrela elkarrizketa saihesten nuen... Nahiago dut idatzi: horrek planifikatzeko eta hausnartzeko aukera ematen dit, ideiak lantzeko, aurrez aurrekoak sortzen duen estresa gutxitzen du, eta lotsagarri gelditzeko beldurra ere bai.

Hirugarrena: sareak irakurtzen eta idazten laguntzen dit. On line hiztegiak ditut kontsultarako, itzulpen automatikoak erabiltzen ditut lanabes lagungarri gisa, erroreak azpimarratzeko zuzentzaile ortografikoei erreparatzen diet, eta abar. Bada besterik. Nahi dudanean irakur eta idatz dezaket, edonon, edonorekin... Finean, pozarren nagoela!

*Daniel Cassany Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakaslea da, eta Diskurtsoaren Analisia da bere langaia. Katalan filologian lizentziatua eta Filosofia eta Letretan doktore.
Hamarren bat liburu idatzi ditu idatzizko komunikazioa eta hizkuntzaren irakaskuntzaren gainean, katalanez, gaztelania zeta portugesez. Azpimarragarrienak: Describir el escribir; La cocina de la escritura; Reparar la escritura; Construir la escritura; Tras las líneas; Taller de textos, Afilar el lapicero eta Enseñar lengua, beste egile batzuekin batera.
Hizlari eta irakasle gonbidatu izan da hainbat graduondoko, maisutza eta doktorego ikastarotan, hogei herrialdetik gorako unibertsitate eta erakundeetan. Irakurketa eta idazketa bultzatzeko zenbait programatan ere bere laguntza eskaini die Katalunia, Galizia, Euskadi, Espainia, Argentina, Txile eta Mexikoko hezkuntza ministerio eta sailei.

x61pRelaContWAR

detalle2

Jarduera

B2
2008-09-17
16380000

x61pViewCountWAR

2986

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR