irakurgai-mailakatuak-fitxa
Erroen izerdia
Hiru ipuin luzek osatzen dute liburu hau, triptiko baten antzera. Bikotekidearengandik bereizi ondotik, galdurik sentitzen den emakume baten ibilbidea; Identitate kolektiboaz solastuko diren bi lagun gizonezko, euskalduna bata eta espainola bestea; familiako sekretu bat isilpean atxikitzen duten bi ahizpa, urte askoren buruan berriz elkartuko direnak.
EGILEA: Jone Bordato
ARGITALETXEA: Elkar
URTEA: 2025
Istorioetako bakoitza beregaina da, baina bada guztiak lotzen dituen hari bat ere: protagonistek iraganean finkatuak dituzte beren erroak, nortasuna moldatu dieten baldintza eta ezaugarriak, baina geroa zabalik da beti, antzaldatze eta bestelakotze prozesuak biziko dituzte pertsonaia nagusiek, bere buruaz jabetzera eta askeago sentitzera eramango dituztenak.
Hona pasarte bat (11. or.):
"Ana bere baitako nahasmenean barneratzen zen, zorabiatu arte, zolarik gabeko putzu batean erortzen balitz bezala, heltzeko adarrik gabe, lotzeko euskarririk gabe. Besoak zerura altxatzen zituen, bularrak hanpatzen, arnasa libreki hartu nahi zukeen baina airean xerkatzen zuen. Itsas bazterrean ibiltzera joatea erabaki zuen edo erabakirik hartu gabe itsas bazterrera joan zen, aire bila, haize gatzatuaren ufakoen deiari erantzunez."
