detalle irakurgai-mailakatuak-fitxa

Auzo madarikatua

Felix Urabayenen Auzo madarikatua sanferminetan giroturiko lehenbiziko nobela da. 1925ean ikusi zuen argia, gaztelaniaz, Hemingwayren The Sun Also Rises eleberria baino urtebete lehenago. Liburua argitaratu zenetik ehun urtera, Iruñeko IKF Fundazioak euskararen ondarera ekarri nahi izan du.

EGILEA: Felix Urabayen

ITZULTZAILEA: Aingeru Epaltza

ARGITALETXEA: Pamiela

URTEA: 2025

Liburuak bi eszenatoki ditu: Baztan eta Iruñea. Auzo madarikatua Arizkungo Bozate da, bertan kasta misteriotsu eta baztertua bizi baita: agotak. Bertze gai nagusia, erran bezala, Iruñeko festak dira. Liburuak XX. mendearen hasierako sanferminetan murgiltzeko parada ematen digu. Aingeru Epaltzaren itzulpenari esker, azkenerako «ama hizkuntzan» mintzo da istorioko protagonista, Pedro Mari Etxenike arizkundarra. 

Gainera, eleberria bera ez ezik, euskarazko argitalpenerako propio idatzitako bi hitzaurre ere jaso dituzte liburuan: Fermin Erbitiren bat eta Kike Diez de Ulzurrunen beste bat. Lehenbizikoa Felix Urabaienen bizialdiari eta orduko Iruñearen egoerari buruzkoa da; bigarrenean, berriz, garai hartan Iruñean eta oro har Nafarroan euskal kulturak izan zuen pizkundea da mintzagaia. Biak ala biak antzinako argazkiz josiak daude; haietako hainbat Urabaien familiak utzita heldu dira argitalpenera.

 

Berria egunkariko erreportaje honetan aurkituko dituzu liburuari eta euskaratze-prozesuari buruzko xehetasunak.

 

Hona pasarte bat (57. or.):

"Baztan ibarrak hamalau herri ditu partzuer, zuriak, pinpirinak eta eztitasun nostalgiko batez apainduak, soneto biribil eta molde klasikoetan zizelkatu baten hamalau bertso-lerroak iduri...

Herri horietako bakoitzaren izenaren hasierako letra larria elizako dorreak irudikatzen du, hura baita paisaiak eta arimak aztertzeko behatokirik hoberena. handik ikusten dira teilatuetako gandor gorriak eta haize-orratz zutak, han-hemengo zipriztinak gibeleko berdetasunaren gainean, orobat ikusten bide sigi-sagatsuak lurraren zimurraka apintzen halako pausaldi prosodiko batzuen dotoreziaz malenkoniaz luzatzen direlarik..."

 

detalle2

Dokuteka

C2
2025-06-24

x61pRelaContWAR

31790606

x61pViewCountWAR

1407

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR