Urte urdin ihesak
Urte batzuk baditu idazleak dagoeneko; mordotxo bat gehiago haren amak, 100 betetzeko gutxi falta duela. Ama besotik hartuta, etxepera darama, eta kalean honi eta hari begira jarriko dira, begiek sarri oraingo paisaia ez baina garai batekoa ikusten duten arren. Eta garai bateko kontuez solasean hasiko dira, orduko baserri eta tabernak, lan eta jolasak, ikarak eta ametsak... aspaldiko gertaera eta pasadizoez kontu-kontari.
EGILEA: Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
ARGITALETXEA: elkar
ARGITALPEN-URTEA: 2025
Hona pasarte bat (11. or.):
Udazkeneko eguraldia, haizetsua eta ustela. Hegoa firurika, tarteka epel, eta edozein unetan hodeiak zeruan korrika, eta zaparradatxo traidoreren baten arriskua.
Arrebaren etxera joan naiz amarekin ordu batzuk egotera. Horrelaxe antolatu, eta gaur niri dagokit eginbeharra betetzea. Egotea baino gehiago, nire asmoa da kalean bueltatxo bat ematea. Ama arropaz ondo babestu, aterkia hartu, eta haize pixka bat hartzera joan.
Etxean sartu eta berehala esan dit Silviak ez dakiela lortuko dudan ama ateratzea, etxezulo dagoela gaur, goizetik. Berak ez duela lortu goizean, ea nik suerte gehixeago dudan orain.
Silvia hainbat ordutan ama zaintzen duen etxeko laguntzailea da. Esango nuke amak seme-alaboii baino kasu gehiago egiten diola horrelako kontuetan. Niri baino kasu gehiago, behintzat, seguru. Etxean pasatu beharko dugu arratsaldea.