Bisita
Plater hegalari bat iritsi da Lur planetara, estralurtarrak etorri dira gugana, baina ez dute lur hartu ez Dakotan ez Minessotan, baizik eta Euskal Herrian; zehazkiago, Anoeta herriko bi baserriren arteko soroan. Mundu osoa aztoratuko du gertakari horrek, baina batez ere bertakoak: zer da objektu hegalari ezezagun hori? Nondik dator? Zer nahi dute? Zer egingo dugu? Mikel Pagadizabal aktore, aurkezle eta gidoigileak umore ganberroz idatzitako zientzia-fikziozko nobela.
EGILEA: Mikel Pagadi
ARGITALETXEA: elkar
ARGITALPEN-URTEA: 2024
Egileari Arrosa irratien sarean egindako elkarrizketa entzuteko, hemen klikatu.
Hona pasarte bat (11.or.):
James Webb zeruan dago. Goian bego! Hobeto esanda, espazio ilunean dago. Ez da pertsona bat; bueno, bai, Jamens Edwin Webb NASAko bigarren administratzailea izan zen, beste gauza batzuen artean; eta, haren omenez, espazioko teleskopiorik boteretsuena haren izenarekin bataiatu zuten estatubatuarrek. Teleskopio hori gaur egun espazioan dabil jira eta bira etengabean, izar berri, exoplaneta, zulo beltz eta astronomiak aztertzen dituen bestelako fenomenori arrastoa jarraitzen. Kaliforniako klinika pribatu batean bizpahiru ebakuntza egitearen prezioa duen gailu honek (10.000.000.000 dolarreko balioa, gutxi gorabehera) atzeman zuen istorio honi zentzua emango dion seinalea, apirilaren 15ean, arratsaldeko zazpiak eta bi minututan (GMT-4), hain zuzen.