Itzulerak
Miriam eta seme-alabak Garraitzetara heldu dira Haize-Begi etxean bizimodu berri bati ekiteko. Alabaina, iritsi bezain pronto, ezustekoa izango dute: haur jaioberri bat aurkituko dute. Nola liteke? Nork utziko luke haurtxo bat urteetan itxita egondako etxetzar horretan? Oraindik ez dakite non edo non badela pasagune bat zeinetan denbora eta lekuak gurutzatzen diren. Zorionez edo zoritxarrez, pasagune hori zeharkatzen duenak iraganean harrapatuta geratzeko arriskua dauka.
EGILEA: Miren Agur Meabe
ARGITALETXEA: elkar
ARGITALPEN-URTEA: 2023
Durangoko azokako Bigarren kafean idazlearekin izandako solasaldia entzuteko hemen klikatu.
Hona pasarte bat (9. or.):
Eztulka esnatu zen. Ke-usaina sumatu zuen gelan eta une batez pentsatu zuen infernura heldu berri zela, mehatxua sarritan entzuten baitzuen Rodrigoren ahotik. Gizona lozorro zegoen alboan, ahotik adurra zeriola. Ardo-hatsak goragalea eragin zion Estefaniari.
Koltxoian agondu, eta leiho aldera begiratu zuen. Argitasun gorrixka sartzen ari zen eta haizeak danbaka zerabiltzan leiho-tapak. Eztul egin zuen berriro, Rodrigok zerbait marmartu zuen hortz artean, baina zurrungaka jarraitu zuen.
Neskatila kontuz mugitu zen, sabelari eskuekin helduta. Umea laster jaioko zen: ilargiak egina zuen aldaketa.
Ahotsak eta oihuak heldu zitzaizkion; ez jai girokoak, ordea. Bezperan, etxeko alaba gaztearen ezkontza-ospakizunean, gonbidatuek berandu arte jardun zuten jan-edanean. Hala ere, goizaldean kanpotik zetorren zalaparta bestelakoa zen.
Estefanak leihoa iraki zuen: Garraiçeta sutan zegoen.