Izotz ura
Laguntasun harreman baten une fundatzaileak, poz partekatuak eta ezkutuko mindurak dira kontakizun honen hezurdura. Euskal Herriko historia hurbilean girotuta, zeharkaldi berean ageri dira Kilometroak jairako kantu grabaketa, herritik hirirako distantzia, Bataplan, Friburgoko okupazio giroa, gurasoen etxeetako sukaldeak eta bizitzaren xake taula zuri-beltza. Etengabe eraldaketan diren urak Lide Hernando Muñozen lehen nobelan.
EGILEA: Lide Hernando Muñoz
ARGITALETXEA: Susa
ARGITALPEN-URTEA: 2023
Aurkezpen-bideoa ikusi nahi izanez gero, hemen klikatu.
Hona liburuaren pasarte bat (9. or.):
Aurpegia estalita egin dute larrutan bart, Nepalera joan zirenean erositako artilezko buru-berokiekin. Aurreneko saiakera Saioak iradokita egin zuten, herrira itzuli osteko lehenengo hilabetean. "Gure arteko kofiantza praktikan jartzeko". Zerbaitek asaldatzen zuen bakoitzean bezala zimurtu zuen betozkoa Ibaia, baina irribarre jostari batez onartu zuen azkenean. Aldarte trantsizio horrek agerian utzi zuen ez zuela neska-lagunak behingoagatik proposatutako zerbait, sikiera hori, egiteko aukera pasatzen utzi nahi.