Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok?
Hamar istorio independente biltzen dira Iñaki Irasizabal idazle durangarraren ipuin-bilduma honetan. Ipuin bakoitzean tarte latzak eta samurrak daude eta istorio hurbilak eta errealistak dira. Batez ere giza harremanak lantzen dira, baita familia-harremanak ere, eta protagonista nagusiak gizartean ondo integratzen ez diren pertsonak dira, xelebre, bizarro, moldatu ezin direnak edo problematikotzat hartu izan ditugunak.
Egilea: Iñaki Irasizabal
Argitaletxea: Elkar
Argitalpen-urtea: 2022
Gure gizartearen erretratua egiten du Irasizabalek ipuinotan, pertsonaia sinesgarri eta interesgarrien bidez.
Hona hemen liburutik hartutako pasarte bat:
FERREN TABERNAN BERRIZ
1988an gertatu zen. Hemezortzi urte nituen nik eta antzeko adina izango zuen Igorrek. Unibertsitatea hastekotan nengoen uda haren ondoren. Azken ikasturtea gela berean eman genuen arren, ez ginen lagun handiak. Mutil isila eta uzkurra zen Igor, serioa, oharkabean pasatzen ahalegintzen diren horietakoa.
Ikertu egin dut. Hona hemen gertatutakoa.
Amak taberna eta jatetxeetan edariak banatuz egiten zuen lan. Amaren furgoneta zaharra gidatzen zihoan Igor.
Uda betea, ez zen oso berandu, gaueko bederatzi eta erdiak inguru, eta hondartzako errepidetik zetorren. Gernikara ailegatzerakoan, primera sartu eta une hartan sorbaldatik zintzilik lastozko kapazu handia zeraman neska bat ari zen errepidea zeharkatzen.
7.or.
Kultur Shareak liburu honen gainean egindako bideoa helbide honetan duzu ikusgai.