Globalizazioak eta Erdi Aro berria

Ez da Joseba Gabilondo izan egun munduak bizi duen egoera Erdi Aroarekin konparatu duen lehena. Erdi Aroan bi aldi izan ziren, bata Erromatar Inperioa erori ondorengoa, barbaroa, heterogeneoa, eta gero, feudalismo aristokrata eta elitista baten aldia nagusitu zenekoa. Uste du Gabilondok orduko antzeko garaian gaudela munduan eta Euskal Herrian, eta bi Erdi Aro mota horien artean aukeratu behar dugula, zer zeruertz politiko nahi dugun hemendik 15-20 urtera.

Eta pentsatu, kontuan hartuta globalizazioaren barruan bizi garela, baina ez dagoela globalizazio bakar bat, baizik lekuan lekuko globalizazio anitzak. Pentsatu behar horretan zertaz arduratu jakiteko arrastoak ematen ditu Gabilondok; berak esan zuen aurkezpenean liburu hau errezeta-liburu gisakoa dela. Izan ere, nahiko galduak ikusten ditu bai eskuina bai ezkerra gurean, bata epe luzerako proiekturik gabe eta ezkerra sozialdemokrazia adabakitsu bat berpiztu nahirik.
Liburu honek, saiakera honek, Miguel De Unamuno XVI. saria irabazi zuen 2015ean, eta 2016an argitaratu da. Baina ez izutu saiakera hitzarekin, liburua ez da analisi politiko, kultural eta ekonomiko bat, ez hori soilik; Ez da saiakera hitzak irudi lezakeen bezain liburu gordin eta irakurtzen zaila, nahiz eta samur horietakoa ere ez den. Liburu probokatzailea ere bada, eta berau egiteko, betiere oin bat Euskal herrian jarrita, sexua, desira, sukaldaritza, ezkontza homosexualak… ere aztertu ditu Michigan State Universityn lan egiten duen gipuzkoarrak.

Egilea: Joseba Gabilondo
Argitaletxea: Erein
Argitalpen-urtea: 2016
Lehen atala helbide honetan duzu irakurgai.

Hona pasarte bat:
Eztabaida ugari dago, geroak zer itxura izango duen erabakitzerakoan. Kritiko ugarirentzat munduaren geroaldi globalak sistema multipolar baten itxura izango du, non Txina, Europarekin eta AEBekin batera, triangelu berri batean sartuko den… […] Estatuak instituzio bezala indarra galtzen duela proposatzen dutenek, aitzitik, sistema bakarra dagoela uste dute, eta beraz, sistema bakar honek bere instituzioak eta klase oligarkikoak indartu ahala, botere global handiagoa izango duela; hauentzat globalizazio bakar eta hegemonikoa legoke.



(88. or)

Aurkezpen-eguneko bideoa:

Globalizazioak eta Erdi Aro berria: Diferentzien itzuleraz. Joseba Gabilondo from Erein argitaletxea on Vimeo.

 

 

Orrialdeak: 142
C2
2016-11-21
16244480
1863