irakurgai-mailakatuak-fitxa
Hauts haietatik
Nobela saritu hau Eibarren dago kokatua, 80ko hamarkadan. Ander gazteak dena dauka bere alde: lana, dirua, maitasuna … Baina, halako batean, gainbeheran eroriko da Ander: droga (hautsa), infernua, psikiatrikoa…
Biziberrituta aterako da esperientzia honetatik, baina iragana eta oraina ulertzeko premia izango du, sentitzen duena idaztekoa, eta Oier, txikitako lagun idazleari, laguntza eskatuko dio.
Anderren antzeko istorio asko izan ziren garai hartan Euskal Herrian , beraz, belaunaldi baten kronika ere bada eleberria. Bertan maiz kanta-zatiak daude, eta Unai Villenak proposatzen du kanta horiek aurkitu eta sarean entzutea, nobelaren giroa hobeto harrapatzeko.
Egilea: Unai Villena
Argitaletxea: Elkar
Argitalpen-urtea: 2016
Hona Ane neska-lagunak zer dioen Anderrez:
Nire lehen mutil-lagun serioa izan zen Ander Arruti. Ez nintzen sekula Arru deitzera ohitu; niretzat beti izan zen Ander. Ni baino hiru urte nagusiagoa zen, begiz jota neukan mukizu bat nintzenetik, eta Ilgorako barraren bestaldetik begiratzen nion, beste askok bezala, institutuko lehenengo mailan, hamalau edo hamabost urte genituela, tabernetan ibiltzen hasi ginenean. Garai hartan Elgoibarrera joaten ginen kuadrillakoak larunbatetan arratsalde-pasa dena libre zen herrian gurasoen begiradapetik urrun geure kasa ibiltzera. Bailara osoko eta urruneko herrietatik etorritako zientoka gaztetxoren artean ibiltzen ginen bertako kale luzeko tabernetan parrandan, gibelak edabe etilikoz zopatu eta mutiletan egiten eta ondo pasatzen.
(120. or)
Liburuaren aurkezpena Igartza Jauregian:
