Franco hil zuten egunak

Bederatzi ipuin hauetako gehienek Franco diktadorea hiltzeko gutxi geratzen zen garaira, 1975era, eramaten dute irakurlea.

Jende xumea da protagonista, giro gogor horretan ekintza umilen bidez bizirik irauten saiatzen dena, duintasunari eusten, eta bide batez, frankismoa zapuzten. Gerra zibileko galtzaileen bandokoak dira, eta langile jendea. Francoren aldeko euskaldunik ere bada tartean, ezagunena agian Paulino Uzkudun boxeolaria. Joseba Elosegi ere ezaguna zen, Francoren aurrean Anoeta frontoian bere burua erre, baina hala ere bizirik atera zen, politikaria. Omen egiten dio Izagirrek liburu honetan politikariaren ekintza hari. Ekintza hori oso mediatikoa izan zen. Beste batzuk ere badira ipuinetan, sotilagoak, adibidez, Anitak propaganda banatzen duenean frankismoaren aurka, edo futbolari batzuek fusilatu batzuen omenez xingola beltza janzten dutenean bezala. Egia esan, futbola askotan aipatzen da liburuan, bazuelako herritarrak biltzeko indarra. Galizia ere asko aipatzen da. Izan ere, Galiziak lotura handia izan du Euskal Herriarekin, eta ez Francorengatik soilik.

Egilea: Koldo Izagirre
Argitaletxea: Susa
Argitalpen-urtea: 2016


Euskadi Irratian elkarrizketa Koldo Izagirrerekin.

Liburua osorik duzu irakurgai helbide honetan.

Hona pasarte bat:
Oihu subertsibo batzuk sumatu genituen aurrena sarrera arrunteko ilaretan, etsi, zoro, garratz, errebote aldetik. Hara egin zuten itzuli ziren harritu ziren frontoiko buru guztiek pilota hipotetiko baten traiektoria jarraituko bailuten, eta gizonezko bat ikusi ahal izan genuen zutik aldarrika une batez, segundo batez, nahiz inork antzekorik sekula gerta zitekeenik eldarnio batean ere begitandu ez genuen, garretan sutu baitzen inguruko ikusleek zarpatik heldu edo Generalisimo Ezinobearen zaintzakoek atxilo zezaten baino lehen, deabruzko agermena izan zen, gorputza sutan ikarazko txorimalo, eta ikara hura frontoi osora hartu zuen izulaborria bihurtu zen bontzo exaltatu hark bere burua amildu zuelarik kantxaraino zeuzkan hogei metro haietan behera garrasika, kantxa jo zuen, kantxa jo zuenean su meta bat bihurtu zen…


(33. or.)




 

Orrialdeak: 247

Interesatzen zaizu



C1
2017-01-31
16170734
1243