Jururú

Espainolek Kuban zapaldu zuten lehen badia da Jururú. Bertako jende xehearen bizimoduan oinarritutako ipuinak idatzi ditu idazleak: zamaltzainak, arrantzale-jendea, koral-biltzaileak, pizza-saltzaileak, kontrabandistak, ostra-lapurrak, edo Floridara ihes egin nahi dutenak… Pertsonak dira protagonista ipuinetan, eta agian horregatik, ia ipuin guztien izenburuan pertsona-izenen bat ageri da.

Iurretako idazle eta margolariak ondo ezagutzen duen jendea da, Jururún bizi izandakoa baita. Liburuak idazlearen beraren margo koloretsuak ditu barrenean, ipuinetako paraje zoragarriak irudikatzen dituztenak. Hala ere, ez pentsa bertakoen bizimodua irudi-multzoa bezain idilikoa denik. Ez horixe! Ez dago liburuan orrialde asko irakurri beharrik horretaz jabetzeko, nahiz umoreak ere zipriztintzen duen istorio bat baino gehiago.

 

 

Egilea: J. E. Urrutia Capeau
Argitaletxea: Pamiela
Argitalpen-urtea: 2015

 

 

 

Hona pasarte bat:
… Peluo hain da gihartsu, non ez baita sobera erratea edozein filmetan Tarzan antzez lezakeela, baita haren oihuak ere. Halatan, bera da Jururúko arraunlaririk hoberena, itsas beherarekin korrontea barnerantz heldu denean, badia erdian iltzaturik gelditzen ez den bakarra. Halaber, uhin bortitzak egonagatik, gai da lau milatara dagoen Golkoraino Dos Bahias motordun txalupa eramateko, bai eta, arrantza bildurik, urrun hartatik ekartzeko ere!


(31. or.)


•    (Pasarte honetan Peluok noren antza duen esaten da, eta zertan den trebea. Zuk noren antza duzu? Zertan zara trebea? Idatziko lauzpabost lerro?).

Orrialdeak: 139
C2
2015-05-05
16166121
1958