HABEKO MIK fitxa
Atsotitzak: euskararen altxorra
Euskararen ahozko tradizioa oparoa da. Bertsolaritza izango da ziurrenik tradizio horren adierazpenik ezagunenetarikoa, baina ez bakarra, atsotitzak ere sailkapen horretan koka daitezke-eta. Hain zuzen, atsotitzen jatorria eta erabilera aztertuko ditugu besteren artean.Atsotitzak edo esaera zaharrak gure hizkuntzaren altxorra dira. Ahozko hizkeran dute jatorria eta herrietako bizipenen lekuko izaten dira. Zergatik esaten zaie atsotitz edota esaera zahar? atsoen (edo agureen) esanei erreferentzia egiten dietelako; hau da, urteek emandako jakituria eta eskarmentuagatik gure arbasoek erabiltzen zituzten esaera zaharrak dira.
Herri baten filosofiaren bilduma direla ere esan izan da, herria ulertzen laguntzen dutela. Atsotitzek euskal gizartea deskribatzen dute, gogoeta filosofikoak jasotzen dituzte edota gure ohiturak eta sinesmenak dituzte hizpide. Finean, antzinako usteak, jokamoldeak eta tradizioak ezagutzeko bitartekari apartak dira.

Atsotitz batzuk naturako fenomenoekin dute zerikusia. Argazkia: Pixnio, moldatua
Fenomeno unibertsala dira atsotitzak, hizkuntza bakoitzaren gatza eta piperra. Etengabe aldatzen eta berritzen ari dira, egoera sozial berrietara egokituz. Garaian garaiko ikuspegia ematen dute eta horregatik galtzen dute atsotitz batzuek gaurkotasuna; gizarte jakin bateko bizimoduarekin oso lotuta daudelako.
Jatorria eta erabilera
Atsotitzak herriak sortutakoak dira eta, askotan, bere jatorria aurkitzea zaila da, gehienak anonimoak direlako. Adituen hitzetan, idatziz jasotako lehen atsotitzek ahozko literaturan dute jatorria. Esperientzian oinarriturik emandako aholkuak dira, eta, irakasbide direnez, antzinako zibilizazio guztiek dituzte.
Maitasuna, afektibitatea, adiskidetasuna, bertuteak, bizioak, harreman sozialak, lege-kontuak, diru-kontuak, eta abar adierazteko erabiltzen dira atsotitzak. Baina baita ere aholkuak emateko, konparatzeko, argudioak emateko, kritika soziala egiteko, iritziak leuntzeko edota irakasteko. Sarritan, helburu didaktikoa dute eta gogoetarako bide ematen dute.

Adiskide onekin, orduak labur atsotitzaren azalpena: Argazkia: Jackie Lou Dl (Pixabay), moldatua.
Errima, aliterazioa eta hitz-jokoez osatutako esaerak dira, metaforikoak eta umore ukitukoak. Atsotitzen ezaugarriak kontuan hartuta, azpiko sailkapena egin dugu.
● Izaerak eta jokamoldeak adierazteko atsotitzak: “A zer parea, karakola eta barea”; “Ezer ez duena, emateko prest”.
● Aholkuak, desirak eta baloreak adierazteko: “Gezurtiak zer duen merezi? Egia esatean ez sinetsi”; “Gaizki esanak barkatu, eta ondo esanak gogoan hartu”.
● Heziketaren ingurukoak: “Etxean ikusia, umeak ikasia”; “Bakoitzari berea, eta beti adiskide”.
● Lanaren ingurukoak: “Lan lasterra, lan alferra”; “Nahi bada jan, egin behar da lan”.
● Naturako gertakizunak: “Goiz gorri, arrats euri”; “Urte berri, asmo berri”.
● Adiskidetasuna/afektibitatea adierazteko: “Adiskide onekin, orduak labur”; “Gaur hitza eman, bihar haizeak eraman”.
● Ohiko gertakizunak eta esperientziak adierazteko: “Barrika txarretik, ardo on gutxi”; “Arrain handiak jaten du txikia”.
Atsotitz-lehiaketa
Urteak joan urteak etorri, kalean gero eta gutxiago entzuten dira euskal atsotitzak, batez ere gazteen artean. Haiek berreskuratzeko asmoz, Iberba Euskara Zerbitzuak enpresak eta Oskia Karrera argazki estudioak atsotitz-lehiaketa antolatu dute.

Atsotitz-lehiaketako kartela. Argazkia: Iberba
Atsotitz bat aukeratu eta irudi batean txertatuta e-posta bidez bidali behar zuten parte-hartzaileek. Bozketa fasea amaituta, irabazlea nor den otsailean zehar jakinaraziko dute antolatzaileek. Patxi Alañak, Iberbako kide eta lehiaketako antolatzaileetako batek, hala adierazi digu. Lehiaketa hiru hilean behin antolatzeko asmoa ere azaldu du.
Atsotitz lehiaketaren nondik norakoak galdetuta, galtzen ari den tradizioa berreskuratzeko ahalegina dela aipatu digu Alañak. “Atsotitzak berreskuratu nahi ditugu gure kulturaren sena, filosofia eta zantzuak gordetzen dituztelako, euskal kulturaren osagai garrantzitsuak direlako eta gure herriaren gakoak ematen dituztelako”.
Baina ez da helburu bakarra. “Atsotitz berriak sortzeko bidea zabaldu nahi dugu gaur egungo bizimoduak sortzen dituen egoera berriei erantzuteko”, azaldu du. Izan ere, bere iritziz, atsotitzek “fresko eta bizirik mantentzen dute euskara, euskara aberasteko berebiziko altxorra eskaintzen dute”.

Lehiaketan parte hartzeko atsotitz bat aukeratu eta irudi batean txertatu behar da. Argazkia: Pixnio, moldatua
Patxi Alañak jakinarazi duenez, gaur egun, 14.000 atsotitz baino gehiago daude. “Gotzon Garatek liburu batean jaso zituen. Gure erronka atsotitz horien erabilera areagotu eta ondorengoei transmititzea da”. Bere iritziz, “esamolde oso politak dira atsotitzak, “bizitzako pasarte bat laburtzeko ere balio dutenak; egoerak baldintzatzen du atsotitz bat edo beste bat erabiltzea”.
Horixe bera eskatu diogu erreportajea amaitzeko, 2020. urtea laburtuko duen atsotitza aukeratzea. Ez du askorik pentsatu behar izan: “Ez dago gaitzik on ez dakarrenik. Ea pandemiak utzitako gaitz hauen guztien artean gauza onak ateratzen ditugun”.
