Dokuteka
Iragarlea, ez igarlea
Pentsatu duzu, inoiz, zein izan ote den eguraldiaren berri ematen diguten pertsonen ibilbide akademiko eta profesionala? Andoni Aizpuruk berea kontatu digu.
Andoni Aizpuru ETB1eko aurpegi ezagunenetako bat da (Gabiria, 1964). Hainbat urte igaro zituen euskara irakasten, eta 1992an ikus-entzunezkoen mundura egin zuen jauzi. Saio ugari aurkeztu eta zuzendu ditu harrezkeroztik; ETB1eko Euskadi zuzenean, Bertatik Bertara eta Barnetegia, besteak beste. Gaur egun, ETB1en eguraldi iragarle dabil Aizpuru, eta esan du 32 urteren ondotik jardun horretan amaitu nahi duela ibilbide profesionala.
Gabiria herri txikia izanik, askotariko adinetako haurrak ibiliko zineten elkarrekin, ezta?
Bai. Denok elkarrekin jolasten ginen. Herriko eskolan, maisu bera genuen 5 urte genituenetik 14 bete arte, eta neskak eta mutilak bereizi egiten gintuzten. Gogoan dut berrogei bat mutil egoten ginela gelan. Oso eskola berezia izan zen Gabiriakoa. Gero ikastolara joan nintzen, Urretxura; ondoren, institutura, eta azkenik, Donostiara, Irakasle Ikasketak egitera.
Zertan aritu zinen lanean telebistan hasi aurretik?
1980-1982 artean, euskara klaseak ematen hasi nintzen euskaltegian. Garai hartan jende asko hasi zen euskara ikasten, eta irakasle beharra zegoen. Nik ordurako banuen Euskaltzaindiaren B titulua, eta Donostian euskara klase batzuk ere ematen nituen. Irakasle Ikasketak bukatu berritan hasi nintzen euskara irakasten. Zazpi edo zortzi bat urte egin nituen horretan, EITBra etorri aurretik.
Nola sortu zitzaizun ETB1en lan egiteko aukera?
Irakasle Ikasketetako tesina Urbia eta Oltzeko artzaintzari buruz egin nuen, eta, horretan pixka bat sakondu ostean, Gerriko Saria idazlan lehiaketara aurkeztu nintzen. Nire lanak bigarren saria irabazi zuen, eta uste dut hori izan nuela telebistan sartzeko atea.
Eta handik aurrera, zer?
Kolaborazioak egiten hasi nintzen hainbat komunikabidetan; natur kontuak eta etnografikoak jorratzen, batez ere. ETB1en eguraldi igarle baten bila zebiltzan, eta, dirudienez, egiten nituen kolaborazioen berri izan zuten. Castinga egitera animatu nintzen, eta, antza, nire soslaia gustatu zitzaien. 1992an hasi nintzen.
Gaur arte.
Bai. Orduan postu egonkor bat nuen Errenteriako udal euskaltegian, eta zuzendariorde ere banintzen han. ETBn proba egitea erabaki nuen, euskaltegian urtebeterako lanuztea hartuta. ETBn aurkezle lanetan hasi nintzenean, proposatu zidaten telebistako beste saio txiki batzuk ere aurkeztea, eta, azkenean, euskaltegiko lana utzi eta telebistan geratzea erabaki nuen. 32 urte daramatzat horretan.
Nolakoa da zure lanegun bat?
Astelehenetik ostiralera egiten dut lan ETB1en. Eguerdian etortzen naiz Bilboko egoitzara, eta eguerdiko eta gaueko eguraldi iragarpenak ematen ditut. Nahiz eta kamera aurrean ni bakarrik agertzen naizen, atzetik talde handi bat dago meteorologia eta errealizazio lanetan. Guk meteorologoek eta koordinatzaileek prestatutako prebisioak ikusten ditugu, eta gero bilera bat egiten dugu dena bateratzeko.
Zer da lan horretatik gehien gustatzen zaizuna?
Eguraldiaren ziurgabetasuna da nire lanbidetik gehien gustatzen zaidana. Inork ezin du kontrolatu zer eguraldi egingo duen, eta uste dut horrek xarma berezia daukala.
(moldatua)
Irudia: EITB
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Eguraldiaren ziurgabetasuna. Inoiz ezin jakitea ziur zer eguraldi egingo duen. |
