detalle dokuteka-generico-fitxa

Jaio. Kirola. Hil

Berri Txarrak musika-taldea musikarako jaio omen zen, abestiaren arabera; gurasoak, ordea, seme-alaben kirolerako jaio direla ematen du.

Abuztuaren erdian hasi zen eskubaloira entrenatzen seme zaharrena; irailetik aurrera, astean lau entrenamendu ditu (hiru tekniko, bat fisikoa) eta asteburuetan partida. 15 urte ditu. Erdikoak, eskola-kirolaz gain, futbola eta eskubaloia. 9 urte ditu. Etxeko agendan, leku gehiena baloiek hartzen dute. Kirolak osasuna eta lagunartea ematen dizkie, hala da hori, asko da hori. Eta prestigioa. 

Baina kirolak zentralitate handiegia du: kirolak denbora kolonizatzen du eta jolas librea ordezkatzen. Sormen autonomoa gutxitzen, errendimendura bideratutako entrenamendu exijenteekin. Haurrak infantil, alebin eta kadete bihurtu dira, eta haur izateari utzi diote. Ahaztu egin zaigu irabazi eta galdu gabe ere pasa daitekeela arratsalde bat, asteburu bat, jolas-ordu bat. Bizitza bat. 

Irudikatu abuztuan hasita, astean lau bertso-entrenamendu, eta, asteburuetan, bertso-saio bat izango lukeen gazte bat. Gazte bat bere potentzialitate eta aukera guztiekin hitzak sortzera emana. Irudikatu astean lau aldiz dantzan aritu, eta, asteburuetan, dantzarako erromerian elkartuko litzatekeen herri bat. Irudikatu astean lau aldiz marraztera edo musikara askatuko litzatekeen herri bat. Beste doinu batean kantatuko genuke. Edo are, kantatu egingo genuke. 

Normalizatu egin dugu kirolak baldintzatzea gure asteburuak: lehenengoa da kirola, eta, horren arabera, antolatzen ditugu familia-planak, kultura-planak, mendi-bueltak. Normalizatu egin dugu kirolak baldintzatzea herri-planak: kontuz lehen mailako futbol-talderen batekin kointziditzen badu manifestazio edo kultura-ekitaldi batek. 

Badakit ez zaiela lanik falta; egutegian ez dute egun libre askorik aurkituko. Baina, lerro hauen bidez, Nazio Batuen Erakundeari otoitz egiten diot izendatu dezaten egun bat, bakarra bada ere, kirol-jarduerarik gabekoa, autorik gabeko eguna edo kerik gabeko eguna izendatzen den bezala. Amen. 

Egilea: Imanol Epelde Pagola

(moldatua)

Irudia: chatGPT

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Infantil, alebin (kimu) eta kadete. Kirol-kategoriak, kirolariaren adinaren araberakoak. 
Hitzak sortzera emana. Buru-belarri ari dena hitzak sortzen. 
Edo are. Hori baino gehiago. 

 

detalle2

Dokuteka

C1
2025-12-04

x61pRelaContWAR

38793164

x61pViewCountWAR

1022

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR