Dokuteka
Algoritmoak: gardentasuna eskubide
Espainiako Auzitegi Gorenak epai aitzindari bat argitaratu du, erakunde publikoak gardentasunez jokatzera behartzen dituena, baita algoritmoei dagokienez ere.
Elkarrizketa osorik entzun dezakezu GUAU plataforman.
Irudia: Domeinu publikoan (Pxhere)
Esataria 1. Bederatziak eta laurden dira. Algoritmoek erabakitzen dute gaurko munduan, neurri handi batean. Erabakitzen dute, adibidez, zenbat ordaindu behar dugun hotel-gau baten truke, zer ikusi behar dugun telebistan, eta erabakitzen dute, are, Jone Larrañaga, zer gustatzen zaigun. Hori arlo pribatuan, baina arlo publikoan ere erabaki asko hartzen ari dira algoritmoen bidez.
Esataria 2. Gero eta gehiago. Gero eta gehiago hartzen dira erabakiak modu automatizatuan. Herritarron datuak baliatu eta algoritmoari aginduak emanda erabakitzen dituzte gobernuek, esate baterako, zein herritarrei dagozkien laguntza jakin batzuk eta zeini ez. Espainiako Gobernuak hala erabakitzen du, adibidez, nori eman argindarra merkeago izateko bonu soziala. Bosco izena duen iturburu-kode bat baliatzen du. Orain arte Gobernuak segurtasunaren izenean erabat itxita izan duen sistema da kode hori, Bosco izena duena, baina Auzitegi Gorenak emandako epai ai(n)tzindari batek kodea zabaltzera behartu du Espainiako Gobernua.
Esataria 1. Itziar Alkorta, egun on.
Itziar Alkorta. Egun on.
Esataria 1. Epai garrantzitsua da, eta jurisprudentzia ezartzen duena, gainera.
Itziar Alkorta. Epai garrantzitsua eta hemendik aurrera administrazio guzti-guztiek kontuan hartu beharko dutena, bai.
Esataria 1. Erakunde publikoen gardentasunaren alde lanean ari den talde batek bultzatu du aldaketa hau, ezta, Jone?
Esataria 2. Bai, Civio izena duen kazetari eta ekintzaile taldeak. 2018an abiatu zuten auzibidea. Talde horrek Trantsizio Ekologikorako Ministeriora eskatu zuen, egin zuen eskaria, Bosco sistemarako sarbidea eskatuz. Erakutsi zuelako bonorako eskubidea zuten herritar askori ukatu egin zitzaiela eskaria. Espainiako Gobernuak, lehen kolpean, ezetz; agiri teknikoak eta proben emaitzak bai, baina iturburu koderako sarbiderik ez zuela emango erantzun zuen. Epaitegietan ere, egiletza intelektuala eta segurtasun-arrazoiak argudiatu zituen gobernuak, eta bi sententziatan ezezkoa eman zioten eskatzaile horri, Civio ekintzaile-taldeari. Baina Gorenera jota lortu dute, orain bai, euren aldeko epaia: administrazioak (administrazioek) erabiltzen dituzten programa eta algoritmoak ezagutzea eskubide demokratikoa dela ebatzi du Auzitegi Gorenak.
Esataria 1. Beraz, Auzitegi Gorenak agindua eman die administrazioei Bosco izena duen iturburu-kode baten sarbidea emateko hala eskatzen duenari. Epai honek, Itziar, administrazio guztiak hartzen ditu, edo administrazio guztiei eragiten die, edo soilik Bosco izena duen kode honetara mugatzen da.
Itziar Alkorta. Administrazio guzti-guztiei eragiten die, bai administrazio lokalari, administrazio autonomikoei eta estatu mailako administrazioari. Eta, gainera, ez da bakarrik izango eskatzen duenari emango zaiona, baizik eta obligazio berri bat sortu da administrazioak kodeak publiko egiteko.
Esataria 1. Beraz, kodeek aurrerantzean publiko izan beharko dute. Gorenaren arabera, eskubide demokratikoa da administrazioak zein iturburu-kode erabiltzen duten jakitea, eta horiek nola funtzionatzen duten ere, horren berri ematea.
Itziar Alkorta. Hori da. Orain arte, administrazioak legez obligazioa zeukan berak hartutako erabakiak gardentasunez hartzeko, eta guztiok eskubidea genuen erabaki horiek nola hartu dituen jakiteko. Legeak daude gardentasun hori bermatzen dutenak. Orain zer gertatu da? Ba, administrazioak, esan dugu, gero eta erabaki gehiago hartzen dituela modu automatizatu batean; makinek hartzen dituzte erabakiak, gizakiaren parte-hartzerik gabe. Eta Auzitegi Gorenak erabaki duena da erabaki-hartze automatizatu horiek nola funtzionatzen duten, kodea, alegia, guztiok ezagutu behar dugula, hori ere gardentasun eskubidearen parte bat dela.
Esataria 2. Teknologia gero eta aurreratuagoa, gero eta herritarrentzako konplexuagoa, eta, beraz, ikusi du berme demokratiko hori galtzeko arriskua dagoela.
Itziar Alkorta. Hain zuzen, administrazioak derrigor, eta hori da legeek esaten dutena, Gardentasun-legeak esaten duena, beraien (beraren) erabakiak azaldu behar dituzte (ditu), eta herritarrok erabaki horiek kontrolatzeko eta horien aurka egiteko eskubidea izan behar du, konforme ez bagaude. Baina nola egingo dugu administrazioaren kontrola eta erabaki horien aurkaratzea, ez baldin badakigu zein logika erabili den erabaki horiek hartzeko? Horregatik da oso inportantea epaia, zalantzak egon zitezkeelako, hainbat arrazoigatik, kode horrek publikoa izan behar ote zuen ala ez, eta Auzitegi Gorenak ebatzi du, oso argi, kode horiek publiko izan behar dutela.
