detalle dokuteka-generico-fitxa

Antropozenoa, izen bat baino gehiago

Gure garaia izendatzeko borrokan ari gara: hitz bakar batek geure arrasto sakona agerian jar dezake, edo, agian, ezkutatu. Zer kontatuko dute etorkizuneko harriek?

Ofizialki, ez zaio antropozeno deituko bizi dugun garai honi. Hala erabaki zuen duela hilabete pasatxo Kuaternarioko Estratigrafia Azpibatzordeak. Hortaz, Holozenoan jarraitzen dugu, azken 11.784 urteetan bezala. 

Izango da sailkapen geologikoa hutsala irudituko zaionik; azken finean, izen-kontua baino ez da. Baina, «izena duena bada» esaera aintzat hartuz gero, auziak badu funtsa. Izan ere, sailkapen horretan, planetaren historia geologikoan arrastoa utzi duten fenomenoak bereizten dituzte, denbora-tarteak zehaztuta. Arrasto batzuk besteak baino esanguratsuagoak dira, eta, beraz, denbora-tarte handiagoen barruan, beste txikiago batzuk daude. Holozenoa, esaterako, garai bat da, eta Kuaternario periodoaren barruan dago; eta Kuaternarioa, Zenozoikoa izeneko aroan. Bestalde, Pleistozenoa bukatu zenean hasi zen Holozenoa, hau da, glaziazioa amaitu zenean. Izotza urtzean, itsas maila igo egin zen, eta horiek dira Holozenoaren ezaugarri nagusietakoak, gure espeziea ugaritzearekin batera. 

Eta, hain zuzen, gure espeziea Lurrean uzten ari den arrastoa hain da handia batzuen ustez, beste garai bat izendatzea proposatu baitute, Antropozeno izenekoa (antrophos gizaki da grezieraz, eta kainos, berri). Paul Crutzen kimikako Nobel saridunak erabili zuen lehen aldiz 2000. urtean, eta, geroztik, zientzialari askok euren egin dute, errealitatera ondo egokitzen delakoan ez ezik, baita gure jarduerak zenbaterainoko inpaktua duen adierazteko eta ohartarazteko aproposa delakoan ere. Hala, 2008an, nazioarteko talde batek izendapena ofizial bihurtzeko eskatu zion Nazioarteko Estratigrafia Batzordeari. Hamabost urte geroago, erabakia ezezkoa izan da. Baina eztabaida ez da amaitu. 

Izan ere, batzordeko kideek ez dute ukatzen gizakia arrasto nabarmena uzten ari denik Lurrean. Ez dute argi, ordea, garai baten amaiera eta berri baten hasiera markatzeko nahikoa denik. Batetik, aipatu dute gure espeziearen eragina ez dela aldi berean gertatu Lurreko leku guztietan. 

Bestetik, izendatzekotan, noiz hasi zen erabaki behar da, eta hasiera hori markatzen duen ebidentzia bat aurkeztu behar da. Proposamenean, Holozenoaren eta Antropozenoaren arteko muga bereizteko, Kanadako Crawford lakuaren hondoko sedimentuetako geruza bat aukeratu zuten. Izan ere, geruza horrek mikroplastikoak, erregai fosilen errautsak, eta leherketa nuklearrek askatutako plutonioa ditu; denak ere, giza jardueraren inpaktuaren adierazle garbiak. Azpibatzordeko kideek, ordea, ez dute ontzat jo. Eman dituzten arrazoien artean, hau: Antropozenotik kanpo geratuko lirateke hori baino lehenagoko beste gertakari esanguratsu batzuk, planetan eragin nabarmena izan duten arren; esaterako, nekazaritzaren agerpena. 

Proposamena aurkeztu zutenak eta beste hainbat zientzialari ez datoz bat arrazoi horiekin, jakina. Haien arabera, gizakia gauetik goizera desagertuko balitz ere, atmosferan eta biosferan luze iraungo lukete eragindako aldaketek. Eta ez dute zalantzarik horrek beste garai batean gaudela adierazten duela. Eztabaida ez da eten, beraz; ezta planeta eraldatzen ari diren jarduerak ere. 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Hutsala iruditu. Garrantzi gutxikoa dela uste izan. 

Auziak badu funtsa. Gaiak, aferak, eztabaidak mamia, zer esana du. 

Euren egiten dute. Zerbaitekin ados egotea edo bat egitea. 

Sedimentuetako geruza. Pilatzen diren hondarrek, milioika urte ondoren, sortzen duten lerro bakoitza. 

 


x61pRelaContWAR

detalle2

Dokuteka

C1
2025-10-27

x61pRelaContWAR

38449771

x61pViewCountWAR

528

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR