detalle dokuteka-generico-fitxa

Badakizu zer ezkutatzen duen zure mugikorrak?

Ba al dakizu non egina den zure telefono mugikorra? Non ekoitzia den laneko ordenagailua? Eta nondik datozen tresna horiek sortzeko osagaiak?


​​​​Gaur egun, etengabe erabiltzen ditugu gailu teknologikoak; gailu horiek euren lana ondo bete dezaten, hainbat mineral behar ditugu, eta mineral horiek herrialde pobretuetatik etortzen dira. Egoera hori gatazka-iturri da. Alboan GKE erakundeak arazo horri aurre egiteko sorturiko kanpaina baten ingurumarian, Vanessa Sanchez ETBko kazetariak bere laguntza eman du.  

 

Irudia: Alboan GKE

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Grina kontsumista. Kontsumitzeko irrika, kontrolik gabeko zaletasuna, gogo handia.
Sasi-zergak kobratzen dituzte. Legez kanpoko zergak.
Galdategiak. Mineralak urtzen diren tokia, fundizioa.
Mineralen aztarnari jarraitu. Uzten duten arrastoari, zantzuari jarraitzea.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Kaixo! Vanessa Sánchez naiz, ETBko kazetari eta aurkezlea. Gaur, ALBOAN Gobernuz Kanpoko Erakundearen azken kanpainaz mintzatzera natorkizue: “Zeure mugikorrak ezkutatzen duena”.

Nire lanbidea dela-eta, gatazka armatu ugari ezagutu ditut, baina ez dut inoiz ikusi Kongoko ekialdekoa bezalako tragediarik. 2. Mundu Gerraz geroztik, hau da hildako gehien eragin dituen gatazka: 5.000.000 lagun hildako. Eta han indarkeria munduko edozein bazterretan baino okerragoa da. Eta emakumea bazara, Kongo da munduko lekurik txarrena bizitzeko; izan ere, sexu-indarkeria maila altuena dauka: urtero, 100.000 emakume bortxatzen dituzte han. Eta askok ez dakitena da Kongo ekialdeko indarkeriaren artean eta gure grina kontsumistaren artean zuzeneko lotura dagoela: zeure telefono mugikorra.

Gailu elektroniko gehienek dituzte, hein handi batean, Kongotik ekartzen diren lau mineral hauek: urrea eta ingelesez “hiru T-ak” deritzotenak; hots, tantalioa, eztainua eta wolframa. Tantalioak elektrizitatea metatzen du zure mugikorrean soinua egin dezan. Bibrazioa, berriz, wolframak eragiten du. Eztainua, bestalde, zirkuituak soldatzeko erabiltzen da. Eta urreak, azkenik, kableak estaltzen ditu.

Talde armatuek 5.000.000 $ irabazten dute, urtean, mineral horiek salduz. Ezetz asmatu zer erosten duten talde armatuek diru horrekin? Horrexegatik deitzen diegu, hain justu ere, “gatazka-mineralak”. Bide luzea egiten dute mineral hauek meategitik zure mugikorreraino. Kongoko ekialdean talde armatuek kontrolatzen dituzte meategiak, kontrabando-bideak, eta sasi-zergak kobratzen dituzte. Ondoko herriekiko mugetatik ateratzen dituzte mineralak kontrabandoan. Handik, berriz, Afrikatik kanpora bidaltzen dituzte, Asiara, non Thailandia, Malaysia, Txina eta Indiako galdategietan fintzen dituzten mineralok. Galdategi horietan munduko beste leku batzuetatik eramandako mineralekin nahasten dira Kongokoak. Eta, hori dela-eta, oso zaila da, baina ez ezinezkoa, puntu horretatik aurrera haien aztarnari jarraitzea.

Tantalioa, eztainua, wolframa eta urrea denok ezagutzen eta estimatzen ditugun produktu teknologikoetako osagai bihurtzen dira: telefono mugikor, ordenagailu eramangarri, tableta, bideokontsola eta kamera digitaletako osagai, alegia. Gailu horien bizitza baliagarria amaitzean, Afrikara edo Asiara bidaltzen dituzte haietako asko, jokabide hori debekatuta egon arren. 2. eskuko merkaturako produktuak balira bezala bidaltzen dituzte, baina zabortegietan bukatzen dute, hemendik oso urrun; eta gailu horiek eragiten duten kutsadura eta ingurumen-hondamenak, berriz, are laburrago egiten dute hango herritarren bizitza, eta suntsitu egiten dituzte euren baliabideak. Kongoko miliziak eta talde armatuak boterea nork eskuratuko borrokatzen dira elkarrekin (elkarren aurka), baina biztanleria zibila izutzeko eta zigortzeko ere erabiltzen dute indarkeria. 2013an, adibidez, 1.000.000 lagunek alde egin behar izan zuten beren etxeetatik, gerratik eta indarkeria-girotik ihesi. Horra zeure mugikorrak ezkutatzen dituen berri txarrak.

Baina berri onak ere baditugu, indarkeria amaiarazteko ahalmena daukagulako. Gatazkekin harremanik ez duten produktu teknologikoak eskatu behar ditugu. Gure enpresei eta gure politikariei esan behar diegu gatazkarik gabeko teknologia nahi dugula. Sartu webgune honetara (www.gatazkarikgabekoteknologia.org), eta utzi zure helbide elektronikoa kanpainaren alde egiteko. Gehiago ikasi, ezagutza partekatu eta izan ekintzaile. Eman ezazu zure mugikor zaharra Kongoren alde, edo babestu diruz Kongoko errefuxiatuen aldeko proiektuak. Kongoko ekialdean 5.000.000 lagunetik gora hil dira dagoeneko. Bada garaia sarraski hori geldiarazteko. Denok lagundu dezakegu Kongoko gerra geldiarazten. Orain zure txanda da.

detalle2

C1
2025-09-18

x61pRelaContWAR

31854953
00:05:29

x61pViewCountWAR

872

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR