Ez gara espezie adimendun bakarra
Beti pentsatu izan dugu, edo pentsarazi digute, geu bakarrik garela gai burua erabiltzeko, horrela lortu dugula eboluzioaren maila gorenera heltzea; baina izango ote dute animaliek ere garuna erabiltzeko gaitasuna?
Ikuspegi antropozentrikotik, giza adimenak ez du parekorik. Alabaina, beste espezie batzuek ere adimen handia dute: olagarroek, elefanteek, beleek, inurriek… Kontu horiei buruz aritu dira Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileak Uhin ultramoreak podcastean.
Audioa osorik entzun nahi izanez gero, hemen klikatu.
Irudia: adimen artifizial bidez sortutako irudia.
HIZTEGI LAGUNGARRIA Bizidun adimenduna. Ulertzeko eta ikasteko gaitasuna duen biziduna. |
Esataria 1. Itsasora etorri gara bizidun adimendunen bila. Izan ere, gizakiarenaz bestelako adimenak badirela esan dugu hasieran, eta olagarroak aipatu ditugu. Eta zergatik olagarroak?
Esataria 2. Ba, horrexegatik, garbi erakusten dutelako beste era bateko adimena dutela. Hasteko, bostehun milioi neurona dituzte, txakur batek adina; baina kontua da neurona horietako gehienak, garunean izan beharrean, garroetan banatuta dituztela.
Esataria 1. A, bai, e?
Esataria 2. Bai, horregatik esaten da garun bat (eduki) beharrean bederatzi dituztela, egin kontu! Eta garro bakoitzeko bentosa bakoitzak 10.000 neurona ere izan ditzake. Neurona horiek dastamena eta ukimena pertzibitzeaz (hautemateaz) arduratzen dira. Orduan, pentsa zenbat informazio jasotzen duen olagarroak aldi berean garro bakoitzetik, eta zer konplexu eta zaila izan behar duen hori guztia bateratzeak eta koordinatzeak.
Esataria 1. Aizu, ba, informazio hori oso aztoragarria da guri bezala olagarroa jatea gustatzen bazaizu, ezta, Ana? Txakur batek adina neurona dauzka.
Esataria 2. Ez gogorarazi, horrela, jendeari bestela… Bueno, ariketak egiten ikasteko gai dira, e! Ze, adibidez, sardina-lata bat irekitzea lortu izan dute, palanka baten bidez; eta pertsonak ezagutzeko ahalmena ere badute. Hor bada anekdota bat oso polita: Zeelanda Berriko laborategi batean, olagarroetako batek ez zuen batere gogoko ikertzaileetako bat, begiz jota (begitan hartuta) zeukan, eta hura parean jartzen zitzaionean, ur-zurrusta botatzen zion garondora. Eta oraindikan (oraindik) ere gauza pila bat dituzte zientzialariek ikasteko olagarroaren adimenari buruz, eta normala da, ze, esan bezala, konektatutako bederatzi garun izango balituzte bezala baita.
Esataria 1. Ba, beste animalia batzuetatik gehien harritzen gaituena ez da gugandik zeinen desberdinak diren, baizik eta justu kontrakoa: ze antzekoak diren. Eta elefanteak dira horren adibide. Esaterako, harrigarria egiten zaigu hildakoekin duten harremana; izan ere, dakigula neandertalak eta sapiensak alde batera utzita, hileta-errituak dituzten animalia bakarrak elefanteak dira. Adibidez, beren kide bat hiltzen denean, mina adierazten dute eta hilobi moduko bat egiten dute, adarrez eta lurrez estalita. Eta pertsonekin ere erakutsi izan dituzte antzeko jokabideak; adibidez, ba, zauritutako pertsonak zaindu izan dituzte, eta pertsonen gorpuak ere hobiratu dituzte. Hau ikaragarria da, ezta? Eta baita ere oso ezaguna da memoria ona dutela, “elefante-memoria”, ezta? Eta gai dira beraienak ez diren komunikazio-moduak ikasteko eta erabiltzeko. Tresnak manipulatzen dituzte, tronpaz baliatuta, eta musika eta melodia desberdinak bereizten dituzte. Azkenengo gauza bat esango dizut, nahiko flipantea (txundigarria): Afrikako elefante emeek boraginazeo zuhaitzaren hostoak murtxikatzen ikusi izan dituzte, ba, erditzea bultzatzeko. Eta Kenyako emakumeek ere berdina egiten dute, landare hori bera erabiltzen dute helburu berberarekin.
Esataria 2.Total (Beraz), guri iruditzen zaigula kristorenak garela, ez dagoela gure parekorik, baina elefanteak ez dira gugandik hain desberdinak, edo gu ez gara elefanteetatik oso desberdinak.