Hiritarrak nekazari
Azken urteetan, hiriko ortu asko sortu dira. Adituen arabera, halako baratzeek hiriaren eta landa eremuaren arteko distantzia txikitzeko balio dute, baita naturaren eta izaki bizidunen zaintza bultzatzeko ere.
Hiriko baratzeei buruz ari da Amaia Igartua Aristondo, Berrian argitaratutako erreportajean. Hona testuaren pasarte bat:
Jada hirietan bizi dira biztanle gehienak, eta hiritarrak elikatzeko erabiltzen dira baliabide gehienak ere. Paradoxikoki, ordea, ez dute izaten etengabeko hornidura hori bermatzeko behar den prozesuaren berri: hiritarrak ez du zertan jakin eskuan kabitzen den lur zati batean milioika izaki bizidun daudela, edo letxuga bat landatu eta hilabete eta erdira jasoko dela uzta; izan ere, elikagaia supermerkatuko apaletara ailegatuko da berdin-berdin. «Gaur egun, uste dugu zapaltzen dugun zerbait baino ez dela lurra, eta ez gara konturatzen zer-nolako bizitza aberatsa daukan», nabarmendu du Igone Palacios EHUko Garapen Iraunkor eta Ingurumen Hezkuntzako Unesco Katedrako kideak. Izan ere, hirien hedapenak ingurutik egotzi ditu nekazaritza eremuak, eta prozesu horrek lurrari buruzko kontzientzia galtzea ere eragin du. Atzera egiteko bulkada badago, dena den: azken urteetan, Bizkaian nabarmen ugaritu dira hiriko ortuak.
Palaciosen arabera, egun oso aldenduta daude nekazaritza esparrua eta hiriak, eta horiek hurbiltzeko modua izan daitezke hiriko ortuak, besteak beste. «Agian, denok ezin gara nekazari izan, edo ez dugu nahi, baina mundu hori ezagutzea beharrezkoa da». Inportantea da, batetik, alde ekologikotik, hormigoiz jositako hiriaren biodibertsitateari ortu batek egin diezaiokeen ekarpenagatik; eta, bestetik, alde sozialari ere erreparatuta, «balio hezitzaile oso garrantzitsua» duen egitasmo bat delako. «Hiriko ortuek hiritarren kontzientzia eraldatzeko ere diseinatuak izan behar dute».
Funtsezkoa da, hortaz, ortua egoki kudeatzea, eta kontzientzia eta filosofia jakin batekin lotzea, Palaciosen ustez. Esaterako, nitratoak eta sulfatoak erabiltzen badira, substantzia horiek uretara joango dira agian azkenean, eta eutrofizazio arazo bat sortu; mesedea baino gehiago, kaltea egingo luke horrek. Eta, orobat, lurraren ustiaketak orekatua izan behar du: beti ezin da hartu, tarteka itzuli beharra ere badago. Hala, formakuntzari oinarrizko deritzo EHUko ikerlariak. Eta helduentzat ere aberasgarria den arren, haurrengan ipini du arreta, bereziki: txikitatik naturarekin lotura edukiz gero, errazagoa baita ulertzea norberaren bizitzarako garrantzitsua dela eta zaindu beharra dagoela, Palaciosen esanetan. Soroetan, gainera, mikroekosistemak sor daitezke, bestelako elementu batzuk txertatuz: intsektuen hotel bat, urmael txiki bat, izpiliku gune bat tximeletak bertaratu daitezen...
Esaterako, ornogabeek duten garrantziaz jabetzeko balio dezake ortu batek. Desagertzen ari dira, eta, askori nazka eragiten dieten arren, ezinbestekoak dira ongizaterako, Palaciosek azpimarratu duenez. «Batzuek polinizazioa egiten dute; beste batzuek, lurraren emankortasuna handitu... Baina ez ditugu ezagutzen, ezagutzen ez duguna ez dugu maitatzen, eta maitatzen ez duguna ez dugu zaintzen». Soka bat da, edozelan ere. «Lurrari balioa ematen badiogu, beste espazio asko zaintzeko ardura ere hartuko dugu».
Artikulua osorik irakurtzeko, klikatu hemen.
Argazkia: Jorge Sánchez / Wikimmedia Commons
HIZTEGI LAGUNGARRIA Hiriko ortuak. Hirien barruan dauden baratzeak. |