"Zeuk aukeratu" gabeko buru-osasun arazoa

Buru-osasun arazoak izatea edonori gerta dakiguke. Gaitz horiek pairatzen dituzten gazteentzat eta haien inguruko familia zein heziketa-komunitatearentzat "Zeuk aukeratu" programa abian du Agifes elkarteak.

Euskadi irratiko Goiz kronika saioan, Agifes (Buru osasun arazoren bat duten Gipuzkoako pertsonen eta senideen elkartea) elkarteko "Zeuk aukeratu" programaren koordinatzailea eta erabiltzaile bat elkarrizketatu dituzte.

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, hemen klikatu

 

 

 

 

Irudia: Mohamed Hassan, Pixabay

HIZTEGI LAGUNGARRIA

- Azken datuen arabera. Jasotako datu berrienek diotena kontuan hartuta.
- Beren buruaz beste egin. Suizidatu, norbera akabatzea.
- Arazoa azaleratu. Arazoa bistaratu, agerian jarri.
- Bistakoa da. Argia, ikusteko modukoa izan.
- Oharkabean pasatu. Inor ohartu edo konturatu gabe pasa.
- Bakarkako laguntza. Laguntza pertsonalizatua.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria. Azken datuen arabera, Euskadin 15 eta 29 urte arteko hamar pertsonatik batek dio antsietatea edo depresio sintomak dituela. Ideia edo jokabide suizidek eragindako ospitaleratze psikiatrikoak igotzen ari dira, eta 2015etik 2020ra 29 urtetik beherako 76 pertsona hil ziren beren buruaz beste eginda edo euren buruari eragindako lesioengatik.
Agifes buru osasun arazoren bat duten Gipuzkoako pertsonen eta senideen elkarteak badu gazteei propio laguntzeko programa bat. Zeuk aukeratu du izena, eta hura ezagutu nahi izan dugu. Unai Urreaga lankideak, Nekane Azuabarrena Agifeseko psikologo eta programa horren koordinatzailearekin eta Erika Rio erabiltzaile gaztearekin hitz egin du.

Nekane Azuabarrena, Agifes. Gauza da arazoa hor zegoela, pandemiak egin duela hori azaleratu, nik uste dut. Eta hor ikusi dugu gazteek zer zailtasun dituzten eguneroko arazoak, emozioak, arazo psikologikoak kudeatzeko. 

Unai Urreaga, kazetaria. Zeri buruz ari gara?

Nekane Azuabarrena. Ari gara antsietateaz hitz egiten, depresioaz hitz egiten, suizidioaz hitz egiten, autolesioaz hitz egiten.

Unai Urreaga. Kontua zer da, tabu bat izaten segitzen du, eta akaso tripako mina izateari buruz hitz egiten dugu, edo hanka puskatuta baldin badaukazu, bistakoa da hanka puskatuta daukazula baina buruko osasuna ikusten ez denez, hor oharkabean pasatzen den kontu bat bezala da?

Nekane Azuabarrena. Bai, arazo handiena hori da. Ez dago normalizatuta,  ez da naturaltasunez ikusten buru-osasun arazo bat izatea edo emozionalki edo psikologikoki arazo bat izatea, orduan, ezkutatzen dugu, ez dugu horri buruz hitz egiten eta ez dugu laguntzarik eskatzen.

Unai Urreaga. Erika Rio, zuk, zure esperientziatik, nola bizi duzu? 

Erika Rio, erabiltzailea.  Ba, nik, nire esperientziatik… pertsona arraroak izango bagina bezala tratatzen gaituzte. Nik jende asko ezagutzen dut, arazoak dituenak eta ez dituenak kontatzen, beldurragatik ea zer esango dieten.

Unai Urreaga. Zenbat urte dituzu?

Erika Rio. 21.

Unai Urreaga. Eta zuk daukazu, muga-nortasunaren nahasmendua daukazu diagnostikatuta. 

Erika Rio. Bai.

Unai Urreaga. Horrek zer esan nahi du?

Erika Rio. Estabilitate (egonkortasun) emozionala ez da erregularra: oso inpultsiboa naiz. Igual oso kontentu nago momentu batean baina gero oso triste, depresioa ere bai, nik depresioa daukat, eta nire kasuan autolesioak egiten ditut eta disoziazioak sortzen zaizkit batzuetan.

Unai Urreaga. Programa honek zertan laguntzen dizu zuri?

Erika Rio. Egia da asko lagundu didala, ze ikusten duzu beste pertsona batzuk ere bai dituztela zure arazo berdinak, ez zarela pertsona arraroa eta jende gehiago dagoela zu bezala. Eta ere bai, laguntzen nau gauzak kontatzen eta pisua kentzen gainetik(an). Eta besteen ikuspuntua jakiteak ere bai laguntzen nau. Ze igual bera berdina sufritzen ari da, eta berak, ba, igual beste erreminta batzuk ditu niri laguntzeko eta niri igual balio dizkidaten beste erreminta batzuk.

Unai Urreaga. Nekane berak esan du hitz bat, inportantea. Erremintak, ezta? Horiek falta zaizkigu denoi.

Nekane Azuabarrena. Zeuk aukeratu programan bi atal daude. Alde batetik, taldea eta bakarkako laguntza hori gazteen talde horrentzat. Eta, bestalde, prebentzio lana egiten dugu. Eta hor bai, bai ikasleekin, bai gurasoekin eta bai irakasleekin egiten dugu lan.

Unai Urreaga. Azken batean, zer atera behar dugu guzti honetatik (honetatik guztitik)? Edonori gertatu dakigukeela eta bizitza ez dela beti arrosa kolorekoa?

Nekane Azuabarrena. Bai, hori da azkenean. Nik uste dut txikitatik landu behar dela, eta eskoletan eta etxeetan landu behar dela. 

Unai Urreaga. Eta gainditzea badagoela

Nekane Azuabarrena. Eta gainditzea badagoela.

B2
2024-10-10
31169742
00:03:45
902