Zeinu-hizkuntza: keinuak baino gehiago

Pertsona gorrek komunikatu ahal izateko erabiltzen duten hizkuntzari deitzen zaio zeinu-hizkuntza. Keinuen bidez aritzen direla gauza jakina da baina ez da hizkuntza unibertsala eta, beste hizkuntzen modura, baditu gramatika eta arau zehatzak ere.

Nola funtzionatzen duen ezagutu nahi duzu? Jugatx Agirre zeinu hizkuntzako interpreteak eitbko Biba zuek! saioan eman ditu argibideak.

Bideoa osorik ikusi nahi izanez gero, hemen klikatu. 

 

 

 

 

Irudia: CCO 1.0

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Gai izan. Zerbait egiteko gaitasuna eduki.
Zeinu hizkuntzaren ogibidea. Zeinu hizkuntzaren lanbidea.
Aukera bakarra. Ez dago beste irtenbiderik.
Ikusi eta ikaste aldera. Ikusteko eta ikasteko helburuarekin.
Hitzak ordezkatu. Hitz bat bestearengatik aldatu. Hitz baten lekuan beste bat erabili/jarri.
Norbere izena. Bakoitzak bere izena.
Aintzat hartu. Kontuan hartu.


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
Maialen Arzallus, aurkezlea. Jugatx, eta hasiko gara zerbait argitzen, jende askok uste duena; zeinu-hizkuntza bakarra dela munduan. Baina ez da horrela, ezta?
Jugatx Agirre, interpretea. Bai, hori askotan kalean galdetzen diguten galdera bat da baina ez, zeinu-hizkuntza ez da unibertsala, herrialde bakoitzak bere zeinu-hizkuntza dauka. Guk kasu honetan Hego Euskal Herrian zeinu-hizkuntza espainiarra erabiltzen dugu. Bai.
Xabier Sukia, aurkezlea. Eta zu adibidez gai izango zina(te)ke Ipar Euskal Herriko gor batekin komunikatzeko? 
Jugatx Agirre. Ba, igual… komunikazio minimo bat (gutxieneko bat) bai baina interpretatzeko ez: komunikazioa. Bai, bai.
Maialen Arzallus. Denak desberdinak dira baina badute elkarren artean oinarrian, amankomunean duten portzentaia bat?
Jugatx Agirre. Portzentaia ez dakit, zenbatekoa izango litzatekeen ez dakit baina egia da Europa eta Ameriketako zeinu-hizkuntzak (hizkuntzek) historikoki bai dau(z)katela zeinu batzuk amankomunak eta Afrika eta Asiako zeinu-hizkuntzekin oso ezberdinak direla. Baina bueno, egia da herrialde bakoitzak bere zeinu-hizkuntza daukala, orduan, beti daude ñabardurak, desberdintasunak… 
Xabier Sukia. Zuk non ikasi duzu zeinu-hizkuntzaren ogibidea?
Jugatx Agirre. Ba nik ikasi nu(e)n 2013an amaitu nuen Bilbon, garai hartan goi mailako ziklo bat zen eta, egia da, handik hiru urtera ja, 2016an, unibertsitateko ikasketa bihurtu zirela eta ja goi mailako zikloa amaitu egin zela. 
Maialen Arzallus. Eta unibertsitateko ikasketa horiek hemen, Euskal Herrian, egin daitezke?
Jugatx Agirre. Ez, gaur egun Madrilera joan behar da, aukera bakarra hori da. Egia da, guk aldarrikatzen duguna (dioguna) da Euskal Herriko Unibertsitateari ikasketa hauek ere hemen izateko (izatea), ze azkenean Madrilera joaten direnek ez dute ikasten euskarara interpretatzen, ez? Orduan, ba hori pixka bat garrantzitsua da.
Xabier Sukia. Eta azalduko diguzu, pixka bat tripak nola diren ikusi eta ikaste aldera, nola itzultzen da? Hizkiak erabiltzen dira itzulpenak egiteko, kontzeptuak erabiltzen dira, hitzak ordezkatzen dira…?
Jugatx Agirre. Gure kasu(a)n, hau da, zeinu-hizkuntzak ba hitz bakoitzak bere zeinua dauka, ez gara joaten hizkiz-hizki bestela ba denbora asko suposatuko luke eta, egia da, zeinu-hizkuntzak ere bere gramatika daukala, orduan, zuk ahozko hizkuntza bat entzuten duzunean itzulpen bat egin behar duzu eta kasu honetan mezu berdina (bera) helarazi behar duzu. Esandakoa(re)n mezu berdina (bera) baina zeinu-hizkuntzan. 
Maialen Arzallus. Baina, gero, alfabetoa badago, ezta?
Jugatx Agirre. Bai, alfabetoa (ba)dago baina azkenean hori da zeinu-hizkuntzako osagarri bat ba adibidez, izen propioetarako erabiltzen dena, ba adibidez, ni aurkezten naizenean nire izena esaten det (dut); j-u-g-a-t-x, baina gero adibidez nik nire zeinua esaten det zein dan (den). 
Maialen Arzallus. A, beraz, pertsona bakoitzak dauka norbere izena alfabetoz esateko aukera eta gero norberak dauka bere keinua, ezta, edo sortzen du norberak norbere izena nolabait.
Jugatx Agirre. Bai
Maialen Arzallus. Eta gero, keinuak egiten dituzuenean, zeinuak egiten dituzuenean pentsatzen dut zerikusia izango duela posturak, gorputzeko hurbiltasunak, mugimenduak…
Jugatx Agirre. Bai, azkenean zeinu bat egiten duzunean aintzat hartu behar duzu adibidez eskua nola jarri duzun, gorputza(re)kin zeinu horrek kontaktua (harremana) daukan, aurpegiko espresioa daukan ala ez, non kokatzen den… ez? Azkenean akats gramatikalak ere egin daitezkeelako. 
B2
2024-04-23
30901752
00:03:39
2139