Notre Dame katedralaren berritze-lanak

Parisko Notre Dame katedral ezaguna 2019an erre zen ezustean. Sutearen ostean, berehala hasi ziren berritze-lanak baina eraikina XII. mendekoa izanik, konponketa-lan berezi bezain garestiak eskatzen ditu.

Haizea Barcenilla arte-adituak katedral ospetsuaren berritze-lanak zertan diren azaldu du Euskadi Irratiko Amarauna saioan. 

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, hemen klikatu. 

 

 

 

Irudia: Christal, Pixabay

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Oso txundigarriak behintzat bai. Alegia, gutxienez txunditzeko modukoak izan zirela. –garri atzizkiak esanahi hori eransten dio aditzari. Era berean: ikusgarriak, harrigarriak… (ikusteko modukoak, harritzeko modukoak). 

Hasieran uste adinakoak ez izan. Uste bezainbestekoak ez. Hasieran uste baino handiagoak edo txikiagoak, larriagoak edo arinagoak izan.

Beirateak oso baliagarriak dira. Balio handia dute kristalezko egitura horiek.   

Horiek segituan eskaini zuten dirua. Alegia, berehala eskaini, fite. 

Oinarri-oinarrizkoak. Behar-beharrezkoak. 

Beste gabe atera. Besterik gabe atera, hala moduz.  

Arriskutsu samarrak. Dezenteko arriskua dutenak.

Askoz geldoagoa. Askozaz ere motelagoa. 

Gehigarri bat zen. Alegia, eranskin bat zela, gehitu edo gaineratutako zerbait, hasiera batean ez zegoena.

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria 1. Notre Dame, izan ere, eraikin ikoniko... artistikoki balio handikoa. Aizu, katedral ederra da, eta hura sutan ikusteak zeini ez zion minik ematen?  

Haizea Barcenilla arte-aditua. Bai. Hori egia da. Gainera, esan behar dut niri ere asko gustatzen zaidan monumentua dela. Bai. Banion halako preferentzia (oso zalea nintzen) bat... Baina bai, oso, ez dakit, irudi oso gogorrak izan ziren edo oso txundigarriak behintzat bai.  

Esataria 2. Bai. Eta bazirudien, ez dugu esango munduaren akabera zenik, baina oso beltz jarri ginen ia denok. Baina kontua zer da?, kalteak ez zirela hasieran uste adinakoak izan? Edo zer esan beharko genuke, Haizea? 

Haizea Barcenilla. Bueno, kalteak izan ziren handiak, eta batez ere konpontzeko, ba orain ikusiko dugun bezala, pixka bat luzeak eta zailak. Baina egia da gauza asko eta asko, oso baliagarriak, salbatu egin zirela, horien artean, oraintxe Arantxak aipatu dituen beirateak. Beirateak oso baliagarriak dira, oso zailak izango ziren ordezkatzen, eta horiek gutxi-gutxi kenduta, salbatu ziren, eta baita ere beste altxor eramangarri asko, elizaren barnean zeudenak... Ba, pentsa, eskulturak, oihalak eta holakoak atera ahal izan zituzten. Orduan, ba bueno, hasieran beldur ginena galduko zela, ba galdu dira gauzak baina ez uste genuena bezainbeste.  

Esataria 1. Ja. Bai. 

Haizea Barcenilla. Eta hasieratik, bueno lehenengo arazoa, noski, dirua izan zen, ze konponketa oso garestia da. Baina egia da hasiera-hasieratik Frantziako zenbait dirudunek... Badakizu, ba, Frantzian badirela halako munduko familiarik aberatsenetako batzuk eta horiek segituan eskaini zuten dirua konponketarako. Hala ere, egon zen zurrumurru bat hasieran esaten zuena ba dirua eskaini zutela, baina bakarrik ikusgarriak ziren lanetarako, eta kontua da ikusgarriak diren lan horiek ba oraindik ez direla hasi, ze aurretik(an) ez-ikusgarriak diren beste batzuk egin behar ziren. Eta horiek oso garestiak ziren ere (eta horiek ere oso garestiak ziren).  

Esataria 1. Ez ikusgarriak, baina oinarri-oinarrizkoak, bestalde. Esate baterako, garbiketa-lanak, ez? Edozein tokitan sutea izaten denean, ba aurrena zer egin behar duzu? han sortu den zaborra eta zikinkeriak garbitu eta gero ekin, ez?  

Haizea Barcenilla. Hori da, baina... 

Esataria 1. eraikitzeari.  

Haizea Barcenilla. Hori da. Hori da. Lehenengo garbitu behar zen eta egonkortu eraikina erori ez zedin ze oso ahulduta geratu zen. Baina garbiketa horrek ba sute normal batean baino askoz gehiago iraun du. Azken finean, erre zen guztia izan zelako sabaia eta orratza, eta sabaia XII. mendeko egurrez osatutako, ba, eraikuntza berezi bat zen, teknika ere ez zena oso ondo ezagutzen, eta guztia zen Gizartearen [Gizateriaren] Ondarea. Orduan, hori ezin da beste gabe atera eta bota, baizik eta zatika atera behar izan zuten eta guztia aztertu, ebaluatu eta ikusi hortik(an) zer mantendu behar zen eta zer bota. Oraingoz ez dute bota ezer ere (ezer ere bota), dena gorde dute, eta ari dira aztertzen. Arkeologo-talde batek egin behar izan du hori, talde espezializatu batek... 

Esataria 1.- Ja. 

Haizea Barcenilla. Hori izugarrizko lana izan da, eta gainera, zatitxo guzti horiek (horiek guztiak) ateratzeko robot batzuekin egin behar izan dute, esan bezala, eliza ez zegoelako egonkortuta eta arriskutsua zen, ba, harri-zatiak erortzea. Eta orduan, robota joaten zen, zatitxoak hartzen zituen, ateratzen zituen, arkeologoek sailkatzen zituzten... Hola eman dituzte 3 urte.  

Esataria 2. Detaile (xehetasun) guztiak zainduz, ezta? 

Haizea Barcenilla. Bai. Bai. Gainera, hor inportantea zen ere ikasteko, ikusteko zelakoa zen erabilitako teknika, Ze teknika, egur hori lantzeko teknika eta eraikina heltzeko teknika hori sakonean nola egina zegoen ez zekiten ba zatitxoak, iltzeak eta abar topatu dituzten arte. Iltzeek, hain zuzen, arazoak sortu dituzte ere, ba metal toxikoak erabili zituztelako bere garaian eta erre zenean eliza, ba holako, bueno ba, toxizitate-hodei batzuk sortu ziren, arriskutsu samarrak izan zirenak eta langileentzat ere arriskutsuak direnak. Orduan, momentu batean ere gelditu behar izan zuten garbiketa-lana eta zehaztu zer motatako jantziak-eta eraman behar dituzten, eta sartu behar izan dira jantzi bereziekin... Horrek ere bai oztopatzen du, askoz geldoagoa egiten du lan guztia... ateratzen diren bakoitzean dutxatu eta desinfektatu behar dira langileak... Bueno, holako arazoak (bata) bestearen atzetik(an), ze, berez, sabai guztia bazen XII. mendekoa, baina orratza XIX. mendeko gehiketa (gehigarri) bat zen. Kontua da hori, ba, egur oso sendoz egina zegoela, eta horretarako moztu behar izan dituzte 1.000 haritz Frantziako 200 baso(e)tan. Hori... Ekologisten haserrea ikaragarri piztu du, ez bakarrik ekologistena, baita, baita ere ba zonalde horietako jendearena esaten zutelako, azken finean, ondare eraiki bat mantentzeko ondare naturala suntsitzen ari zirela.  

B2
2022-09-19
29824643
00:04:53
637