Nagusiarekin asteburu pasa?

Nagusiarekin eta gainontzeko lankideekin asteburu pasa joango zinateke? Berritzailea bada ere, lan munduan gero eta ohikoagoak dira dinamika mota hauek eta izena ere badute: Team Building edo taldea eraikitzeko jardunaldiak.

Asteburu bat edo zenbait egun lankide artean pasatzea da ideia. Egun horietan zehar lan egiteaz gain, lankideak hobeto ezagutzea, lantaldea sendotzea eta, zergatik ez, parranda piska bat egin eta ongi pasatzea ere badira helburu. 

Euskadi irratiko Amarauna saioan enpresa bateko buruarekin eta langile batekin aritu dira euren esperientziaz.

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, hemen klikatu. 

 

Irudia: JohnSM, Pixabay

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Lantalde osoa batu. Lantalde guztia elkartu, bildu.

Etorri berriak dira. Oraintxe bertan, berriki, duela gutxi etorri dira.

Urtero irteera bat. Urte bakoitzeko irteera bat. Egunero, astero, orduro... denbora aldi bakoitzean.

Maundutik barrena barreiatuta. Munduan zehar sakabanatuta.

Leku jakin batean. Toki zehatz batean.

Halakoen onura. Horrelako esperientzien alde ona, jasotzen den aberastasuna.

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria. Enpresa askoren erronketako bat langileen konpromisoa lortzea izaten da. Teoriak dio beharginak askoz ere eraginkorragoak direla pozik eta gustura egiten dutenean lan. Bada, hori lortzeko, enpresa askok Team Building topaketak antolatzen dituzte. Ander Lopez Lerena, egun on. 

Ander Lopez Lerena esataria. Egun on. 

Esataria. Zer dira ba Team Building izeneko jardunaldi hauek?   

Ander Lopez. Ba izenak berak dio. Team Building, taldea eraikitzeko jardunaldiak, lantalde osoa batu, nagusiak, arlo-buruak, zuzendariak, alegia enpresako kide guztiek bat egin eta asteburuko plana antolatzen dute etxetik kanpo. Txangoak egiten dira, noski, baina parranda ere bai, Unai. Hau da, enpresako zuzendaria bere bulegotik kanpo ikusteko aukera egon liteke, ba adibidez, diskoteka batean dantzatzen.  

Esataria. Ba Ibizatik (Eivissatik) etorri berriak dira ie-Team enpresako kideak. Iñigo Ugarte da CEOa (Chief Executive Officer), eta Julen Larrea langilea. Egun on, Iñigo.  

Iñigo Ugarte CEOa. Egun on.   

Esataria. Kaixo, Julen.  

Julen Larrea langilea. Aupa, kaixo.  

Esataria. Zer moduz? Ondo ibili zarete Ibiza (Eivissa) aldean?  

Julen Larrea. Bai. Bai. Oso gustura, bai.  

Esataria. Aizu, Iñigo, lehenengo aldia al zenuten enpresatik hara txangoa egin duzuena ala ohitura bilakatuta daukazue hau?  

Iñigo Ugarte. Hau egiten dugu urtero. 10 urte ditu enpresak, eta urtero irteera bat egiten dugu elkar ezagutzeko eta aurpegira begiratzeko eta bueno, enpresaren helburuak eta estrategiak berriro gogora(ra)zteko. Eta oso garrantzitsua da guretzako urtero hori egitea.       

Ander Lopez. Aizu, Iñigo, berez, ieTeam-en, bueno, enpresentzako langileen aukeraketa egiten duzue, gutxi gorabehera, ez?  

Iñigo Ugarte. Bai.  

Ander Lopez. Eta imajinatzen dut Euskal Herritik kanpo ere bulegoak izango dituzuela… 

Iñigo Ugarte. Bai.  

Ander Lopez. Enpresa handia da, beraz. Nola egiten da, bueno, mundutik barrena barreiatuta dabiltzan  langile guztiak elkartzeko leku jakin batean?  

Iñigo Ugarte. Ba bueno, gauza hauek hasieratik esaten dira, ez? Guk dauzkagu ofizinak 6 puntu  ezberdinetan, Donostia, Bilbo, gehi Bogotan, Sao Paulon, Ciudad de Mexikon eta Toulousen (Tolosan). Eta bueno, horiek eraikitzerakoan hango sozioei beti esaten diegu gure kultura nola den, gure egiteko moduak nola diren eta urtero elkartzen gerala (garela). Hau da, ez dakite non. Inork ez daki nora goazen, egunean bertan jakiten dute. Orduan, beraiek ja badaukate bere aurrekontuetan bidaia hori jarrita, badakite hona etorri, Euskal Herrira etorri behar dutela ba ekaineko ez dakit ze egunetan, eta hurrengo egunean denok bagoaz leku horretara.  

Ander Lopez. Beraz, Julen, e, zuk ezagutu dituzu ere beste bulego batzuetan dauden langile edo lankide horiek, ez? 

Julen Larrea. Bai. Bai. Hori da. Azkenean ba bidaia hauek laguntzen digu [digute] ba beste lankideak ezagutzen. Gu(k) azkenean, Teams-etik ezagutzen ditugu, adibidez, Gipuzkoako lankideak edo Brasileko lankideak, baina gero egun batzuk haiekin ba pertsonan [pertsonalki, aurrez-aurre] ezagutzea oso-oso pozgarria da guretzako baita.  

Ander Lopez. Bueno, Iñigo, Ibizan (Eivissan) izan garenok badakigu museoak eta monumentuak egon, egongo direla, baina lankideekin diskotekan parrandarik egiteko aukerarik izan al da?  

Iñigo Ugarte. Ba bai. Ba bai. Kontraesan hori, lan egitera Ibizara (Eivissara) joan zeazte (zarete?) Ba bai! 

Esataria. Bueno, aurtengoak ikusi beharko da ze ondorio izaten dituen, baina orain arte esperientziak, Iñigo, zer erakutsi du? Neurtuta daukazue, nolabait esateagatik, halakoen onura zenbaterainokoa den?  

Iñigo Ugarte. Ba eguneroko lanari ekarpen izugarria ekartzen du [dio]. Ze ondo egiten baldin baduzu, jendea [jendeak] ulertzen du zer den enpresa, eta zein den enpresaren helburua. Ez helburu ekonomikoa, baizik eta jarduera(k) zer ematen dio(n)  jendeari eta zergatik ari zaren lanean, lanean. Orduan, hori, jendea(k) hori ulertzen duenean bere %100a ez, 200a jartzen du. Gure sektorean (er)rotazio asko dago, eta gure kasuan ez dago hainbeste. Eta jendea(k) badarama ja zortzi-bederatzi urte gurekin, hor dago! 

B2
2022-09-26
29690625
00:03:57
2907