Kurduen hara-honantza

Irantzu Pastor argazkilari nafarrak ateratako argazki bat deskribatuko dute Baipasa irratsaioan. Ondoren, Irantzuk berak argazkiaren aitzakian entzulea Kurdistan zatikatura eramango du.

Kurduen tragediaz gehiago jakiteko, entzun audio-pasartea.

 

 

 

 

Argazkia: EITB

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Edukiontzi bat ikusten da sutan. Nola?: sutan; su hitza mugagabean deklinatuta. Era berean: lotan, izerditan, eguzkitan…

Hagitz ongi. Oso ondo.

Hamaika arrazoi daudela. Euskaraz hamaika zenbakia erabiltzen da asko adierazteko. Eta hurrengo hitza mugagabean jartzen da; hamaika arrazoi, ez *hamaika arrazoiak.   

Hiria berreskuratu zuten. Berreskuratu hitzak, ber-aurrizkia du, beraz, berriz eskuratu zutela alegia. Era berean: berridatzi, berresan, berpiztu…  

Gu hara joan ginelarik. Gu hara joan ginenean. Oro har, ekialdeko euskalkietan erabiltzen den forma da -(e)larik.   

Ehundaka eta ehundaka kurdu. Ehunka eta ehunka kurdu, horrela ere esan daiteke. Eta izena, mugagabean: ehundaka kurdu, ez *ehundaka kurduak.   

Eta bertzalde. Nafarroan, baina ez bertako herri guztietan, bertzalde esaten da bestalde esateko. Era berean: bortz (bost), ortzirala (ostirala), ortzadar (ostadar)…   


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria 1. Bi bertsioak egingo ditugu. Lehenengo Estherrek ea zer azaltzen digun eta ondoren Irantzuk.  

Esataria 2. Hori. Hori.  

Irantzu Pastor argazkilaria. Hori da.  

Esataria 2. Nik kontatuko dizuet nik ikusi dudana.  

Irantzu Pastor. Zer interesgarria. Aber (Ea).  

Esataria 2. Beno, argazkian lonaz egindako kanpamendu bat ikusten da, lur lehorraren gainean eraikitako kanpamendu bat. Eta argazkiaren erdian ba edukiontzi bat ikusten da sutan. Eta ume bat 4-5 bat urteko mutiko bat suari begira. Argazkiaren ezkerraldean kanpamenduko lonazko aterpeen atzetik eguzkia nola sartzen den ikusten da, eta edukiontziko suak sortzen duen keak ba eguzkiaren argitasuna apur bat nahastu edo lehortu egiten du.

Ez dakit ondo deskribatu dudan, Irantzu, argazkia.   

Irantzu Pastor. Bai. Bai. Hagitz ongi.

Esataria 1. Zuk zerbait gehituko zenioke deskribapen horri?  

Irantzu Pastor. Ez. Bueno, estetikoki begiratuz hori da, ez?, argazkia. Koloreak ere badu halako indarra. Ba(da) sua eta eguzkia, juxtu ilunabarra da, ez? Eta indar berezi bat du, eta gainera,  bueno, hemen ikusten ez dena, begi-bistaz, baina eguzkia sartzen den lekua Siria da, Kobanê hiria, hain zuzen ere. Eta hemen dauden errefuxiatuak bertatik ihesean ateratako errefuxiatuak dire (dira).  

Bueno, pixka bat argazki hau aukeratu dut lehen ere aipatu dugulako hamaika arrazoi daudela ez, etxea uzteko, lekuz aldatzeko, mugitzeko. Eta kasu honetan, ba gerra eta gatazkengatik etxea bortxaz utzi behar izan dutenen irudi bat da.  

2014ko urrian Daesh edo ISISek Kobanê hiria hartu zuen. Kobanê Siriako zatian dago, Kurdistan da, baina Rojavan, Siriako zatian. Eta eraso honetan… Bueno, erran behar da kurduek 1.600 borrokalari inguru zituztela eta Daesh-ekoak 10.000 inguru ziren, ez?  

Ba eraso honetan, nolabait, hiritik 300 mila kurdu ihesean atera ziren eta gehienek Turkiako muga pasatu zuten, eta hau juxtu mugako argazki bat da eta mugan dagoen errefuxiatu-kanpamendu bat da, ez? 6 hilabete luze eta gero milizia kurduek hiria berreskuratu zuten 2015ko martxoan, eta bueno ba, sinbolikoki, bueno ba beraien garaipena hagitz garrantzitsua izan zen, ez?  nazioartean eta baita beraientzat ere.

Nik nolabait, gudu hau… Bueno, Amaiurreko gudua edo oroitarazten dit, ez? Horregatik sinbolikoki ba, ba garrantzitsua da. Eta, eta hori, ba(da) deusezt(at)ua dago hiria. Gu hara joan ginelarik, 2015ean hain zuzen ere, udan. Bueno, kanpotik ikusi genuen hiria, eta deusez(ta)tuta dago. Eta orduan, bueno, errefuxiatu-kanpamendu honetan bizi dire (dira) ehundaka eta ehundaka kurdu.  

Esataria 2. Suak ere garrantzia du, ezta?, argazki honetan eta kurduen, kurduen bizitzan ere.  

Irantzu Pastor. Hori da. Bai suak eta eguzkiak. Kurdistango banderaren erdi-erdian badago eguzkia ematen duen… Bueno, eguzkia da baina baita negris (nergis) lorea ere bada, horia; lore hori bat da, mendian topatzen den lore salbaje (mendi-lorea) bat da edo, eta honek ere eguzki-lorea oroitzen dit egia erran. Eta bueno, beraien lurralde edo lur-zatiak ere, eguzkiarekin zerikusia dute izenek, ez? Turkiaren menpeko Kurdistan Bakur da, iparraldea erran nahi du kurdueraz. Siriaren menpeko Kurdistan, Rojava; honek erran nahi du eguzkia sartzen den lekua. Roj eguzkia eta eguna da kurdueraz. Iraken menpeko Kurdistan Başûrê da, hegoaldean dagoena eta Iranen menpeko zatia Rojhilatê, ekialdea edo eguzkia ateratzen den lekua.  

Eta bertzalde, Urteberri kurdua ere Newroz egunean hasten da, Egun berria erran nahi du, eta su handi-handiak egiten dituzte, ez? Eta pixka bat, hemen San Juan suaren estiloko zerbait, eta kultura zoroastrikoan, beraien aspaldiko kulturan, sua, argia, ontasuna eta purifikazioaren sinboloa da beraientzat.        

Esataria 2. Um.   

B2
2022-01-04
29040667
04:29
1621