Sumendiak, uste baino gehiago

La Palmako sumendiaren erupzio bolkanikoak jakinmina piztu digu. Zenbat sumendi daude munduan? Ohikoa al da sumendien erupzioa? Horien guztien inguruko informazioa ETB 1eko Gaur Egun saioko bideo honetan.

Sumendiei buruzko datu orokor batzuez gain, sumendi jakin batzuei buruzko hainbat xehetasun ematen ditu bideoak.  

 

Sumendiez hitz egiteko euskarazko terminologia behar duzu? Hona hemen zenbait azalpen Elhuyarren eskutik. 

 

Hiztegi lagungarria

20 bat (sumendi) baino ez daude gaur egun erupzioan. Ezezko forma duen esaldia baiezkoan ere jar daiteke: gaur egun 20 sumendi inguru daude erupzioan. 
157 egunez izan zen leherketa betean. 157 egunez izan zen lehertu eta lehertu, 157 egun izan zen eztanda betean.  
41 milioi metro kubiko laba baino gehiago isuri zituen itsasora. Lehendabizi kopurua eta gero gaia: 41 milioi metro kubiko laba, 6 litro olio, 7 metro soka, 6 gramo gatz… 
Aktibitatea izugarri handitu da azken asteetan. Jarduera asko handitu dela esateko, baina asko-asko, izugarri hitza erabili da, erabat hitza ere erabil daiteke. 
Sumendia martxoan lehertu zen, 800 urteko lozorroaren ondoren. Sumendian leherketak hasten direnean esaten da sumendia esnatu egin dela, lozorroan edo erdi-lotan egon ondoren. 
Aparteko ondorio larririk gabe. Bestelako ondorio edo eragin larririk gabe, alegia. 
Foko turistiko handienetakoa bihurtu da. Bihurtu aditzak eskatzen du aurretik izena badago, izen hori mugagabean. 
Europa osoko hegazkinen trafikoa geldiarazi zuen.  Europa guztiko hegazkinen trafikoa gelditu zuen.      

 

 


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria. Planeta osoan 1.500 sumendi baino gehiago daude aktibo, baina 20 bat baino ez daude gaur egun erupzioan. Gehienak hemen kontzentratzen dira, Ozeano Bareko Suzko Eraztun ezagunean, Zeelanda Berritik hasi eta Hego Amerikako kostalderaino 40.000 kilometro dituen gunean. Hain zuzen, 2021. urtea Hawaiiko Kīlauea sumendiaren erupzioarekin hasi genuen; 157 egunez izan zen leherketa betean eta 41 milioi metro kubiko laba baino gehiago isuri zituen itsasora.  

Eta Hawiitik Mexikora. Izan ere, Popocatépetl bigarren sumendi altuenaren aktibitatea izugarri handitu da azken asteetan. Alertan daude inguruan magma-zatiak 12 kilometrora ere iritsi daitezkeelako. 

Eta Europa ez da salbuespena izan. Etna otsailaren erdialdean esnatu zen. Azken erupzioen ondoren Europako sumendirik aktiboenak 33 metroko altuera irabazi du. Eta nola ez, Islandian, Fagradalsfjall sumendia martxoan lehertu zen, 800 urteko lozorroaren ondoren. Aparteko ondorio larririk gabe, Islandiako foko (jomuga) turistiko handienetakoa bihurtu da. Hala ere, honek ez du zerikusirik, gogoratuko duzue 2010. urtean ahoskatzeko ezinezkoa den beste sumendi honek izan zituen ondorioekin: Europa osoko hegazkinen trafikoa geldiarazi zuen.        

B2
2021-09-27
28750967
01:19
856