Kontseilari ordezkari berria du Amazonek

Jeff Bezosek Amazoneko Kontseilari ordezkari izateari utzi diola aitzakia hartuta, Pilar Goya kazetaria Euskadi Irratiko Faktoria saiora hurbildu da enpresa digital erraldoiari buruzko hainbat datu ematera. Eta datuei begiratuz gero, guztia ez da festa eta algara Amazonen, itzalak ere badira tartean, eta ez txikiak Pilar Goyak dioenez.

Amazon hobeto ezagutu nahi baduzu entzun audio-pasarte hau. 

Audioa osorik entzun hemen.

 

 

 

Irudia: Pixabay

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Jeff Bezos ahalguztidunak Amazoneko CEO izateari utziko dio. Norbaitek zerbait izateari utzi, alegia, den hori ez dela izango jada. Jeff Bezos ez da CEO izango. Era berean: Mikelek irakasle izateari utziko dio; Edurnek su-hiltzaile izateari utziko dio…  

Andy Jassy ezezagunaren bizkar utziko du ardura nagusia. Norbaiten bizkar utzi zerbait, norbaiti pasa ardura, zeregina…  

Bere beste negozioetan jarriko ditu orain indarrak. Zertan edo nonbait jarri indarrak,  zerbaiten jarri arreta nagusia.   

Hiru erabaki on hartzearekin nahiko duela. Zerekin izan nahiko: aditza + t(z)earekin. Era berean: Bezosek agintzearekin nahiko du, aberastearekin nahiko du, dirua pilatzearekin nahiko du… 

Fakturazioari dagokionez. Zeri edo nori dagokionez edo zer kontuan hartuta. Egokitu aditza da dagokionez: eta konjugatu egin daiteke: niri dagokidanez, hari dagokionez, zuri dagokizunez, haiei dagokienez…  

Ez alferrik: Ezezko esaldia baiezko bihur daiteke “Izan ere” jarrita “Ez alferrik” horren ordez, eta esanahia ez da aldatzen.  

Botiken sektorean ere muturra sartu du. Muturra sartu du, alegia, botiken sektorean ere hasi dela, eman dituela lehen urratsak.  

Dendaz jositako kaleak. Josi aditzak adiera bat baino gehiago du, kasu honetan “bete” esan nahi du.    

Borroka sindikalak ere hasi dira bere baitan. Norbaiten edo zerbaiten baitan zerbait hasi, norbaiten edo zerbaiten barruan zerbait hasi. Alegia, Amazonen barruan edo barrenean borroka sindikala hasi dela.   

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria. Eta solasaldira batu zaigu Pilar Goya, egun on. 

Pilar Goya kazetaria. Egun on. 

Esataria. Jeff Bezos ahalguztidunak Amazoneko CEO (Chief executive officer/Kontseilari ordezkaria) izateari utziko dio gaurtik aurrera. Munduko denda digitalik handiena, Interneteko  erraldoia sortu eta 27 urtera Andy Jassy ezezagunaren bizkar utziko du ardura nagusia. Baina alde egin aurretik bere legatua ondo finkatuta utzi du. Bezosen agurra aitzakia gisa hartuta Amazon zer den eta horrek zer suposatu (ekarri) duen sakondu nahi dugu gaur.  

Pilar Goya. Hori da. Amazon utzi eta bere beste negozioetan jarriko ditu orain indarrak aurrerantzean Jeff Bezosek, Blue Origin espaziorako enpresan edota The Washington Post egunkarian, biak ala biak orain gutxira arte munduko gizonik aberatsena izandakoarenak baitira. Eta akaso hitzaldiak ematen ere jarraituko du etorkizuneko munduaren guru gisa edo.  

Goi-exekutibo batek egunean hiru erabaki on hartzearekin nahiko duela kontatuz esate batera, oraintxe entzun diogun modura.  

Amazonek lortutako irabaziei begiratuz gero, eta hori bada neurgailua, ezin ukatu berak bai arrakasta lortu duela.  

Esataria. Urtarriletik martxora 100 mila milioitik gora dolar irabazi ditu Amazonek, iazko epe berean baino % 44 gehiago, eta zenbait adituk uste du urtea amaitzerako 500 mila milioi dolarreko langa gainditu dezakeela fakturazioari dagokionez, guztia noski, pandemiak lagunduta. Lehendik bazetorren kontsumo-ohituren aldaketak du erru handia, baina baita telelanak ere. Ez alferrik enpresek, erakundeek eta gobernuek behar duten teknologia-azpiegitura eta zerbitzuen hornitzaile nagusienetakoa ere bilakatu da Amazon Interneteko hodeian. Amazonek aspaldi utzi zion Internet bidezko liburu-denda soil bat izateari eta gaur egun denetarik saltzen du, bere leloak dioen bezala, Atik hasita Zraino. Internet bidez edukiak zabaltzen ditu, aisialdiaren arloko eta publizitate  digitaleko erraldoietako bat ere bihurtu da, eta elikadura eta botiken sektoreetan ere muturra sartu du. Oraintxe bere azken apustuak Amazon Fresh izena du: supermerkatu birtual bat da.  

Jeff Bezosen inperioak, ordea, kezka bat baino gehiago ernarazi du. Dendaz jositako kaleak heriotzera kondenatzen ari dela diote askok, bere produktuak plataformaren bitartez iragarri eta saltzen dituzten konpainiak ito egiten dituela, eta borroka sindikalak ere hasi dira bere baitan Amazoneko langileen baldintzak oso kaskarrak direlako. Hau guztia nahikoa ez, eta Amazonek [Amazon] bezalako enpresa digital handiek zergak ez ordaintzeko garatutako estrategiak ere auzitan daude. Eta mesfidantza sorrarazi du baita ere CIArekin duen elkarlanak, datu-baseak partekatzen dituelako. Amazon eta antzekoen botere neurrigabeari ataka jartzeko ahaleginetan dabiltza orain gobernuak, baina argi dagoena da, gelditzeko etorri direla.     

B2
2021-07-15
28536817
00:03:12
127