Magisteritzako ikasleek maite al dute Matematika?

Laburbilduz, hori ikertu du Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Magisteritzan ikasle direnen jarrera zientzia-alorreko ikasgaiekiko, batez ere Matematika ikasgaiarekiko. Ikerketa Nafarroan hasi zuten baina Hego Euskal Herri osora zabaldu zuten. (Euskalerria Irratia, Irrintzi plaza saioa).

Magisteritzan ikasle direnek zientzia maite al dute? Erantzuna hurrengo audio-pasartean. 

Audio osoa entzuteko, klikatu hemen.

 

 

 

Argazkia: Pixabay

 

Hiztegi lagungarria 

Salto eginen dugu Nafarroako Unibertsitate Publikora joateko. Nafarroako euskaran “salto eginen dugu”k “salto egingo dugu” esan nahi du. Era berean: esanen dugu, emanen dugu, etorriren gara…   

Eta hor kontua da ikustea. “Kontu” hitza asko erabiltzen da euskaraz. Esaldi honetan “egitekoa” esan nahi du hitz horrek. Eta hor egitekoa da ikustea, arreta jarri dugu, gazte hauek zer-nolako jarrera duten… 

Bata da humanistiko profila duten maisu-maistra horiek, zeintzuek baloratu egiten duten irakasle-karrera. Menpeko esaldia erlatibozkoa da. Menpeko esaldiko aditza “egiten duten” baina “egiten baitute (bait + dute)” ere jar daiteke.    

Gorde egiten dute matematikarekiko atxikimendua. Gorde egiten dute matematikari dioten atxikimendua, edo matematikarekin duten harreman ona, edo matematikari buruz duten pertzepzio ona.   

Ez daukana zer ikustekorik aurreko biekin. Ez duena zer ikustekorik, edo zerikusirik, aurreko biekin.   

Denari gorroto diotelako. Zerbaiti gorroto izan, edo zerbait gorrotatu. Guztiari gorroto izan edo guztia gorrotatu. Era berean: zuri dizut gorroto, edo zu gorrotatzen zaitut.  

Ezin diogu horri izkin (iskin) egin. Zerbaiti iskin egin edo zerbait saihestu. Alegia, ezin dugu hori saihestu.

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

  

Esataria. Hementxe ari gara, gure Irrintzi plaza saio honetan. Eta datozen minutuotan salto eginen dugu Nafarroako Unibertsitate Publikora joateko, eta zehazki Matematika Departamendura joanen gara bertako kidea den Aitzol Lasarekin hitz egiteko. Aitzol, arratsalde on.  

Aitzol Lasa ikerlaria. Ba arratsalde on. 

Esataria. Zer moduz? 

Aitzol Lasa. Ongi. Ongi. 

Esataria. Aizu, Matematika Departamentu honetatik bideratu duzue ikerketa-lan interesgarri bat Hego Euskal Herriko unibertsitateetako maisu-maistra ikasteko dabiltzan ikasleen artean burutu duzuena. Eta hor kontua da ikustea pertsona hauek, gazte hauek, ikasle gazte hauek zer-nolako jarrera duten, nolabait esateagatik, STEM alorreko materien inguruan. STEM alor horretan badakigu zientziak sartzen direla, teknologia, ingenieria (ingeniaritza) eta matematikak.  

Aitzol Lasa. Agertzen dira, gure maisu-maistra horiek agertzen dira 3 bloke oso, oso, oso nabarmenetan bilduta, ezta? Gu hainbat, hainbat  aldagai aztertu ditugu eta estadistikoki (estatistikokialdagai horiek guztiek 3 bloke nagusi ematen dizkigute, 3 tipologia nagusi.  

Eta laburbilduz, bata da oraintxe aipatu duguna, humanistiko profila duten maisu-maistra horiek, zeintzuek baloratu egiten duten irakasle-karrera; garrantzia ematen diote euren ikasketei; badakite eta aitortzen dute irakasle izatea lanbide garrantzitsua dela, errespontsabilitate handikoa, asko ikasi behar dela… Eta hor badago talde handi bat.  

Bigarren talde bat daukagu hain juxtu ere zientziak ikasi zituztenak, bai batxilergoan zientziak ikasi zituztenak baina batez ere bigarren hauek DBHtik(Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik) DBHn zientziak ikasi bai, gero batxilergoan humanistikoak ikasi dituztenak baina horiek gorde egiten dute matematikarekiko, matematikarekiko interesa, garrantzia ematen diote. Badakite garrantzitsua dela beraientzat matematikak jakitea, Lehen Hezkuntzan beharrezkoak direla, oso inportanteak direla gure haurren irakaskuntzan, eta abar. Hau da, gorde egiten dute matematikarekiko atxikimendua ikasle, ikasle hauek modu nabarmenean, ez horrela zientzia esperimentalekiko atxikimendua, esan dugu hori galdu… 

Esataria. Fisika eta kimika ja gelditzen dira beste, eta biologia beste, beste toki batean. 

Aitzol Lasa. Ez dituzte ikusi nahi ere 

Eta bitxia da nola agertzen den 3. kolektibo bat, ez daukana zer ikustekorik aurreko biekin, eta deitu ditugu ba ez dakit, ikasle, ba ez dakit nola esan.    

Esataria. Hater-ak. (gorrotatzaileak ingelesez)  

Aitzol Lasa. Hater-ak. Bai, esan dezakegu. Ez nuen erabili nahi hori, termino hori baina… 

Esataria. …baina bai: nahiko garbia da, ez? Nahiko argi gelditzen  da zer dagoen hor. 

Aitzol Lasa. Nahiko argia da, daukagulako 3. tipologia bat maisu-maistrak ikasten, ez dira gehiengoa, baina bai nabarmentzen dira dena, denari gorroto diotelako. Baina ez zientziei bakarrik, e! Hor esaten dizute berdin, esaten dizute berdin Matematikak gorroto dituztela, Historia ez dutela ikusi nahi, Ingelesa ez dela ikasi behar magisteritzan… Berdin esaten dizute Biologia ez dutela gustuko. 

Esataria. Uf! 

Aitzol Lasa. Edo ez dutela… Berdin, berdin zaie. 

Esataria. Ze gogorra halako irakasle bat tokatzen bazaizu, ezta? 

Aitzol Lasa. Bai. Pues horrelakoak baditugu.  

Esataria. Bai.  

Aitzol Lasa. Orduan bai. Badago 3. talde bat. Baina karakterizatzen dira hain justu ere horretan. Hau da, zuri norbaitek esaten baldin badizu “a bai, nik magisteritza aukeratu nuen zientziak ez nituelako batere gustuko, edo matematikak gorroto nituelako”. Norbaitek hori esaten baldin badizu ez da profil humanistikoa zuelako, baizik eta ikasle txarra zelako oro har. Orduan, ez duelako garatu atxikimendu bat edo gustu bat ezerekiko, baina eskudatu egiten da, ezkutatu egiten du bere disgustu hori esanez “ba eske (izan ere) ni matematiketan oso txarra naiz”.  

Esataria. Ja, baina ez duzu bereziki maite ere humanistikoa. Zuk nahi duzuna da ahalik eta gutxiena ikasi eta karrera bat atera ahal den bezala.      

Aitzol Lasa. Edo zailtasun handiak dituzu ikasteko. Edo… 

Esataria. Um, um. 

Aitzol Lasa. Bai. Eta orduan hor badaukagu hirugarren profil bat. Klaro, hori… 

Esataria. Hor badugu arazo bat.  

Aitzol Lasa. Arazoa da. Arazoa da. Gero etorkizunean ikasle, irakasle trebatuak nahi baldin baditugu, hor badugu zerbait lantzeko karreran  bertan. Hori da guk magisteritzan bertan landu beharreko zerbait.  

Esataria. Eta asko dira.  

Aitzol Lasa. Ezin diogu horri izkin (iskin) egin, ez? 

Esataria. Bai. Bai.  

Aitzol Lasa. Ezin dugu hori ezkutatu.  

B2
2021-07-09
28522940
00:04:53
207