Laura Moreno, arbaso euskaldunak dituen uruguaitarra

Euskal diasporak ez du etenik. Laura Moreno Montevideon jaio zen, baina euskara ikasi du. Euskararekin eta Euskal Herriarekin duen harremana harago doa, Ilaski Serrano aurkezleari "Eztabaidan" saioan (ETB 1) kontatu dionez.

Laura Morenoren ibilbidea ezagutu nahi baduzu, ikusi bideo hau. 

Bideoaren jatorrizko helbidea hemen duzu. 

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA  

Arbaso euskaldunak ukan. Familia euskalduna duela, Euskal Herrian sortua, alegia. 

Ikasteko aukera eskaini. Zer eskaini? …t(z)eko aukera + aditza. Alegia, ikasteko aukera eskaini edo eman. Era berean: ikasteko aukera izan, ikasteko aukera lortu, ikasteko aukera aprobetxatu 

Hasiera-hasieratik jakin. Noiztik jakin? Hasiera-hasieratik edo oso hasieratik. Era berean: goiz-goizetik jakin, txiki-txikitatik jakin, ume-umetatik jakin… 

Euskarari esker joan. Nori edo zeri esker joan, noren edo zeren eraginez. Era berean: zuri esker joan, Maizpideri esker joan, maitasunari esker joan… 

Badirudi Abaltzisketakoak direla. Ematen du Abaltzisketakoak direla. Dirudienez Abaltzisketakoak dira.  

Euskarari zor diot (maitasuna). Nori edo zeri zor diot? Euskarari esker lortu dut maitasuna. Era berean: hizkuntzari zor diot, ikastaroari zor diot  

 


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

laski Serrano esataria. Kaixo, zer moduz, Laura? 

Laura Moreno euskara-ikaslea. Oso ondo. Pixka bat urduri.  

Ilaski Serrano. Askoz hobeto, orain entzuten zaitugu. Arbaso euskaldunak dituen uruguaitarra zara zu. 

Laura Moreno. Bai. Ama, amaren partetik, beti uste nuen Iparraldekoak ziren… Baina duela hiru astebete edo jakin nuen egia, Gipuzkoakoak zirela.  

Ilaski Serrano. Gipuzkoako arbasoak dituzu, euskaldunak… Gipuzkoakoak, bazoaz hurbiltzen, bazoaz zehazten… Nola jakin zenuen, nola hurbildu? Euskaraz entzuten zaitugu. Nolakoa izan da hurbilketa gure herrira, gure hizkuntzara, Laura? 

Laura Moreno. Bueno, behin ikusi nuen txartel bat eta, bueno ba, euskara ikasteko aukera eskaintzen zuena, eta berehala, berehala hasi nintzen euskara ikasten. Eta berehala maitemindu nintzen euskararekin.  

Ba hasiera-hasieratik jakin nuen euskarak zerbait, zerikusia zeukala nirekin. Eta bueno, hasi nintzen dudarik izan gabe, hasi nintzen euskara ikasten eta duela urte batzuk euskara irakasten. Eta euskarari esker joan nintzen Euskal Herrira urtarrilean eta otsailaren bukaera arte geratu nintzen han euskara ikasten, Maizpide euskaltegian. Eta Abaltzisketatik oso hurbil egon nintzen, baina momentu horretan ez nekien hangoak zirela, eta bueltatzean amak bidali dit argazki bat, eta badirudi Abaltzisketakoak zirela.  

Ilaski Serrano. Pentsa! Pentsa! Euskara ikasten eta euskara irakasten esan didazu. Euskararekin maitemindu, eta benga, kotileo (txutxu-mutxu) bat, maitemindu…  

Laura Moreno. Bai. Bikotekidea? 

Ilaski Serrano. (barreak) 

Laura Moreno. Bai. Bai. Hori da euskarari zor diot (diodan) beste gauza. Bai. Bai. Maitasuna, bai.  

Ilaski Serrano. Maitasuna, Uruguain euskaraz ikasten, bueno, irakasle, euskara-irakaslea edo zena eta gainera arbasoak be (ere) euskaldunak?  

Laura Moreno. Bai. Uste dut Nafarroakoak ziren, zirela bere arbasoak. Baina berak ez du ideiarik. Bere abizena Artze da, eta suposatzen da Artze haranekoak zirela. Baina ez du informazio askorik.  

Ilaski Serrano. Ba pentsa. Uruguain euskaraz ikasten, euskarara hurbiltzen, ikerketak egiten Maizpideri esker, bueno ba, baserria ere kokatuta daukazuelako… Jarraituko duzu ikerketarekin? Etorriko zara berriro be (ere) Euskal Herrira, Laura, seguru?  

Laura Moreno. Bai. Hori espero dut. Bai.  

Ilaski Serrano. Besarkada handi bat Euskal Herritik Uruguaira. Eskerrik asko.  

Laura Moreno. Beste bat zuentzat. Agur. 

B1
2021-06-01
28308735
03:11
308