Jakintza 'droga' bat da, ez da adin-kontua

Jubilatu asko ikasten ari da, adibidez, unibertsitateak eskaintzen dituen ikasketa akademikoak. Horien artean daude esperientzia-gelak. Zehatzago zer diren azalduko du Euskadi Irratian Aritz Ruiz-Gonzalezek, Arabako Esperientzia-gelen arduradunak.

Esperientzia-geletan nor dabilen eta abar jakin nahi baduzu, entzun hurrengo pasartea.  

Entzungai osoa, esteka honetan

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Erretiroa hartuta. Erretiratuta, erretreta hartuta.  

Derrigorrezkoak eta hautazkoak. Derrigorrezkoak edo nahitaez egin behar diren ikasgaiak, eta hautazkoak edo aukerazkoak direnak.  

Lan-mundurako prestatzea. Zertarako prestatu, prestakuntza eman. Era berean: unibertsitaterako prestatu, bizitzarako prestatu...    

Lan dezente egin. Nahikoa lan egin.  

Zahartze aktibo eta intelektual bat sustatuz. Zahartze aktibo eta intelektual bat bultzatuz, eraginez.  

Bidea zabaldu. Aukera eskaini, alegia.  

300 ikasle inguru. 300 ikasle gutxi gorabehera, 300en bat ikasle.  

Adin-kontua izan. Adinarekin du zerikusia. Adin” hitza mugagabean. Era berean: urte-kontua da hori, osasun-kontua da hori…   

 

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria 1. Esperientzia-gelak. Esperientzia-gelak zer diren azaltzea gaizki ez, egongo delako jendea ez dakiena zer diren esperientzia-gelak, Aritz… 

Aritz Ruiz-Gonzalez Arabako Esperientzia-gelen arduraduna. Bai. Bueno, Esperientzia-gelak 55 urtetik gorako pertsonentzako unibertsitate-programa berezi bat da, Euskal Herriko Unibertsitateak bere hiru kanpusetan eskaintzen duena, eta hemen, Arabako lurraldean, kasu honetan, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren babesa duen programa bat da, ez?  

Esperientzia-geletan bi motako ikasketak gauzatzen dira. Alde batetik daukagu, ba, arautuago dagoena edo Giza Zientzietako Unibertsitate titulu berezia, eta bestetik, ja titulua bukatutakoan egin daitezkeen helduentzako unibertsitate-ikastaroak, ez? Hori da gutxi gorabehera, horrela, laburki esanda, esperientzia-gelen programazioa.  

Esataria 1. Badira 55 urtetik gorakoak eta bueno, egon behar dute zera, erretiroa hartuta, edo behintzat lan-merkatutik kanpo edo? 

Aritz Ruiz-Gonzalez. Bai. Berez bi baldintza dira. Hau da, 55 urte beteta izatea eta beste aldetik(an) lan, lan-jardunean ez egotea jada, hau da, erretiratuak egotea. Eta badago beste baldintza bat denok betetzen dutena. Ikasteko gogo handiarekin [handiz] datozela.  

Esataria 1. Gogoa izatea, ez? 

Aritz Ruiz-Gonzalez. Hori da. Bai.  

Esataria 1. Zenbat urteko ikasketak dira? Zer dira, lau urte edo? 

Aritz Ruiz-Gonzalez. Bai. Giza Zientzietako unibertsitate-titulua lau urtetan zehar ematen da. Eta bertan badauzkagu ikasgai tronkal (enborreko ikasgai) batzuk, hau da, derrigorrezkoak direnak, eta beste hautazko ezberdinekin osatzen dira ikasketa hauek, ez? 

Esataria 1. Bukaeran titulu akademiko bat jasoko dute ikasleek? 

Aritz Ruiz-Gonzalez. Bai. Ikasketak bukatzean Giza Zientzien titulazio akademiko ofizial bat bereganatzen dute, noski, baina titulazioaren helburua ez nuke esango dela ohiko graduko ikasketen helburu berdina, ez? Kasu honetan helburua ez da ikaslego (ikasleria/ikasleak) hori lan-mundura, lan-mundurako prestatzea, barkatu. Ja lan dezente egin dute jada urte askotan zehar. Baizik eta kasu honetan, ba, helduengana, erretiroan dauden pertsonei, ba, ezagutza akademikoa eta kultura hurbiltzea. Kasu honetan, ba, zahartze aktibo eta intelektual bat sustatuz unibertsitatearen aldetik, ez? 

Esataria 1. Dena den, zera, zuekin esperientzia, esperientzien gelan egondako horiek gero, nahi izanez gero, horrek bidea zabaltzen die gero gradu bat egiteko unibertsitatean, ikasle gazteekin, adibidez.  

Aritz Ruiz-Gonzalez. Bueno, berez ez. Ez dizu ateak zuzenean irekitzen gradu guztia egiteko. Bai irekitzen dizula atea ikasgai batzuk egiteko, kasu honetan gradu konkretu batzuetan, ez? Orduan, kasu honetan, ja behin titulazioa, behin lortuta, letren fakultatean dauden ikasgai batzuetara bertaratzeko, kasu honetan beste belaunaldiekin, azkenean, harreman zuzenean egoteko, eta benetako ba gradu batean, kasu honetan, ba, bizitza bizitzeko, ez?  

Esataria 2. Eta hor gertatu daiteke ez?, 18 urtekoak eta 90ekoak gela berean egotea.  

Aritz Ruiz-Gonzalez. Bai. Hori da. Kasu honetan egon dira horrelako kasuak, ez 90 urtekoekin, baina bai pixka bat gazteagoak izan direnekin, eta hor, hor daude, ez?, letretako fakultateetan batez ere. Kasu honetan Giza Zientzien titulua da, eta hortaz, hor eskaintza gehiago dago letren fakultatean. Eta hor daude.  

Eta nik uste dut oso harreman, eta oso egoera bereziak sortzen direla ba horrelako belaunaldi ezberdinak batera doazenean, ez?  

Esataria 1. Ze ikasten da esperientzien gela hauetan? Zein da [dira] ikasgaiak edo, zeintzuk dira ikasgaiak, edo temarioa (ikasgai-zerrenda) edo? 

Aritz Ruiz-Gonzalez. Ba, kasu honetan ikasketa horiek jorratzen dituzten esparruek ba Giza Zientzien aukera zabal bat eskaintzen dute. Hor daukagu, noski, Historia, Literatura, baina baita Psikologia, Osasuna, Artea, noski, Musika… Eta eskaintza nahiko, nahiko zabala eta anitza. Hori bai, nahiko lotuta Giza Zientzien arloarekin. 

Esataria 1. Zenbat ikasle dituzue momentu honetan Arabako esperientzia-geletan, Aritz? 

Aritz Ruiz-Gonzalez. Ba, momentu honetan guztira, esango nuke dauzkagula 300 ikasle inguru, bai?, matrikulatuta esperientzia-gelen eskaintza akademiko osoan, hau da, alde batetik(an) Giza Zientzien titulazioan eta kasu honetan ja helduentzako unibertsitate-ikastaroetan. Hau da, bukatuta daukatenean [dauzkatenean] ikasketa horiek jarraitzen dute baita ere unibertsitateko lotura horrekin, ez? Eta engantxatu (harrapatu) egiten du, ze jendeak jarraitzen du urte dezente bertan.  

Esataria 1. A bai, e? 

Aritz Ruiz-Gonzalez. Bai. Bai. Bai.  

Esataria 1. Beraz, droga txiki bat bezala da, e?    

Aritz Ruiz-Gonzalez. Bai. Nik uste azkenean jakintza badela droga bat eta hori azkenean, lehen aipatu bezala, ez da adin-kontu bat, ez?  

B2
2021-05-31
28300666
04:05
486