Gure etxea autokarabana bat da

Autokarabana bizileku eta lantoki. Beste askok bezala, Eli Garmendia tolosarrak eta bere senarrak ere aukera hori egin dute.

Euskal Telebistako Eztabaidan saioan Klaudio Landa esatariak elkarrizketatu du Eli Garmendia, hartutako erabakiari buruzko azalpenak emateko.   

Eli Garmendiaren ikuspegia ezagutu nahi baduzu, ikusi hurrengo bideoa.  


Jatorrizko saioa ikusteko, sakatu hemen.    

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Gogotsu geunden. Nola geunden? –tsu atzizkiaren bidez gogo handia edo gogo bizia adierazten da. Era berean: indartsu geunden, zoriontsu… 

Naturan egoteko aukera ematen duenez. Naturan egoteko aukera ematen baitu.  

Egongo da baten bat. Edo egongo da bakarren bat, baten bat gutxienez, norbait. Era berean: egongo da umeren bat, haurren bat… 

Gertuko jendea faltan bota. Gertuko jendearen hutsunea sentitu. 

Uda partean. Noiz alegia. Uda denean. Era berean: negu partean, gau partean… 

Joaten gara gure etxe eta guzti. … etxe eta guzti. Etxe izena, mugagabean. Etxea ere eramaten dugu. Era berean: joaten gara gure katu eta guzti, gure txakur eta guzti… 

Eutsi goiari! Animatzeko esaldia. Eutsi aditzak zeri edo nori eskatzen du. Era berean: animoari eutsi, erritmoari eutsi, esandakoari eutsi…    

 


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Eli Garmendia autokarabanaduna. Kaixo, gabon , Klaudio. 

Klaudio Landa esataria. Aizu, hor kontatu duzu. Baina Bartzelonan bizi zineten. Alokairuan? 

Eli Garmendia. Bai. Bai. Bai.  

Klaudio Landa. Galdera honako hau da. Etxebizitza uzten duzue. Eta momentu horretan zergatik ez zenuten, zera, ohiko etxebizitza bat erosi? Zergatik ez zenuten erabaki hori hartu 

Eli Garmendia. Ba, aber, arrazoi ezberdinak egon ziren. Bat prezioen kontua izan zen. Jada alokairuak oso garestiak ziren, eta eromena zen. Eta beste alde batetik, ba, bidaiatzeko gogotsu geunden ez? Eta, eta bueno, ba, izan genuen esperientzia bat autokarabanan bidaiatzeaz eta iruditu zitzaigun gu argazkilari  bezala ba aukera ona izan zitekeela lanean jarraitu, bidaian eta, eta beste modu bat bilatzea, ez?, hipoteka handi batean sartzea baino.  

Klaudio Landa. Klaro (jakina!) Hori da. Hori da. Orduan, nolabait esateko, Eli, zuek, nolabait, egoera kudeatu egin duzue eta moldatu egin zarete. Alde batetik, ba zuen zera, ogibidea edo, zuek aldatu nahi zenuten bizitza, baina batez be (ere) etxebizitzaren prezio horrek edo prezio-igoerak baldintzatu du azken finean zuen erabakia.  

Eli Garmendia. Bueno, ez dakit hain… Nik uste ez dela arrazoi nagusia baina bai dela garrantzitsua ez? Zergatik [zeren] azkenean guk ere denbora nahi genuen guretzako, eta nahi genuen izan beste denboraren kalitate bat. Eta hirian ez geneukan kalitate hori. Orduan ba bueno, autokarabanak naturan egoteko aukera ematen duenez, ba hor geneukan ez?, alde, alde garrantzitsu hori eta, eta hori, dena nolabait lotzen joan zen eta alokairuarena ere ba zati garrantzitsu bat zen.  

Klaudio Landa. Oraintxe egongo da ba baten bat zera pentsatzen. Aizu! Zaila izango da. Edo esan nahi dut. Eli, ohituta gaude pisu batean edo etxe batean, betiko etxe batean bizitza egiten. Aldaketa handia da. Zer da, esate baterako… Bueno ja(da) dagoeneko aipatu duzu. Natura hurbil daukazula. Hori ere alde ona edo onura izan daiteke. Baina alde txarrak ere izango ditu honek, ez?  

Eli Garmendia. Bueno, ba gertuko jendea faltan botatzen da, ez? Batzuetan bueno… Ba hainbeste bidaiatzen zaudenean (ari zarenean) ba, gertukoak faltan botatzen dira, eta bueno, gero badaude halako, ohituta gauden komodidade (erosotasun) batzuk, ez? ba iturria ireki eta ura ez dela bukatzen, eta halako gauzak… Ba mentalitate-aldaketa bat eskatzen du argiarekin, eta abar eta abar. Baina bueno, guretzako (guretzat) ez da sakrifizio handia izan. Izan da moldatzea, eta, eta txip-aldaketa egitea. Baina, baina oso ondo daramagu.  

Klaudio Landa. Ba pozten naiz. Tolosan zaudete, Eli? 

Eli Garmendia. Bai. Bai. Momentu honetan Tolosan gaude.  

Klaudio Landa. Eta hori, esan nahi dut, ibilbidea markatzen duzue edo nola antolatzen duzue? Nola kudeatzen duzue hori? 

Eli Garmendia. Ba beitu (begiratu). Bi arrazoi nagusi daude gure bidea erabakitzeko. Bata da klima, nomadek egiten zuten bezala, ez?, eta txoriek eta egiten duten bezala, negualdean hegoalderantz joatea gustatzen zaigu eta uda partean iparralderantz. Eta beste bat da lana. Argazkilariak izanik, ba bueno, badaukagu hor flexibilitate bat mugitzeko eta lana dagoen lekura joaten gara gure etxe eta guzti. Lana egin, eta jarraitzen dugu hurrengo, hurrengo puntura, ez? nolabait esateko. Edo, bada, gure proiektuetan lan egiteko denbora behar badugu ere, ba, adibidez, negu honetan egon gara erabat kontzentraturik, ba askotan, hemen gure proiektuak, ba,  lantzen eta berotzen. 

Klaudio Landa. Bueno, askatasuna eman dizula alde batetik.  

Eli Garmendia. Bai.  

Klaudio Landa. Hori ere, eta  nabaritzen da. Gustura zaudete, Eli. Pozten naiz. Eskerrik asko gurera etortzeagatik.   

Eli Garmendia. Zuri.  

Klaudio Landa. Eutsi goiari, Eli! 

B1
2021-05-28
28292653
03:59
668