Lapur ugari Baskoniako lurretan

Bideo honek garai bateko Baskoniako euskal lapurrez dihardu. Hainbat adibide eta izen zehatz ere ematen ditu.

"Baskoniako historia bat" saiotik hartutako bideo honetan, Alberto Santana historialariak lapur askoren izenak eskainiko dizkigu: Pedro Dorronsoro, ezizenez Galtxagorri, Francisco eta Lorenzo Urkixo anaiak, Alejandro Aristizabal da, ezizenez Bizarbeltz, Francisco Aranaz bidelapurra, ezizenez Patxiku valiente, Nafarroako Miguel Arregui, ezizenez Botero, eta Fausto Zubiri, ezizenez Cordelero...


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Alberto Santana historialaria. Bideetan, baserri isolatuetan, elizetan edo herrisketako apaiz-etxeetan lapurreta egitea oso ohikoa zen euskal gizarte tradizionalean, batez ere krisialdi ekonomikoetan edo gerren ondoren, gizon armadun eta langabeak, taldeka eta noraezean mendian ibiltzen ziren garaietan.

Esataria. Ahal zutenak kontrabandoan hasten ziren, gizarteak jarduera hori errespetatu egiten zuelako, baina ez zen asko irabazten kontrabandoarekin. Haatik, kontrabandista gutxi batzuk, eskrupulu moral gutxirekin eta dirua bizkor lortzeko premia handiarekin, bidelapur egiten ziren.

Baskoniako basabide bakartietatik igarotzera ausartzeko garairik arriskutsuena XVIII. mendearen lehen hamarkada izan zen, Espainiako Ondorengotza gerran. Bidelapur-banden garaia izan zen. Banda horietako buruzagi batzuek ospea hartu zuten, eta goitizenengatik ezagutzen zituzten guztiak.

Horietako bat Pedro Dorronsoro izan zen, ezizenez Galtxagorri. Gabiriako militar desertore hark Europako gerra batean baino gehiagotan parte hartu ondoren, denda bat montatu zuen Urnietan, baina dendak ez zuen funtzionatu. Halaber, ebasketa-karguez gain, sexu-delituengatiko salaketak ere bazituen Itziarren.

Francisco eta Lorenzo Urkixo anaiak Abandoko nekazari-familia bateko semeak ziren. Mugikortasun handiz jarduten zuten Bizkaian eta Gipuzkoan, eta lapurretarako beste banda batzuekin ere elkartzen ziren.

Beste adibide aipagarri bat Alejandro Aristizabal da, ezizenez Bizarbeltz, gorputz handiko gizona, agintzeko gaitasuna zuena. Francisco Aranaz bidelapurra, ezizenez Patxiku valiente, moneta-faltsutzailea zen, eta Altza eta Astigarraga inguruan jardun ohi zen. Nafarroako Miguel Arregui, ezizenez Botero, eta Fausto Zubiri, ezizenez Cordelero. Hiriko artisau-lanbideetako desertoreak ziren eta suzko armak gustatzen zitzaizkien.

Iparraldeko Esteban Urrutia Alaia. Tolosan danbolin-jole gisa lan egin ondoren, Oriako bideetan lapurreta egiten hasi zen.

Ia denek ezagutzen zuten elkar, eta Donostiako ostatuetan edo mendiko bentetan elkartu ohi ziren, dirua janari edo edaritan gastatzen zutela, eta prostituzio-etxeetan.

Begietarako zuloak zituen zapi beltz batekin aurpegia estaltzen bazuten ere, jendeak bazekien nor ziren bidelapurrak, agian zeramaten arroparengatik-edo. Beharbada, erabiltzen zuten euskalkiak agerian uzten zituztelako.

B2
2021-01-21
27309702
03:14
373