Beldurra al diogu isiltasunari?

Euskadi Irratiko Amarauna irratsaioaren entzungai honetan Maddi Nazabal filosofoak zarata motak ditu hizpide.

Ibilgailuen zarataz kexatu ohi gara, baita industriaguneetako hotsez ere; baina, aldarrikatzen al dugu isiltasuna horien aurrean?


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria. Aurrekoz atzera, Maddi Nazabal. 
Maddi Nazabal kolaboratzailea. “Munduaren eta gure bizitzaren egungo egoera gaixotasun-egoera da. Nik, mediku banintz eta nire iritzia eskatuko balidate, sortu isiltasuna esango nuke”. Gaur egungo zita izan zitekeen, baina XIX. mendeko Danimarkako filosofo batena da, Kieerkegardena. 
Argi dago Kieerkegardek beste garai eta testuinguru batean idatzi zuela, baina 200 urte igaro arren ez dirudi aldrebeskeria handia litzatekeenik 2020. urtera ekartzea Kieerkegarden hitzak eta isiltasunaren aldarria. 
Isiltasunaren aldarriak berarekin dakar soinua eta zarata arbuiatzea. Baina zein soinu eta zarataren aurrean aldarrikatuko genuke isiltasuna? Galdera horren aurrean bi zarata-mota bereiztera ausartuko naiz. Alde batetik, industriak, hiriguneak, ibilgailuek sortzen dutena. Bestalde, bigarren zarata-mota nire ustez hain kontziente ez garena litzateke: txoko batetik edo bestetik gure egunerokoaren parte diren garrantzirik gabeko eta distrakzioaren zalapartak, etengabeko entretenimenduak zein une oro iristen zaigun informazioak sortzen duten zarata.
Oro har, ez zaizkigu erosoak egiten zaratak. Areago, zarataz kexatu ohi gara. Baina errepara dezagun. Zer zarataz kexatu ohi gara? Irudipena dut lehenengo aipatutako zarata dugula kritikaren jomugan: auto gutxiago nahi ditugu kaleetan, ez zaizkigu erosoak egiten industriaguneetako hotsak, ez dugu errepideen edo trenbideen ondoan bizi nahi… Zarata horietatik askatu nahi dugu, isiltasuna aldarrikatzen dugu zarata horien aurrean.
Baina zer diogu bigarren zaratez? Izan ere, ia-ia era naturalean pizten dugu begiratu ere egiten ez diogun telebista etxera iristean. Edo jartzen dugu apenas kasurik egiten ez diogun musika, irakurtzean edo kirola egitean. Zer esanik ez sare sozialei edo whatsapp-mezuei eta bideoei begira igarotzen dugun denbora. Askatu nahi al dugu zarata horietaz? Aldarrikatzen al dugu isiltasuna horien aurrean? Ez dut uste. Are gehiago, justu kontrakoa egiten dugulakoan nago: isiltasunaren ordez horien aldeko apustua. Inpresioa dut nahiago dugula zarata horietan murgildu isiltasunean egon baino. Badirudi isiltasunari bildurra (beldurra) diogula. Edo deserosoa zaigula behinik behin.
Bigarren zarata-motaren erantzuleak Kieerkegardek snakke hitzaren baitan kokatzen zituen. Hitz daniarra da snakke eta egun hitz egitearen parekoa da. Kieerkegardengan, ordea, badu konnotazio negatiboaren zantzu bat, sakontasunik eta helbururik gabeko hizketatik edo murmuriotik hurbilago egongo bailitzateke. Beraz, nahiz eta 200 urte igaro snakke hitzak egokia dirudi aipatutako zarata horiek izendatzeko. Are gehiago kontuan harturik Kieerkegardek berak, hein handi batean, snakke horren aurrean aldarrikatzen zuela isiltasuna.
Snakke distrakzio hutsala litzateke, beraz. Eta Keerkegardekin bat eginez gure onbeharrez saihestea komeni litzaiguke, benetan axola duenetik urruntzen baikaitu. Saiheste horretan egin behar genioke hain justu isiltasunari txokoa. Isiltasuna baloratzen ikasi beharko genuke, eroso sentitzen isiltasunaren erdian, isiltasunaz disfrutatzen. 
Hygge eta isiltasuna bateratzea aberatsa litzateke. Daniera hiztegiko beste hitz bat da hygge, itzulpen zuzenik ezean giro goxo, atsegin, lasai eta erosoarekin lot dezakegu, ongizatea zein poztasun-sentimenduekin. Isiltasunarekin bateragarria izan daiteke, ezta?
Hori beraz gaurkoan: zarata eta soinu ezberdinekin tupustean doan bizitzaren aurrean, isiltasuna. Agian isiltasuna eraikiz ikasiko baitugu entzuten.                               

C1
2020-11-27
24544673
00:04:19
763