Polinizazioa, lan korala

Erleak ez dira polinizatzeaz arduratzen diren espezie bakarra.

Polinizatzaileen aniztasunari eustea funtsezkoa da landareek eta gure eguneroko elikagaiek iraun dezaten. Teknopolis saioko bideoa.

 

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Azken batean.- Azken finean, azken buruan.

Basalandareak.- Berez jaiotzen diren landareak, basatiak, inork aldatu gabeak.

Erlastarrak.- Erleen familiako intsektuak, hauek baino handiagoak direnak.

Erleek ez ezik, beste intsektu askok ere egiten dute lan hori.- Erleez gain, beste intsektu askok ere egiten dute lan hori.

Funtsezkoa izan.- Oso garrantzitsua izan.

Izan basalandareak edo landatutakoak.- Basalandareak zein/nahiz landatutakoak, batak zein besteak.

Laboreak.- Nekazariek landatutako produktuak.

Landareek eta laboreek iraun dezaten.- Landareek eta laboreek bizirik jarraitzeko aukera izateko.

Landareek iraun dezaten.- Landareek bizirik jarraitzeko aukera izateko.

Polinizatzaileen aniztasunari eustea.- Polinizatzaile ugari egotea bermatzea, polinizazioa egiteko espezie bat baino gehiago egotea.

Polinizatzaileen menpe daude.- Polinizatzaileak behar dituzte bizirik segitzeko.

Sagarrondoen ugalketa.- Sagarrondoak ugaritzea, erreproduzitzea, zuhaitz gehiago sortzea.

Sirfidoak.- Itxuraz erleen oso antzekoak diren intsektu mota.


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
Esataria.- Askotan esaten dute erleak desagertuz gero, nekazaritza bukatuko litzatekeela, polinizatzailerik gabe geratuko ginatekeelako. Baina hori ez da erabat zehatza, azken batean, polinizatzea polena landare batetik bestera eramatea da eta erleek ez ezik, beste intsektu askok ere egiten dute lan hori eta saguzarrek, hegaztiek, narrastiek… espezie bakoitzak bere tokian eta garaian.
Begira sagarrondo bat. Zuhaitz berean, ilunabarrean, goiko adarretan erlastarrak ibiltzen dira. Sirfidoak ez hain goian eta eguneko lehen orduetan. Euliak ere goizean goiz, baina alboetako adarretan, eta jarrai genezake, izan ere, sagarrondoen ugalketan laguntzen duten 101 polinizatzaile-espezie desberdin omen daude.
Beste landare asko, izan basalandareak edo landatutakoak, polinizatzaileen menpe daude baita ere. 
Egunean jaten dugun hiru elikagaietatik batek polinizatzaileen laguntza behar du ugaltzeko. Fruta gehienek eta jaten ditugun landareetako askok, alegia. 
Zalantzarik gabe, polinizatzaile-espezieen aniztasunari eustea ezinbestekoa da landareek eta laboreek iraun dezaten.
C1
2020-11-03
23062755
01:25
2193