Kutxazain automatikoa, asmakizun nahiko berria

Gaur egun dirua nonahi eta noiznahi atera dezakegu. Baliabide erosoa da. Baina kutxazain automatikoak ez dira asmatu zaharrak.

Kutxazain automatikoaren asmatzaileak ez zuen arrakastarik lortu lehenengo saiakera egin zuenean. Luther George Simjian Turkiatik iritsi zen Ameriketako Estatu Batuetara (AEB).  Gauza ugari asmatu zituen, horien artean kutxazain automatikoa, 1939an. 20 patente eskaera erregistratu zituen, eta Citicorp enpresari eskatu zion bere asmakizuna probatzeko. Proba egin zuten, baina ez zuen arrakastarik izan, pertsona gutxi batzuek besterik ez zuten erabiltzen. Beraz, sei hilabete pasatu ondoren, kendu egin zuten kutxazaina enpresaren egoitzatik.  

Gaur egun gauza arrunta da dirua kutxazain automatikoan ateratzea. Argazkia: Pxhere

Arrakasta izan zuen lehena

20 urte baino gehiago pasatu ziren lehenengo kutxazain automatikoak arrakasta izan zuenerako. Londresen gertatu zen. John Shepherd-Barron eskoziarrak dirua kontatzeko makinak egiten zituen enpresa batean egiten zuen lan. Hirian lan egiten zuen arren, landan bizi zen. Larunbatero joaten zen bankura aste guztirako dirua ateratzera. Behin, ordea, berandu iritsi zen eta ezin izan zuen dirurik atera. Pertsona baten beharrik izan gabe dirua ateratzeko modua pentsatzen hasi zen orduan: txokolatea ematen zuen makina bat etorri zitzaion burura, eta antzerako zerbait sortzea pentsatu zuen.  

Barclays banketxeak 1967an probatu zuen Shepherd-Barronen makina Londresko sukurtsal batean. Hasieran, dirua ateratzeko txartelak erabili beharrean txekeak erabiltzen ziren. Txekea sartu, lau zenbakiko gakoa jarri eta 10 libera esterlina ematen zituen. Lehenengo kutxazain automatiko haiek dirudunentzat ziren. Izan ere,  ez zeuden sare bati konektatuta, mailegu baten modukoa zen, eta diru-kopuru jakin bat ematen zuten. Banketxeak bezeroarengan konfiantza izan behar zuen, ziur egun behar zuen bezeroak diru hori bazuela.

1967ko ekainaren 27an lehenengo kutxazain automatikoa jarri zuten lekua, Londresen. Argazkia: Philafrenzy (CC BY-SA 4.0)

Zenbait aldaketa

Asmakizunak arrakasta izan zuen, eta hura hobetzeko aldaketak proposatu zituzten berehala. Horrela, kutxazain automatikoak bilakaera izan du gaur egun ezagutzen dugun sistemara iritsi arte.

Urte hauetan guztietan mota askotako aldaketak izan dira. Funtzionamenduari dagokionez, txekeen ordez plastikozko txartelak erabiltzen hasi ziren, epe motzean, eta txartel horiek ere aldatzen eta segurtasun aldetik hobetzen joan dira. Ateratzen den diru-kopuruari dagokionez, urrun geratu dira hasierako kopuru jakin haiek. Orain, bakoitzak nahi duen kopurua ateratzen du, eta txartelak norberaren diru-kontuari lotuta daude. 

Erabileran ere izan dira aldaketak. Gaur egun, dirua ateratzeaz gain, oso arrunta da beste eragiketa batzuk egin ahal izatea kutxazainetan: telefono mugikorra kargatu, diru-saldoa ikusi edo transferentzia bat egin, adibidez.

Ordaintzeko moduak asko aldatu dira azken urteetan. Argazkia. Andrea Piacquadio (Pexels)

Bada, ordea, Shepherd-Barronek asmatu zuenetik aldatu ez denik ere:  lau zenbakiko gakoa, hain zuzen. Hasieran sei zenbaki jartzea pentsatu bazuen ere, emaztearekin hitz egin eta lau gogoratzea errazagoa zela erabaki omen zuten. Halaxe erabiltzen da mundu osoan.

Baina ordaintzeko moduak ikaragarri aldatu dira: gero eta ordainketa gehiago egiten dira diru-txartelekin edo telefono mugikorrekin, eta gutxiago eskudirua erabilita. Beraz, ikusteko dago kutxazain automatikoek zer nolako etorkizuna izango duten.


B1
2020-06-26
22326311
4226