Eskuz idaztea, desagertzeko zorian? 

Egia da urte batzuetatik hona gero eta gutxiago idazten dugula eskuz. Galdu egingo ote da laster ohitura hori? 

Horretaz gain, kaligrafiaren garrantzia ere azpimarratu dute Karlos Cid eta Nerea Ibarzabal Euskadi Irratiko kolaboratzaileek.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
MANU ETXEZORTU ESATARIA. Eskuz idazteari buruz. Hori da gaurko gaia, eskuz idaztea, eta hortik abiatuta kaligrafia. Gaurko egunean ezer gutxi idazten dugu eskuz, erosketek egiteko zerrenda eta kito. Beste zer gauza idazten dira eskuz? Ez dakit: gurutzegramak, paperezko agendetako oharrak, liburuetako orri-ertzetan idazten diren oharrak, gutunak, postalak… Ez dakit: hozkailu-atarian itsasten diren post-itak… Zuk, adibidez, Karlos, eskuz zer idazten duzu gaur egun? Ba al daukazu zerbait idazteko ohiturarik eskuz?
KARLOS CID KOLABORATZAILEA. Bai. Telefono-agenda, adibidez, paperezkoa daukat eta eskuz daukat. Kontua da ja hainbeste urte dituenez, telefono-zenbaki asko ez ditudala ulertzen. Eta askotan konfunditzen (nahasten) naiz deitzen dudanean, baina segitzen dut erromantizismo horrekin, eta tira. Eta gero, eguneroko agenda eta zuk aipatutako hozkailuko post-itak…
MANU ETXEZORTU. Post-itak, ez?
KARLOS CID. Sakratuak dira, bai. 
MANU ETXEZORTU. Baditugu datu batzuk, ikusi ditugunak, Estatu Espainiarreko biztanleen % 75ek esana du normalean ez duela eskuz ezer idazten, % 75ek ez du ezer idazten eskuz. 
Gero, Xabierrek [Xabier Amurizak] esan du, eskuz idatzitakoak duen arazo bat da zerorrek zure letra ez ulertzea. Zergatik daukagun letra txarra? Zer, gutxi idazten dugulako ala gaizki ikasi genuelako?  Ba adituek esaten dute, gai hauetan aditu direnek esaten dute kaligrafia-ariketa gutxi egin izana izan litekeela gero zure letra ez ulertzearen arrazoia. Eta gero esango dugu, letra ona. Letra onak baditu bere abantailak, ez da soilik estetika. Ikerketek esaten dute umeen ikasteko prozesuari mesede egiten diola letra onak, burmuineko hainbat alor lotzen laguntzen duelako letra onak. Zu, Karlos, irakasle zara. Ez dakit zure ikasleei letra ona exijitzen diezun etsaminetarako.
KARLOS CID. Bai, bai. Arau ugarietako bat hori da, azterketa ulergarri izatea. Eta hori nolabait sustatzeko, esate baterako, nik debekatzen diet ikasgelan ordenagailua erabiltzea apunteak hartzeko. Ba behartzen ditut eskuz idaztera apunteak. Eta horrek badauka, gainera, azalpen zientifiko bat, nik uste: burmuinean hobeto geratzen direla edukiak zuk idatzitako, zure eskuarekin idatzitako testuan baldin badaude eduki horiek. 
Eta gero beste gauza bat azterketei buruz. Normalean idazkera ona duten ikasleek ba azterketa hobeak, edukiz esan nahi dut, azterketa hobea egiten dute, idazkera txarra duten ikasleek baino. Eta normalean neskek dute idazkera hobea mutilek baino. Nire kasuan behintzat, hori da nire urteetako esperientzia. 
MANU ETXEZORTU. Bai. Beraz, ikusten duzu hori, idazkera ona duen pertsonak normalean nota ona ateratzen duela. 
KARLOS CID. Ia-ia ez dut zuzendu behar azterketa.
MANU ETXEZORTU. A bai e?
KARLOS CID. Hartzen dut holako azterketa bat eta nik badakit 9tik gorako emaitza jasoko duela pertsona horrek. Gainera bere izena jakin gabe zuzentzen dut, nolabait eraginda ez egoteko.
MANU ETXEZORTU. Eta zer uste duzue? Garbi dago teknologia berriekin eta ez dugula behar, ez daukagula eskuz idatzi beharrik, ba ordenadorez idazten dugulako edo patrikako telefonoan ere bai. Dena den, ahalegina egin beharko genuke gauzak eskuz idazteko? Edo, besterik gabe, etsi beharra daukagu eta amore eman beharra daukagu, Karlos, ohitura berri horien aurrean? 
KARLOS CID. Nik uste dut baietz. Baina lehen esan dudana, ezta?, edukiak hobeto sartzen direla buruan eskuz idatzita. Bigarrenik, nik uste dut idazkera lotuta dagoela nortasunarekin. Eta denok baldin bagara Times Roman, hor ez da egongo, herritarren arteko alderik izango; eta hori tristea iruditzen zait. Gero, hori bai, debekatuko nuke eskuz idaztea kasu bakar batean: liburuetan. Liburuetan oharrak idazten dituztenak ez ditut ulertzen. Nire ustez, liburua sakratua da, eta ezin da hola ertzean lapitzez idatzi ezer. Hori ikusten dudanean sufritu egiten dut ikaragarri. Zuek ni bezalakoak zarete ala ez?
NEREA IBARZABAL KOLABORATZAILEA. Bai. 
MANU ETXEZORTU. Zuk ere, Nerea, ez duzu zirriborrorik egiten zerean, liburuetan?
NEREA IBARZABAL. Liburuan bertan ez. Nahiago dut koaderno batean aparte idatzi gustatu baldin bazait esaldiren bat edo. Baina bertan, niri ere, egia da, Karlos, ematen didala, ez dakit, sakrilegio-puntu bat edo. Bai. 
MANU ETXEZORTU. Egia da, denborarekin, Nerea, adibidez, ikasle-garaian, igual umetan-edo letra ona daukazu, baina gero ikasle zaren neurrian eta apunteak  hartu behar dituzun neurrian azkar idatzi behar duzunez, letra trakestu ere egiten dela. Ez?
NEREA IBARZABAL. A, bai, bai, izugarri. Eta aldatu ere bai. Ez dakit, zu aldatu zaren bezala zure letra aldatu da, eta nire kasuan, okerrera, txikiagora, gero eta kaotikoagoa (nahasiagoa) da, baina bai. Ez dakit, agian, badaude, ez?, kaligrafia ikertzen dutenak eta pixka bat zure izaera konparatzen dutenak edo, agian ez dakit zer esango luketen, baina bai aldatu dela dezente. Egia da. 
MANU ETXEZORTU. Bai. Medikuen letra txarrak ere fama hori izaten zuen, ez?, letra txarraren fama. Orain ja medikuek ordenadorez idazten dute dena; beraz, ez dago beraien letra, zera, ulertu beharrik.       
B2
2020-05-20
22040356
1387