Presio-eltzea sutan, kontuz!

Sukaldeko ohiko tresna izan arren, beldurra ere ematen digu lehertuko ez ote den.

Idoia Mujikak eltze mota honi buruzko azalpenak eman ditu eta baita bitxikeriaren bat edo beste ere.

Irratsaioa osorik entzun nahi izatera, egin klik hemen.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
ESATARIA. Gaur zientziaren tartean espres-lapikoaz (presio-eltzeaz) aritu behar dugu. Idoia Mujika materialen fisika zentroko komunikazio eta dibulgazio arduraduna, egun on!
IDOIA MUJIKA MATERIALEN FISIKA ZENTROKO KOMUNIKAZIO ETA DIBULGAZIO ARDURADUNA. Egun on, Bea!
ESATARIA. Zer da espres-lapiko berezi hori? 
IDOIA MUJIKA. Bai, zuk esan bezala hainbeste sukaldetan daukagun tresna bat, batzuentzat beldurgarria izaten dena ere bai -eztanda egin dezakeelako- eta oso presio altuetan lan egitekoa dena eta, hartara, janaria azkarrago egosten duena edo sukaldatzen (prestatzen) duena. Historia pixka bat gogoratzearren, zeinek asmatu zuen, Denis Papin fisikaria zen eta "Papinen digestorea" deitu zion bere lehenengo bertsioari eta gaude kokatuta 1679an. Hark asmatutakoa oraindik ez zegoen etxeetan sartuta baizik eta tresna bat zen pixka bat frogatzeko zer pasatzen zen sistema bat itxiz gero eta barruan ura berotzen jarriz gero nola konportatzen zen (jokatzen zuen), ez? Hark neurtutakoa zen 130 graduko tenperaturak hor barruan. Gaur egungoak txikiagoak dira eta, hala ere, 100 gradu baino handiagoak, ez? Hor dago, hain zuzen ere, gakoa: zergatik gauzak egosten diren azkarrago. Ba, bertan dagoen tenperatura 100 gradutik gora dagoelako beti eta zergatik? Galdetzen badizut ura zer tenperaturatan lurrundu egiten (lurruntzen) den?
ESATARIA. 100 gradu. Hori gogoan dut eskolatik. 
IDOIA MUJIKA. Zoragarri! Eta halaxe(n) da. Emandako bero guztia ur-sistema horri, berak erabiliko du egoeraz aldatzen. Hau da: lurruntzen jarraituko du eta jarraituko du 100 gradutan den-den-dena lurrundu arte. Baina zer pasatzen da, adibidez, Himalaiara joaten bagara? Zu zaude misio batean eta esaten du batek "Goazen makarroi batzuk prestatzera" ateratzen du eltzea, berotzen jartzen du eta ur hori irakiten hasten da. Jartzen dituzu makarroiak eta ez dira egosten. Zergatik? Ba, han, inguruan dagoen presioa hain da txikia, ura askoz errazago lurrundu egiten dela: ez dira ezta 100 gradu ere behar. Hori da gakoa. Orduan, hau zergatik esaten dizuet? Ba, erlazio zuzena dagoelako zein tenperaturetan lurruntzen den ura eta zein presiotan dagoen ur hori. Sukaldeetan normalean presio atmosferikoa daukagu baina Himalaian askoz ere presio txikiagoa dago. Ondorioz, tenperatura ere txikiagoa da eta, adibidez, 70 gradu badira nahikoa ura lurruntzeko: 70 gradu horietan makarroiak ez dira egosten. Horregatik(an) behin ulertzen badugu hori, presio eta tenperaturaren arteko erlazioa dagoela, kontrakoa ere espero liteke, ez? Presioa asko handitzen badugu, urak behar duen tenperatura lurruntzeko asko handituko da ere eta hori da eltzean pasatzen dena. Eltzea itxi egiten dugu, sistema berotzen hasten gara eta lurruna hasten da sortzen hor barruan. Lurrun horrek pareten kontra talka egiten du: piiiiiiiii entzuten dugu, ez? Nola hasten den hor gertatzen, ba....
ESATARIA. Eta hor hasten gara sukaldean dar-dar batean ez ote den lehertuko!
IDOIA MUJIKA. Bueno, lasai ze gaur egungoak oso oso seguroak dira. Baina egia da egon zela momentu bat, ba, eltze horiekin pixka bat kontuz ibili behar zena presio oso altuak sortzen direlako hor barruan. Horrek zer suposatzen du? Ur hori lurruntzeko energia gehiago behar duela, geroz eta zailagoa dela ateratzea likidotik eta pasatzea gas fasera ze gas horretan pilatu egiten (pilatzen) ari dira molekula pila bat bata bestearen kontra talka egiten eta, ondorioz, hor barruan sortzen diren tenperaturak askoz handiagoak dira: ez bait diogu uzten eskapo (ihes) egiten. Gaur egun balbula bat daukate segurtasunagatik. gehiegizko presioa ateratzeko baina, hala ere, barruan dagoen festa kriston (izugarrizko) festa da. Hor sartu ditugun salda, sartu dugun haragia, sartu ditugun barazkiak di-da batean egiten dira 120 gradutan lanean ari garelako.
ESATARIA. Ba, pentsa zenbat gauza ikasi ditugun espres-lapikoaren bueltan. Idoia Mujika mila esker, plazerra izan da!
IDOIA MUJIKA. Zuei!
C1
2020-05-19
22034672
00:03:48
964