Logelako pop doinuak

Logelan sortzen diren doinuak edo bedroom-pop delakoa zer den azaltzen du audio honek.

Julen Idigorasek Gazteako podcast batean eman ditu bedroom-pop korrontearen xehetasunak. Nazioartean ezezik, Euskal Herrian ere badira logela-pop egiten duten musikariak.

Podcast-a osorik entzun nahi izatera, hemen duzu.

 

Argazkia: Gaztea (EITB)


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Logelak aspalditik izan dira emankorrak musikari batzuentzat, eta gaur horren inguruan hitz egingo dizuet.  

Sintetizadore merkeak, laurogeigarren hamarkadako sekuentziadoreak, bigarren eskuko gitarrak, ordenagailuak, Casiotone ezagun hori, soinu-txartelak, mikro kaskarren bat eta nerabezaroko fede ameslari hori. Horrela sortu zen bedroom-pop bezala ezagutzen dugun korrontea. Gaur logela-pop edo bedroom-poparen inguruan hitz egingo dizuet.  

Bedroom-popa ulertzeko estetika bat, itxura bat, sonoritate bat eta artista-mota bati erreparatu behar zaie. Modak oso kapritxosoak izan dira beti eta aspalditik dago tendentzia bat, gaztelaniazko mal bien delako hori, edota gauzak gaizki egitea, baina ondo eginez. Kalitate "txarra", kakotxen artean, duten gauzak, baina ondo eginak.  

Hau esanda, kalitate hitza azpimarragarria da bedroom-popa ulertzeko. Kalitateak bost axola, ez du inporta. Horrek zer esan nahi du? Baliabide gutxirekin lehenengo lerroko zerbait egin daitekeela gaur egun, beti ere testuinguru batean ulertuta. Azken finean, hori da logela-popa: testuinguru bat.

Musikan askotan frogatu da ez dagoela ekuaziorik, edo gutxienez gauzak ez direla matematikoak, zorionez. Nola esplika daiteke bestela, Clairoren kasua? 20 urteko neska bat, estatubatuarra, Massachusett-ekoa, bere webkamerekin, bi ordutan kantu bat egin, bideo-klipa grabatu, eta hilabete batzuk pasatu ostean, Coachella bezalako jaialdi erraldoietan jotzen dabilena. Horixe bera gertatu zen Pretty Girl izeneko entzuten ari zaren kantu honekin. Clairok argi du nondik datorren bere arrakasta: algoritmoa dio berak. Youtube edo Spotify bezalako plataformek duten barne-ekuazio ilun edo misteriotsu hori erabakiak "automatikoki", kakotxen artean ere bai, hartzen dituena eta artista bat 20 mila tokitan gomendatu edo ikusezin bilakatzen duena era berean.

Clairoren kasua, hala ere, muturrekoa dela esan daiteke. Bedroom-pop estiloan matematikarekin lortu ezin daitekeen esentzia bat dago: nerabeen freskotasun hori, froga-akats ikasketa hori, konplexu-falta hori... Bueno, azken finean, artista batek barruan duen xarma berezi hori. Gordin-gordin eta estudio edo zigilu handietatik pasatu gabe, horiek, normalean, beranduago etortzen direlako.  

Marie Ulven Ringheim, 99an jaio zen, Norvegian. Azpimarratzekoa da kultura nordikoetan denbora gehiago pasatzen dutela etxe-barruan, halabeharrez. Konfinamendu hori ba aurretik, beste modu batean bada ere, ezagutzen dutela. Egin ezazu zuk, edo do it yourself-aren filosofiakoa bere letrak, bere melankonia (malenkonia), eta benetakoak diren sentimenduak kantu bihurtuta, gaur egun Times Squareko pantailetan agertu dela esan dezake Girl in red, gure bedroom-popeko artista honek.  

Urrutira joan gabe, Euskal Herrian do it yourself ugari egiten da. Denok ezagutzen dugun Belako taldeak, esaterako, adibide oso konkretu bat bilatzearren, Whatsappeko audio bat sartu zuen ahots-pista nagusi bezala Strangers in a box kantuan, ba originala bezain berezirik ez zegoelako antza edo, bueno ba originalak nahiz eta kalitate txarra eduki ba, ez dakit, bazuelako xarma hori, bedroom-popak duen xarma hori. Edota Serrulla musikari donostiarraren kasua.  

Bedroom-popa edo logelako popa aipatzen ari gara gaurko podcast-ean. Serrulla bera autodidakta eta logelako pop-sortzailea hasiera-hasieratik. Mugikorreko audio bezala hasten dira kantuak Family bezalako abesti-puskak bilakatu arte.  

Ezagunenak aurkeztu ditugu gaurko podcast-ean, baina zenbat artista egongo dira oraintxe bertan, benetan ederrak diren diskoak egiten euren logeletan. Bota errua teknologiari nahi baldin baduzue, baina gaur egun frogatuta dago, talentua duen edonork egin dezakeela musika, ordenagailu portatil bat eta instrumentu zahar batekin. Itxurakeriaren munduan badirudi noizbehinka eskertzen dugula gordin-gordin topatzen dugun zerbait. Horixe da bedroom-popa: haize freskoa.       

B2
2020-04-29
21922756
00:03:46
728