Arropa-edukiontziak

Edukiontzietan utzitako arroparen kudeaketari buruzko argibideak eskaini dituzte irratsaio honetan.

Koopera elkarteko Nagorek arropa birziklatzeko edukiontzietan jarritako arropen ibilbidea, eta horren atzean dagoen proiektuaren berri eman digu.

Irratsaioa osorik entzun nahi izatera, egin klik hemen.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
MANU ETXEZORTU KAZETARIA. Gurelur talde ekologistaren arabera, Gipuzkoako enpresa batek hainbat tona-arropa eraman eta botata utzi ditu Ziordian hutsik dagoen pabiloi batean. Arropa hori herritarrek birziklatzeko edukiontzietan utzitako arropa litzateke. Aste honetan zabaldu da Ziordian gertatzen ari dena, baina kontua ez da berria, irailean izan zuten honen berri eta Foruzaingoa gaia ikertzen ari da. Honek mesfidantza eragin dezakeenez, birziklatzeko eta berrerabiltzeko asmoz arropa edukiontzietara botatzen dugunean, arropa horrekin zer egiten duten jakin nahi izan dugu. Koopera kooperatibarenak dira arropa biltzeko edukiontzi horietako asko eta argibide bila jo dugu bertara, adibide bat jartzeko. Nagore Perez, Kooperako Komunikazio Saileko kide da. Nagore, kaixo, egun on! 
NAGORE PEREZ, KOOPERA ELKARTEKIDEA. Kaixo! Egun on guztioi.  
MANU ETXEZORTU KAZETARIA. Kooperaren edukiontziak nola identifikatu ditzakegu? Nolakoak dira? 
NAGORE PEREZ. Ba, gure berrerabilpenaren ontzia oso ezaguterraza da: zuri kolorekoa da eta, apaingarri bezala, barruan utzi ditzakegun objektu desberdinak eusten dituzten eskuekin hornituak daude. Gainera, mankomunitatearen logotipoak daramatzate, Caritasenak, Garbikerrenak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren logotipoak ere.  
MANU ETXEZORTU KAZETARIA. OldBerri eta Caritas ere jartzen dute, edo jartzen zuten, edukiontzi hauetan,  argituko diguzu zer lotura daukaten OldBerrik eta Caritasek Kooperarekin? 
NAGORE PEREZ. Noski baietz! Kooperak badarama(tza) 27 urte enplegu inklusiboa sortzen eta 27 urte hauetan zehar, ba, aldaketak eman dira. Proiektu guzti hauek batu egin ziren zerbait handiagoa eta potenteagobat sortzeko. Hori da, ba, gaur egun Koopera.    
MANU ETXEZORTU KAZETARIA. Gaur egun, zenbat edukiontzi ditu arropak uzteko Kooperak?  
NAGORE PEREZ, KOOPERA ELKARTEKIDEA. Ba, egun Gipuzkoa osoan, 178, baina Euskadin 768 guztira. Badaukagu presentzia estatu osoan.  
MANU ETXEZORTU KAZETARIA. Edukiontzietako arroparekin zer egiten da?  
NAGORE PEREZ, KOOPERA ELKARTEKIDEA. Gure bilketa-taldeak, ba, astean bi edo hiru alditan husten dituzte ontzi hauek, gure kamioi propioekin –segur aski entzuleak Euskal Herriko kaleetatik topatu dituztela–, eta haiek dira arduradunak Mungian dagoen Koopera Reusing Center-era eramateko. Han arropa guztien sailkapen automatizatua egiten da –estatuko lehenengo fabrika da horrela egiten duena– eta, honi esker, hondakin zero izatea lortzen dugu. Gure sailkapen- eta tratamendu-teknikariek erabakiko dute zein izango den arropa hauen bigarren bizitza: bai berrerabilpenaren bitartez –gure 32 koopera Storeetan–, edo birziklapenaren bitartez beste produktu berriak sortzeko. Baina inondik inora ez da zabortegietan bukatuko. 
MANU ETXEZORTU. Zer esan behar nizun? Eta zer kopururekin zabiltzate? Zenbat arropa jasotzen duzue gutxi gorabehera? 
NAGORE PEREZ. Ba, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, herritarrek egiten duten donazioei esker, 2019an 2.500 tona-arropa inguru biltzea lortu genuen.  
MANU ETXEZORTU. Zer pentsatu duzue Ziordiakoa bezalako notiziak entzunda? Zer pentsatu duzue? 
NAGORE PEREZ. Pues, pena bat dela halako gauzak gertatzea. Hala ere, ba, esan bezala, Kooperan donatzen dutenei, ba, jakin dezatela, gure gestioa guztiz gardena dela eta entitate publiko guztien konfiantza dugula. Gizartea eta ingurumena zaintzeko lana egiten dugu egunero eta horrela jarraituko dugu herritarren laguntzei esker, eta, hortaz, ba mila esker eman nahi gura diet herritarrei Koopera gero eta handiagoa izateko laguntzeagatik. 
MANU ETXEZORTU. Bai. Beraz, jendeari esango diogu, Kooperaren kasuan, lasai egon daitezkeela beraiek, zera, uzten duten arropa horrek gero erabilera egokia izango duela, baina horrelako notiziek mesfidantza sortu dezakete, ezta, erabiltzaileen partetik, Nagore? 
NAGORE PEREZ. Bai, esan bezala, gure proiektua irabazi asmorik gabeko proiektua da. Gure helburu printzipala enplegu inklusiboa sortzea eta, orduan, horren aldetik, ba, jakitea… 
MANU ETXEZORTU. Ba, Nagore Perez, Kooperako Komunikazio Saileko kidea: ez dakit beste zerbait erantsi nahi duzun bukatu aurretik edo? 
NAGORE PEREZ. Eskerrak eman herritarrei bai Koopera Storeetan erosteagatik eta baita gure edukiontzietan arropa uzteagatik. 
MANU ETXEZORTU. Eskerrik asko, Nagore! 
NAGORE PEREZ. Eskerrik asko zuei.  
C1
2020-03-12
21665904
00:04:05
439