Ez gara euskaldun peto-petoak

Euskaldun batek izan behar lituzkeen ezaugarri edo topikoetatik zein ez dituen betetzen azaltzen du Idoia Torregaraik audio honetan.

Euskadi Irratiko entzuleei ere luzatu die galdera Idoiak, eta denek azaldu dute zertan aldentzen diren euskaldun izatearen prototipotik.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
IDOIA TORREGARAI UMORISTA. Baina ez dizuet galdetuko, entzule maiteok, ez dizuet galdetuko zer den euskaldun petoa, edo ezaugarriak zeintzuk diren. Alderantziz galdetuko dizuet; hau da, zuek euskaldunen topiko horietatik zein ez duzue betetzen? Hori da interesgarriagoa.
MANU ETXEZORTU KAZETARIA. A, bale! Beraz, euskaldunei atxikitzen zaizkigun topiko horietako zein ez duzun betetzen.
IDOIA TORREGARAI. Hori da.
MANU ETXEZORTU. Oso ondo.
IDOIA TORREGARAI. Adibidez, ba ni sukaldari ona ez naiz, ez naiz sukaldari ona.
MANU ETXEZORTU. Ezta ni ere.
IDOIA TORREGARAI. Baina sukaldaritza euskaldunon, nola esango nuke, ezaugarri, munduan ere kokatzeko ere erabiltzen den label bezala den heinean, hor, ez dakit, puntu asko galtzen ditugu, Manu. Puntu asko galtzen ditugu.
MANU ETXEZORTU. Bueno, zuk adibide batzuk eman nahi dizkiguzu, ezta?
IDOIA TORREGARAI. Klaro. Ba mendizalea ez naizela, ezta, mendizale utopikoa naizela. Mendira joateko ideia eta asko gustatzen zait, eta noizbehin joaten naizenean eta goiko txorizo-bokata hori jaten denean eta hori, zoragarria izaten da, baina gutxitan joaten naiz. Eta egia da joaten naizenean, sufrimendu, nahiko sufrikario nahiko pasatzen dudala…
MANU ETXEZORTU. Horretan ere ez zara euskalduna. Hasi dira, Idoia, entzuleen mezuak…
IDOIA TORREGARAI. Bai. Hori, hori…
MANU ETXEZORTU. “Egun on –dio entzule batek–. Ez mendizaletasunik, ez sagardorik eta ezta txuletarik ere. Ez zaizkit gustatzen: ez mendia, ez sagardoa ezta txuleta ere”.
Beste batek, beste batek: “Ni esatera noana anatema da. Ez dut bertsolaritza maite”. Euskaldun batek aitortu du ez zaiola bertsolaritza gustatzen. Ausarta, entzule benetan ausarta.
IDOIA TORREGARAI. Gaur, Manu, aterako gara armairutik.
MANU ETXEZORTU. Bale. Armairua aipatu duzunez: “Egun on, nik ez dut armairuan mahonezko prakarik”.
IDOIA TORREGARAI. Hori, begira: ze pena! Niri hori asko gustatzen zait.
MANU ETXEZORTU. Beste batek: “Gerria ez dut batere zurruna: jarritako guztia dantzatzen dut”. Ze hori da euskaldunoi, zera, leporatzen zaigun bestea: oso zurrunak garela dantzarako.
IDOIA TORREGARAI. Hori da. Hori da.
MANU ETXEZORTU. Beste batek: “Ni ez naiz batere sagardozalea, indar gutxiko edaria da eta kiratsa desatsegina uzten du”. Kontxo, hemen entzuleak ur handitan sartzen ari dira!
Beste batek dio: “Ni ez naiz oso dantzari trebea euskal dantzei dagokienez”.
IDOIA TORREGARAI. A, begira, horixe, begira ze ondo etortzen zaidan, ze ni ere ez.
MANU ETXEZORTU. Gero esaten da euskaldunak hitzari eusten diola, ezta Idoia?
IDOIA TORREGARAI. Hori da. Hitzari ezta? Beti euskaldun baten hitza oso garrantzitsua dela. Eta, bueno, nik ez dut ukatuko hori, e!, baina ziur beti egia esaten dugula? Nik ez behintzat. Nik batzuetan gezurrak ere esaten ditut, aitortu behar dut. Hemen d(ih)oa beste bat. Eta da kuadrilla.
MANU ETXEZORTU. Uf! Ze gai ukitu duzun!: kuadrilla! Gai delikatua kuadrillarena.
IDOIA TORREGARAI. Bueno, gainetik botako dut.
MANU ETXEZORTU. Inor ez dadila mindu.
IDOIA TORREGARAI. Beti kuadrillarekin ibiltze hori, ezta? Ez dakit. Niri gustatzen zait, baita ere, nire airera (nire kabuz) ibiltzea. Eta gainera, eta bakardadea are gehiago: bakardadea ere oso gustuko izaten dut. Hau da, neure buruarekin eta neure kontuekin bakarrik ibiltzea. Gero, batzuetan ba bueno, kuadrillarekin… Edo beti kuadrilla, kuadrilla, kuadrilla, iruditzen zait batzuetan, ostras, hori ere kate motzean lotzen den zerbait dela.
MANU ETXEZORTU. Entzuleen mezuak, Idoia.
IDOIA TORREGARAI. Bota!
MANU ETXEZORTU. “Euskalduna langile fina omen da. Ba ni alfer hutsa naiz”.
IDOIA TORREGARAI. Euskaldunak apustuzaleak omen gara, ezta? Garai batean diru, eta baserri ugari galdu omen dira hainbat apusturengatik. Eta ni horretan ere ez naiz batere zalea: ez pilota, ez horrelako gauzetan ez. Nik urtean egiten dudan apustua da Zubietako hipodromora.
MANU ETXEZORTU. Zuk urtean egiten duzun apustu bakarra izaten da zaldi-karreretan, Zubietako hipodromoan.
IDOIA TORREGARAI. Bai. Hori da. Joaten naiz bertara, eta bueno, 2 euroko apustua egiten dut, e! 2 eurokoa.
Gero, badago beste, beste zera bat, beste topiko bat edo, eta da euskaldunok ba batez kantariak edo bazkalondorenetan, batez ere otordu ondorenetan ba abestu egiten dugula, ondo abesten dugula. Egia da hor batez ere fama handiena daukatenak Iparraldekoak direla, ezta?
MANU ETXEZORTU. Kantari finak dira, bai.
IDOIA TORREGARAI. Bai, kantari finak direlako. Baina niri hola bereziki bazkalondoetan abesteak ez dit hola ezer esaten. Nik gehiago, nik emozioa benetan eta “Urepelo artzaina” edo “Eperrak” edo abestu behar badut, badakizu non abesten dudan, emozio guztia ateratzen zaidan, Manu?
MANU ETXEZORTU. Non?
IDOIA TORREGARAI. Autoan, gidatzen ari naizenean.
MANU ETXEZORTU. A, bakarrik zoazela. Bukatzeko, beste batek, Idoia: “Euskaldunak sexurako lotsatiak edo ligatzeko traketsak. Horretan bai naizela petoa”, dio hemen entzule batek.
B2
2020-02-26
  • Idoia Torregarai
21572280
00:04:36
1070