Diabetesa, uste baino zabalduago

Ez da beste gaixotasun batzuk adina aipatzen komunikabideetan, eta askok, gainera, ez dakite diabetikoak direla.

Gaixotasun honen inguruko azalpenak eman ditu Euskadi Irratiko Baipas programan Josu Lopez-Gazpio irakasleak: diabetes-motak, sendabiderik badaukan...


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

OLAIA URTIAGA KAZETARIA. Baipasean orain zientziari egin behar diogu tartea. Eta gurekin dugu gaur Josu Lopez-Gazpio, Fisikako eta Kimikako irakaslea, Kimikan doktorea eta zientzian dibulgatzailea. Arratsalde on.
JOSU LOPEZ-GAZPIO IRAKASLEA. Arratsalde on.
KAZETARIA 2. Eta zergatik diabetesaren inguruan, Josu? Zergatik aukeratu duzu gai hau?
J.L.-G. IRAKASLEA. Ba diabetesa nahiko gaixotasun arrunta da, ematen duena baino arruntagoa. Gutxi gorabehera jotzen da biztanleriaren % 10ak edo izan dezakeela diabetesa, horietako batzuk, %5a inguru, diagnostikatuta, baina beste hainbat daude diagnostikatu gabe, eta baita dieta txarraren ondorioz edo kirol faltaren ondorioz diabetesa izateko arriskuan edo bidean egon daitezkeen hainbat pertsona daude.
KAZETARIA 2. Aipatu duzu datua, zer den eta zergatik sortzen den azalduko diguzu.
J.L.-G. IRAKASLEA. Bai. Agian lehen pausua da ulertzea zein den gorputzaren funtzionamendu normala; hau da, azken batean diabetesa funtzionamendu horren akats bat, eta lehenik jakin beharko genuke nola funtzionatzen duen gorputzak ba arazorik ez daukagunean. Guk, normalean, jan ondoren hainbat elikagai sartzen ditugu eta hauek osatuta daude karbohidratoz, proteinaz eta abar. Guzti honen ondoren gure gorputzak osagai horiek zatitu egiten ditu, txikitu, eta horietako osagai bat da glukosa. Nahiko osagai ugaria eta beraz, jan ondoren, glukosa edo azukre-kontzentrazioa asko igotzen da odolean. Momentu honetan pankreak ikusi behar du odolean glukosa-kontzentrazioa altua dela, eta horren aurrean intsulina jariatzen du. Intsulinaren helburua da glukosa zeluletara sartzea guk glukosa hori erabili ahal izateko, gure energia-iturri moduan. Guk energia behar dugu mugitzeko, ikusteko, arnasa hartzeko, guzti honetarako, ba iturri bezala, glukosa erabiltzen dugu.
KAZETARIA 2. Eta glukosa hori sartzeko intsulina falta dagoenean, hor sortzen da arazoa, ezta?
J.L.-G. IRAKASLEA. Hori da, ez bakarrik horregatik, baina nagusiki hori da; diabetesa horixe da, odoleko glukosa-kontzentrazioa behar baino altuagoa mantentzea eta ezin murriztu ahal izatea.
KAZETARIA 2. Eta nagusiki bi motako diabetesak daude, gozoa eta zapore gabea.
J.L.-G. IRAKASLEA. Gero, diabetesaren barruan badira bi mota nagusi. 1 motakoa eta 2 motakoa. Eta hauek bai lotuta daudela glukosa-kontzentrazioarekin. 1 motako diabetesa lotuta dago pankrean egon daitezkeen akatsekin, alegia, pertsona horrek ez dauka gaitasuna intsulina ekoizteko. Hori da, orduan, glukosa odolean geratzen da, eta kontzentrazio altuegi batean geratzen da. Eta hau epe luzera arriskutsua izan daiteke. Hori da 1 mota. Eta normalean 1 motakoa agertzen da haurtzaroan, eta lotuta dago, ba, adibidez, gaixotasun biriko baten ondorioz, edo gaixotasun autoimmune bat da, ez dena hartzen pertsona horrek izan dituen ohiturengatik. 2. motakoa, aldiz, eta ugariena dena da, agertzen dena helduaroan eta honen kausa da ba elikadura txarra, kirol falta, eta kasu honetan gaixoek intsulina badute, pankreak ondo funtzionatzen du, baina intsulina hori zelulekin kontaktuan ez du kontaktu eraginkorra egiten nolabait. Kasu honetan ohitura txar horien ondorioz, intsulina ez da modu egokian lotzen zeluletara, eta orduan arazoa berdina da: intsulina badago, baina ez da ondo lotzen, eta hortaz, glukosa ezin da zeluletara sartu.
KAZETARIA 2. Eta sintomak noiz agertzen dira?
J.L.-G. IRAKASLEA. Kasu batzuetan sintomak izan daitezke nahiko bortitzak, batez ere 1 motako diabetesaren kasuan, sintoma nagusiak dira: pixa egiteko behar handia, egarria, baita energia ez denez lortzen modu egokian, nekea, edo arazo kardiobaskularrak eta abar. 2. motako diabetesaren kasuan, posible da urte askotan zehar sintomak ez nabaritzea, eta pertsonak honek gaixotasuna izatea baina ez jakitea; izan ere, ez du ondoriorik hainbat urtetan, eta momentu batean pixkana hasi daitezke sintoma hauek agertzen.
KAZETARIA 2. Eta gaur egun ze tratamendu daude diabetesari aurre egiteko?
J.L.-G. IRAKASLEA. Ba badaude sendagai batzuk, batez ere farmakoak…
KAZETARIA 2. Pilula bidez, ez?
J.L.-G. IRAKASLEA. Bai. Batzuk pilula bidez eta beste batzuk, intsulina injektatzea. Diabetesa, batez ere 1 motakoa dutenek ez dutenez intsulinarik ekoizten, ba injektatu egin behar dute, kontrolatu behar dute glukosa-maila eta beharrezkoa denean ba intsulina injektatu.
KAZETARIA 2. Bukatzeko, diabetesaren aurkako prebentzio-neurriak-edo zeintzuk izan daitezke?
J.L.-G. IRAKASLEA. Bai. Hori da batez ere, 2. motakoaren kasuan badakigu prebentzioa zein den, dieta osasungarria, kirola eta abar, eta kasu honetan esan behar da bigarren motako diabetesa dutenak ere guzti hau zainduta, posible dela gaixotasunari buelta ematea, posible da sendatzea.

B2
2020-02-04
21450946
00:05:45
611