Noiz eta nola sortu ziren lehen baserriak?

Baserria euskaldunon bizitzaren eta kulturaren oinarria izan da aspalditik, baina badakizu zer garaitan eta zer dela-eta sortu ziren?

Baserriaren historiari buruz aritu da Juanjo Larrea historialaria ETBko Ahoz Aho saioan. Euskal Herriaren historian, ekonomian eta gizartean baserriak berebiziko garrantzia izan duela azaldu du; bestalde, lehen baserriak XV-XVI. mendean sortu zirela nabarmendu du irakasleak.


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
ILAZKI SERRANO.- Ba aprobetxatuko dugu Juanjoren bisita, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Erdi Aroan aditu bere (ere) bai, eta argazkitxo batzuk zeuk bialduta. Bueno, hasiko gara. Apurtxo batean nondik norako bidaia hori egiten. Zer argazki ederrak ikusi behar ditugun, eta zer kontatuko diguzun…
JUANJO LARREA.- Bai. Ederrak baitira bai.
ILAZKI SERRANO.- Ederrak.
JUANJO LARREA.- Bai. Hasteko, kasik ez da deskribatu behar. Denok daukagu gogoan baserria zer den, ezta? Hau da, baserriek badute, egia esan, arkitektura tradizional deitzen den horretan, oso izaera markatua, denok gogoan daukaguna: eraikin handi bat, blokea osatzen duena, patiorik gabekoa, isolatua –ez oso urrun beste baserri, inguruko baserrietatik, baina bai isolatua–, funtzio asko biltzen dituena barruan, hau da, bizitokia, baina baita ere biltegia, baita ere ustiategia, hau da, ganadua dago eta dolareak eta dena… Lantegia ere bai. Eta ez bakarrik aspektu materialak, baita ere aspektu juridiko bereziak dauzkanak, heredentzia-sistema berezi bat eta, beraz, familia-eredu bat ere baserriarekin lotuta.
Eta baserriekin zera gertatzen da, baserriak agertzen direla kasik eztanda bat bezala, baserritzat ezagutzen duguna agertzen da XV-XVI. mendeetan, hau da, Erdi Aroa bukatzen denean eta Aro Modernoaren hasieran. Bi belaunalditan hasten dira baserriak alde guztietatik agertzen, eta, hain zuzen ere, garai hori izan da Euskal Herriaren historian –batez ere Bizkai, Gipuzkoaren historian– industrializazioa baino lehen egon den garairik dinamikoena, irekiena, mugikortasun handienekoa. Hamarkada horietan, hau da, batez ere kostaldeko lurraldeetan, badugu ekonomia ireki bat, burdingintza disparatu da, Europa osora esportatzen da hemengo burdina, lurraldea burdinolez josita dago, burdinolek dakarte lana eta enplegua nekazaritzatik kanpo jende askorentzat.
Burdinoletan olagizonak bezala, lan egiten, baina baita ere ikazkinak eta mandazainak, basozainak, eta igeltseroak eta notarioak eta abokatuak eta tabernariak… eta mundu oso bat horren inguruan lan egiten duena. Eta agian adierazgarriena zera da, lehenengo baserrien ereduan topatzen dugu, ikusten dugu, Erdi Aroaren bukaeran, Gipuzkoan, baina baita ere Bizkaian, Durangaldean eta, agertzen da etxe-mota bat, guztia, dolare erraldoi baten inguruan eraikita, han, grafiko horretan ondo ikusten da, gorri hori da habe handi bat, 9-13 metrokoa, kontrapeso bat, 1.700-2.000 kilokoa, palankako dolarea da, etxe guztia kasik, dolarea etxera sartu baino [gehiago], etxea dolarera sartzen da. Eta lehenengo baserriak lurralde askotan dira…
ILAZKI SERRANO.- …ganbara-erdi batekin ulertu behar dugu ere bai.
JUANJO LARREA.- Bai, baina, batez ere, baina ganbara hori ere da dolarearen parte bat.
ILAZKI SERRANO.- Hori da, bai.
JUANJO LARREA.- Askotan baserri hauetan ez dago ganadurako lekurik oraindik. Dago bizitokia…
ILAZKI SERRANO.- Hori esan nahi nuen: kortan bizi beharko, korta barik, bertan bizi…
IKERTZAILEA. Hori da Igartubeiti.
ILAZKI SERRANO.-. Bai.
JUANJO LARREA.- Hori Ezkio-Itsason dago.
ILAZKI SERRANO.- Bai.
JUANJO LARREA.- Interpretazio-zentroa da.
ILAZKI SERRANO.- Ikusi daiteke eta oso gomendagarria bertara joatea.
JUANJO LARREA.- Bai. Han urtean-urtean egiten dute prozesua, baina ez da ailegatu bat ere gure garaira sistema horrekin. Geroko dolareak askoz ere txikiagoak dira. Orduan, hori, dolareak eraikin guztia baldintzatzen du. Atera da baita ere beste bat Berrizen, esango dut, Besoitaormaetxea baserria baita ere, berregin dutena, Berrizen baita ere. Han ikusten da habe handia, hori da Igartubeiti, eta hori dena berez da dolare erraldoi bat. Klaro, hau zergatik? Merkaturako. Lehenengo baserriak sortzen dira merkatuarekin lotuta. Sagardoa behar da gizarte guztietan, baina batez ere jende asko ez da bizi nekazaritzatik, erosi egiten du. Sagardoa behar da langileentzako. Orain, printzipioz, ez da gomendatzen, baina berez, bizi osoan lan gogorrak egiteko, alkohola edanda. Eta sagardoa, alkohola, oso inportantea da nabigaziorako.
ILAZKI SERRANO.- Ura usteldu egiten delako.
JUANJO LARREA.- Ura usteldu egiten da. Hori da. Eta alkoholak laguntzen du urtean. Urtean-urtean ateratzen ziren barku guztiek, Ternuara, balearen bila, Flandriara, erosten zuten, hartu behar zuten hori. Antzeko zer edo zer gertatzen da gariarekin. Eskaria disparatzen da, gariaren prezioak igotzen dira, eta mende hauetan ugaltzen dira baserriak, ordura arte ganadurako, hau da, zelaiak izan diren esparru asko, baserri bihurtzen dira, eta gari-lur bihurtzen dira prezioak igo direlako, eta hor ere barkuetarako, “galletak” egiteko, –marinelek eramaten zutena– behar da. Hau da, baserriaren sorrera berez modernitatearekin dago lotua, ez Erdi Arotik datorren arkaismo batetik, baizik eta eztanda bat, eztanda ekonomiko bat egon zelako, eta hor txertatzen da baserria.
C1
2020-01-10
21243116
00:05:16
1059