Alkoholaren gizartean bizi gara?

Norbait ezkontzen denean, lagunekin geratzen garenean, laguna agurtzean… edozein aitzakia baliatzen dugu alkohola edateko.

Ana Iruretagoyena kazetariak alkoholak gure ohituretan eta harremanak bideratzeko duen presentziaren norainokoaz gogoeta egin du, eta etorkizun hurbilean alkoholik gabeko guneak eratzea irtenbide interesgarria litzatekeela dio.

Jon Intxaurraga gazteak uste du alkohola droga denaren kontzientziarik ez dugula. Eta zuk zer uste duzu alkoholak gure gizartean duen garrantziaz?

 Irratsaio osoa hemen duzu entzungai.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

NAGORE TELLERIA.- Alkohola da gehien kontsumitzen den droga menpekotasunen ikerketan eta prebentzioan ari den AGIPAD elkarteak eman ditu datuak. Menpekotasunari aurre egiteko aurten laguntza eskatu dutenen artean % 28 da alkoholak mendean hartu dituenak. Laguntza eskatu dutenen emakumetan 10etik 4k dituzte alkoholarekin arazoak eta gizonetan % 24k alkoholarekin. Bataz beste adina 40 urte, baina 30etik 40rako tarteak gora egin du.
Eta zenbat denboraz sofritu duten arazoa elkartera laguntza eskatzera joan aurretik? 15 urtez gehienek, 10etik 7 kasutan. Prebentzioan eta adikzioetan lanean ari direnek esaten dute “alkohola da gehien kontsumitzen den droga”.
Beno, menpekotasuna bakarrik ez, kontsumoari begiratuta zer leku du alkoholak gure bizitzan, zenbateraino hartzen du erdigunea. Ba, gaiaz galdezka ibili da Alba Cabrera gure lankidea Leioan, unibertsitatean eta Bilboko autobus geltokian.

ALBA CABRERA.- Zuk alkohola edaten duzu?
GAZTEA 1.- Bai, normalean lagunekin eta familiarekin, baino batzuetan be bai (ere bai) sukaldatzen (kozinatzen) baldin banago ardotxo bat jartzen do(u)t.
GAZTEA 2.- Beti festetan eta horrela, parrandan ateratzen naizenean eta igual asteburuan zehar pintxo potean kuadrillakoekin ateratzen naizenean zerbeza bat edo horrela.
GAZTEA 3.- Lantzean behin eta batez ere asteburuetan, tabernara joaten naiz zerbait hartzera, bakarrik. Nire kasuan kontsumoa ez da hainbeste jai giroarekin, baizik eta momentu lasai batekin erlazionatzen dut, ez hainbeste jai giroarekin.
GAZTEA 4.- Ez dut inoiz edan, ez dut inoiz ezer probatu eta egia esan ez dit (nau) erakartzen ere ez.
NAGORE.- Azkeneko erantzun hori egin al zaizu deigarriena? Inoiz probatu ez duenarena?
ANA IRURETAGOYENA.- Bai, gazteleraz esaten da “la excepción que confirma la norma ez?” Edo, bai, beno, hala hartu dutenek behintzat.
NAGORE.- Bai. Aste honetan Bizkaiko Gizakia programako buruari entzun diogu, Estibaliz Barroni berak gure gizartea nola ikusten duen eta dio gizarte alkoholiko izatetik ez gabiltzala oso urruti. Jon.
JON INTXAURRAGA.- Sozializatzen dugun bakoitzean alkohola dago eta beti egoten da alkohola tartean, eta alkohola hartzen ez duenari beti broma egiten zaio. Badago presio puntu hori.
NAGORE TELLERIA.- Bai, broma edo esplikazioak eskatu eta esan behar: “antibiotikoak hartzen ari naiz” edo ez dakit zer edo…

ANA IRURETAGOYENA.- Bai, azalpenak eskatzen zaizkio, hori da. Beharbada arratsaldeko testuinguru batean ez, baina gaueko testuinguruetan bereziki oso bortitza izaten da nola intsistitzen zaion alkoholik edan nahi ez duen pertsona horri zerbait sikiera hartu dezan ez? Ze, bai, ni bat nator gizarte alkoholiko bat izatetik ez gaude batere urrun. Bereziki sozializatzerako garaian edozein momentu, eguneko edozein momentu, bihurtu daitekeelako aitzakiagarri alkohola edateko ez?

Gure gizartean, gure belaunaldian daukat sentsazioa, esate baterako, ez dakigula ligatzen alkoholik edan gabe ez? Badirudi desinhibizio, alkoholak ematen duen desinhibizio hori gabe ez garela gai ligatzeko, ez garela gai sexu-harreman arrunt bat hasteko. Eta hori super kezkagarria da, hasten baldin bagara pentsatzen nondik eraikitzen ditugun harreman horiek ez?

Nik gelditu nahiko nuke nolabait irakurketa positibo bat egitearren honen inguruan e. Tabakoaren irakaspenarekin edo ez? Gaur egun bizi gara momentu batean non dauzkagun espazio gehienak kerik gabekoak diren, eta espazio espezifikoak eskaintzen diren soilik erretzaileentzako. Nik uste dut indarra jarriko balitz posible litzatekeela alkoholarekin ere antzeko bideren bat hartzea.
B2
2019-11-19
21087084
00:03:32
1033