Arantxa Urretabizkaiarentzat Anton Abbadia saria

Gipuzkoako Foru Aldundiak abenduaren 2an emango dio saria idazle donostiarrari, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan.

Garai zail askotan euskararen alde egindako lana aitortu dio erakundeak, azpimarratuz euskara aro modernora ekarri duen belaunaldiaren ordezkaria dela, eta aitzindaria euskal literaturan emakumearen gaineko imajinarioaren aldaketan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
ESATARIA. Gipuzkoako Foru Aldundiak Arantxa Urretabizkaia idazleari emango dio aurtengo Anton Abbadia saria. Garai zail askotan euskararen alde egindako lana aitortu dio erakundeak, azpimarratuz euskara aro modernora ekarri duen belaunaldiaren ordezkari dela eta aitzindaria dela euskal literaturan emakumearen gaineko imajinarioaren aldaketan. Erabakia esker onez hartu du idazleak. Gaur Literaktum jaialdiaren jardueran parte hartuko du Karmele Jaioren azken eleberriaren aurkezpenean. Donostiako Elkarren izango da hori, arratsaldeko 7etan. M. Jose Uria.
M. JOSE URIA. Arantxa Urretabizkaiak euskararen alde egindako lana eta euskal literaturan emakumearen iruditeria aldatzeko egin duen ekarpena nabarmendu ditu Gipuzkoako Aldundiak, aurtengo Anton Abbadia saria emango diola jakinarazi duenean. Eider Mendoza Foru Aldundiko bozeramalea.
EIDER MENDOZA. Euskararen aldeko langintzan aritu dela beti. Belaunaldi baten ordezkari dela euskara batuaren gauzatzean eta baita bere garapenean eta erabileran. Eta emakume aitzindaria dela literatura modernoan.
ESATARIA. Arantxa Urretabizkaiak esker onez hartu du saritua izango dela zioen albistea.
ARANTXA URRETABIZKAIA. Lehenengo gauza eskerrak ematea da; niretzat, behintzat, norbaitek aintzat hartzen badu zure lana. Euskarak ez dit niri ezer zor, baina nik euskarari asko zor diot, nire bizitzaren zati handi bat delako, naizenaren zati handi bat delako.
ESATARIA. Genero-ikuspegitik begiratuta ere, euskal letrei egindako ekarpena nabaritu dute saria erabakitzerakoan. “Zergatik panpox” da, esaterako, euskal literaturan emakume batek plazaratutako lehen eleberria. Bere obren artean beste hauek ere badaude: Maitasunaren magalean, Koaderno gorria, 3Mariak, Zuri-beltzeko argazkiak, Bidean ikasia, gaztelaniara eta zenbaitetan ere beste hizkuntza gehiagotara ere itzuliak izan diren lanak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak (19)96an sortu zuen Abbadia saria, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko. Azken urteotan
saria irabazi dutenen artean daude, besteak beste, Ahotsak.eus ataria, Ibon Sarasola, Moriarti ekoiztetxea, Kike Amonarriz eta Ixa taldea.
B2
2019-11-13
21044433
00:02:16
625