Dokuteka
Hotzikarak 8: Le fondement roman
| Egilea: Xavier Del Valle Musika: Jean Louis Argus Zuzendaria: Olatz Beobide Aktoreak: Maite: Karolina Sainz de Vicuña Maria: Nagore Aranburu Mutila: Aitor Gabilondo Joanes: Mañu Elizondo Jon: Xabier Alkiza. Nerea: Miren Aranburu Kanposantuko zaintzailea: Kepa Gallego Irakaslea: Marian Galarraga |
Maite: Aizu, barkatu, non da azterketa baten tabloia?
Idazkaria: Adarra jotzen ala? Lehenengo solairuan, beti bezala.
Maite: Jesus, eskerrik asko! Hori da hori mutil piperra! Asteazkena, hamabi, bederatzi eta erdietan, latina.
Maria: Maite, ez dun posible. Hi hemen?
Maite: Bai ba, azterketa-eguna gerturatu ahala, badakin!
Maria: Kurtso-hasieratik agertu gabe, a ze gibela, eta gero, gainera, dena gainditzeko, betiko moduan.
Maite: Badakin, gustuko lekuan.
Maria: Filologia Erromanikoa heure kabuz ikasi eta azterketa gainditzea ez dun egunero ikusten dun gauza.
Maite: Beno, badakin, irakasleei bonboi batzuk, negar pixka bat egin, lanean nabilela, urrutitik etorri behar dudala...
Maria: Ai, ez daukan eskrupulorik!
Maria: Ai, hurrengo asaltorako garaia. Azterketetan ikusiko dinagu elkar. Adio!
Maite: Adio, bai.
(tren-hotsa)
Treneko ahotsa: Hurrengo geltokia: Altsasu
Maite: Karrera amaitzean gehiago irteten hasi beharra daukat: lana, ikasketak, ikasketak, lana.... Ai, asma alu honek akabatuko nau!
Jon: Maite, lortu dinat, kostata e?, Le fondement roman liburua, Durangoko liburutegian entxufismo bidez bereganatutako erlikia. Sukaldeko mahaian utzi dinat. Zaindu, eh? Agur.
Maite: Bibliografian azaltzen den liburu eskuraezina. Ai, nire anaia kuttuna beti laguntzeko prest. Zer egingo nuke bera gabe. Ahhh, ikasten hasiko naiz loak hartu aurretik. "Els patriars est mortu duo": boa, a ze txapa! Ea nire anaiaren erlikia! Ze arraio jartzen du ertz honetan? Mila bederatziehun eta laurogeita bederatziko uztailak hogeita lauan: azterketa-eguna izango da hori? Kapitulu hau erori ote zen azterketan? Auskalo. Ondo ikasi beharko dut.
(ate-hotsa)
Maite: Nor arraio izango ote da ordu honetan? Bai, nor da?
Nerea: Nerea Altuna naiz, zure ikaskidea.
Maite: Ez zaitut ezagutzen, ezta? Noski, ez bainaiz inoiz joaten.
Nerea: Neu ere gutxitan joaten naiz.
Maite: Sartu, sartu barrura. Ez zara Altsasukoa, ezta?
Nerea: Ez, Etxarrikoa naiz.
Maite: Etxarrikoa, eh? Eta zer nahi zenuen?
Nerea: Hurrengo astean azterketak hasten direla eta, ostiraleko azterketarako apunteen eske nator.
Maite: Ba, begira, klaseko apunteak lortu ditut. Itxaron. Zer arraroa, itxura retro horrekin eta, Jesus, a ze bisajea, egunetan lorik egin ez balu bezala. Tori, hauexek dira.
Nerea: Hauekin ez dut gauza handirik egingo. Nireak antzekoak dira. Ez al duzu besterik?
Maite: Ba, ke ba; ez, ez. Besterik ez.
Nerea: Beno ba, eskerrik asko hala ere. Zorte on.
Maite: Bai, agur. Ahhh, ala por ahí, zer pentsatzen zuen, lortutako liburua emango niola, horrela, ezagutu gabe? Baita zera ere! Ederra dago ba apunteen merkatu beltza. Uiii, oheratu aurretik, mila bederatziehun eta laurogeita bederatzian eroritako gai horri gain-begirada bat eman beharko diot.
Irakaslea: Bukatzen joan. Azterketa erraza jarri dizuet.
Maite: Bai arraroa, ez dut ditxosozko Nerea hori ikusten.
Irakaslea: Berehala jasoko ditut.
Maite: Beno, beno, lehen azterketa gainditzeko moduan zagon, Maite!
Irakaslea: Mila esker.
Maite: Barkatu, Nerea Altuna aurkeztu al da?
Irakaslea: Ez dakit ba; itxaron. Ez, eta gainera, ez dago ikasgai honetan matrikulatua.
Maite: Ah ez?
Irakaslea: Nerea Altuna diozu... ? Ez da inon ageri. Nerea Altuna, bai. Karrera amaitu gabe baja hartu zuela uste nuen. Hala ere, Joanes Urrutikoetxea izan zen bere irakaslea. Galdetu berari. Bigarren solairuan du bulegoa.
Maite: Ez da posible.
Irakaslea: Amaitu da denbora, ekarri hona azterketak. Ez duzue minutu batean egingo, ordubetean egin ez duzuena.
(ate-hotsa)
Joanes: Bai? Aurrera.
Maite: Joanes Urrutikoetxea?
Joanes: Kontsulta-orduak hamarretatik hamaika eta erdietara dira.
Maite: Neure kontsulta extra-ofiziala da.
Joanes: Extra-ofiziala? Zer da ba extra hori?
Maite: Nerea Altuna zure ikaslea izan al zen?
Joanes: Bai. Penagarria neskatxa horren amaiera. Ez dut inoiz ahaztuko.
Maite: Amaiera? Beraz, ez da berriro matrikulatu?
Joanes: Adarra jotzen ala? Hildakoek ez dute azterketa egiteko gaitasunik.
Maite: Hilda? Nola...?
Joanes: Bai, oso arraroa izan zen. Susmoak ibili ziren gurasoek asko ikastera behartzen ote zuten. Depresio handiak zituela, eta abar, eta abar Erromanikoko azterketa egin ondoren aurkitu zuten zintzilik. Bere buruaz beste egin zuen.
Maite: Ez zuen gainditu?
Joanes: Ez. Aurre-igarpen bat izan balu bezala. Kaben Dios...
Maite: Banengoen...
Joanes: Laurogeita bederatziko uztailan utzi gintuen. Ezagutzen zenuen?
Maite: Ezagutu, ezagutu... Eeez. (...)
(itolarri-hotsa)
Maite: Hau ezinezkoa da. Ziria sartzen ari zaizkit. Baina zein, eta zergatik? Gaizki ulerturen bat izan behar du.
Treneko ahotsa: Hurrengo geltokia, Etxarri-Aranatz.
Maite: Barkatu, pasatzen utziko?
Kanposantuko zaintzailea: Kanposantuko bisita-ordua zortzietan amaitzen da.
Maite: Bost minutu besterik ez dira izango. Laguntzen badidazu, agian gutxixeago.
Kanposantuko zaintzailea: Zer behar duzu?
Maite: Altuna sendiaren panteoia?
Kanposantuko zaintzailea: Bigarren korridorearen amaieran.
Maite: Eskerrik asko.
Kanposantuko zaintzailea: Bizkor, eh!
Maite: Ez da posible, hemen dago: Nerea Altuna Ibarrola. Mila bederatziehun eta laurogeita bederatziko uztailak hogeita lauan lurperatua. Laurogeita bederatziko uztailak hogeita lau. Data hori, uztailak hogeita lau. Liburuan apuntatutako egun bera. Beraz, irakasleak arrazoi zuen, laurogeita bederatziko uztailak hogeita lauan azterketa egin ondoren egin zuen bere buruaz beste, liburuko egun berbera.
Jon: Une honetan ez nago etxean. Utzi mezua soinutxoaren ondoren. Eskerrik asko.
Maite: Kaka, Jon, deitu iezadak ahal duanean, istorio oso arraro batean sartuta nagok. Hik ekarritako liburua medio... Begira ez zakiat nondik atera huen, baina liburuak zerikusia duela uste diat... Oso beldurtuta nagok. Kaka, kaka, zergatik niri? Bihar azterketa, eta ezin kontzentratu! Ai ama, zein ote da? Ezin liteke izan, ez dut adorea galdu behar. Nor da?
Nerea: Nerea naiz, unibertsitatekoa.
Maite: Zer? Zer nahi duzu?
Nerea: Apunte bila nator. Bihar azterketa dugu, eta ez dut ikasgaia prestatzerik. Baduzu uzteko zer edo zer, apunterik edo?
Maite: Bai. Bai. Egia... Badaukat, badaukat liburu interesgarri bat... Tori, tori.
Nerea: Kaixo, laztana, denbora luzea neraman bere bila. Orain dela asko eskuetatik kendu zidaten. Liburu hau gabe ezin izan nuen azterketa gainditu. Orain berreskuratu dudanez, gehiago ikasiko dut. Mila esker.
Maite: Agur!
(ate-hotsa)
Maite: Azkenean atsedena hartuko duzu zure zerraldoan.
(txirrin-hotsa)
Irakaslea: Agortu da zuen denbora, geratzen zareten guztiak ekarri azterketak. Ondo al zaude neska? Aurpegi txarra duzu.
Maite: Egia esan ez dut gainditzeko moduko azterketa egin.
Irakaslea: Tira, hurrengoan izango da.
(txirrin-hotsa)
Mutila: Entzun duzu Erromanikoko ikasle horrena? Astebete zeraman ustelduta zintzilik, badirudi ezin zuela jasan azterketa ez gainditzea.
Nerea: Bai, ezagutzen nuen. Horrela estutzea ere! Hemen naukazu ni primeran, azterketa gainditu gabe ere, hala!
Mutila: Mutila: Baita neu ere, konplikaziorik gabe. Jendeak gehiegi ematen dio buruari. Zer axola du ba azterketa bat gora-behera, ez dago presarik.
Nerea: Nondik atera duzu liburu zahar hori?: Le fondement roman. Zer da?
Mutila: Bibliografia guztietan ateratzen den liburu eskuraezina.
Nerea: Egina zagon orduan: irailean ikasgai bat gutxiago zerrendarako.
Mutila: Ja, ja... Irailean ikasgai bat gutxiago, ikasgai bat gutxiago...
Mamua: Edo ikasle bat gutxiago, ja, ja, ja....
