Dokuteka
Hotzikarak 6: Basoaren bila
|
Egilea: Harkaitz Cano |
Nagusia: Zazpi egun dituzue baso hau behera botatzeko. Orduan eta lehenago hasi, are lehenago bukatuko duzue.
Langile 1: Nik ez dut zuhaitz bat bera ere behera botatzeko asmorik. Eta gutxiago gauez. Baso hau sorginduta dago.
Nagusia: Ez dut sineskeriarik nahi. Memelokeriak dira horiek. Begiratu horri: zuhaitzen hostoak beti gorrituta daude. Eta badakizue zergatik?
Nagusia: Zergatik? Zokor-mazo!
Langile 1: Borroka odoltsu bat izan zelako hemen. Hemen azpian gorpuak eta gorpuak daude lurpean.
Nagusia: Hago isilik! Nahikoa egin genian hiri lana emanda gizajo horri: begia galdu huenean buruaren zati bat ere galdu huen. Hobe huke hire txima luze horiek moztu. Partxearekin eta hire ile luzearekin ez zekiat zer ematen duan, eta ken ezak sonbreiru gorri hori, barregarria duk eta.
Langile 1: Putakume hori!
Langile 2: Tira, Iban, utz ezak, egin egingo diagu, eta kito! Ez iezaiok kasurik egin.
Langile 1: Ezta pentsatu ere. Nik, nik dakidana jakingo bahu ez huke gauza bera pentsatuko. Ez dut gauez lan egiteko asmorik. Nazkatu nauk.
Nagusia: Gauez lan egin nahi ez baduk, ez gauez eta ez egunez. Ez haugu behar. Alde hemendik!
Langile 1: Damutuko zaizue. Goazemak hi. Ez diagu hau zertan jasan.
Langile 2: Ez, ez, Iban, ni geratu egingo nauk. Badakik, Laura eta bikiak. Lan hau behar diat.
Langile 1: Ongi da. Heuk ikusi. Ez gero esan ez nianik abisa.
Nagusia: Zeren zain zaudete? Lanera denok.
(trumoi-hotsa)
Neska: Uf, oso urrun al dago?
Mutila: Ez. Iristear gaude. Hala uste dut behintzat. Bidea gauez egiten dudan lehen aldia da.
Neska: Ahhhh!
Mutila: Baina zer gertatzen zaizu?
Neska: Ez al duzu hori ikusi?
Mutila: Zer ikusi behar nuen? Tximista bat besterik ez da izan.
Neska: Ez. Hor. Begiratu hor.
Mutila: Txorimalo bat da, neska. Ikusten al duzu hori? Benetakoa ematen du, a zer kiratsa! Eta partxe bat ere badu.
Neska: Ez al da txorimaloak soinean duen hori Bob Marley-ren kamiseta?
Mutila: Txorimalo reagge bat da, rasta itxurakoa.
Neska: Uf, hau bai sustoa!
Mutila: Begira: sonbreiru gorri hori ere ez al da polita? Kendu egingo diot.
Neska: Unai, mesedez. Badugu aurreragoko lanik.
Mutila: Ongi da. Ongi da.
(trumoi-hotsa)
Mutila: Iristen ari gara. Hori da etxea.
Neska: Kakalardo etxola hori? Zu erotuta zaude gaua hor pasako dudala uste baduzu.
Mutila. Ez daukazu beste aukerarik maitea.
Neska: Hemen ez da inor bizi. Goazen, goazen hemendik beranduegi izan baino lehen.
Mutila: Zaude. Pausoak entzuten dira barruan. Ireki!
Neska: Alferrik da, ez dute irekitzen. Onena autora itzultzea izango da.
Mutila: Bada zerbait oraindik esan ez dizudana.
Neska: Zer?
Mutila: Pixka bat galduta gaudela uste dut.
Neska: Pixka bat galduta, pixka bat galduta? Azaldu hori! Nola da posible pixka bat galduta egotea? Edo galduta zaude edo ez zaude. Zer da zuretzat pixka bat galduta egotea?
Mutila: Ba hori. Ez nagoela oso seguru autora nola bueltatu.
Neska: Alua. Kabroi galanta zara zu. Neuk bilatuko dut ba autoa Ez da hain zaila izango.
Mutila: Ana, Ana! Itxaron! Nora zoaz? Hortik ez.
(motozerra-hotsa)
Langile 2: Nagusi, nagusi, etorri hau ikustera.
Nagusia: Hain zaila al da arbola puta batzuk behera botatzea?
Langile 2: Begira hau nagusi. Begira enbor hori.
Nagusia: Zer? Zer da hori?
Langile 2: Ez dakit jauna. Ebakia da. Halako likido gorri bat atera zaio zuhaitzari.
Nagusia: Bah! Erretxina izango da.
Langilea 2: Erretxin gorria jauna?
Nagusia: Eta nik zer dakit! Galdera gutxiago eta segi lanean.
(oin-hotsa)
Mutila: Ez al didazu ezer esan behar?
Neska: Ezer esan? Nik zuri? Zer nahi duzu esatea?
Mutila: Ordu-erdi daramazu isilik oinez.
Neska: Bai. Ordu-erdi daramagu galduta, zure erruz.
Mutila: Baina ba al dakizu nora zoazen?
Neska: Nik ez. Ez daukat ideiarik ere. Eta zu... zuk ba al duzu ideia hoberik, eh?
Mutila: Barkatu Ana, nire errua izan da. Baina... zigarro bat nahi?
Neska: Uf, a ze gaua!
Mutila: Entzuten duzu? Basoak hitz egingo balu bezala da.
Neska: Bai: "seko galduta zaudete, seko galduta zaudete". Ba!
Mutila: Serio ari naiz. Begira zuhaitz horien adarrei, dantzan ari balira bezala da. Denak elkarrekin.
Neska: Bai, tango bat, zera!
Mutila: Benetan. Zelai hauetan borroka odoltsu bat izan omen zen aspaldi.
Neska: Ze borroka odoltsu?
Mutila: Bai. Hildako pila bat lurperatu zituzten inguru hauetan. Zuhaitz horiek haien gorpuetatik elikatuko ziren. Azken finean ez da harritzekoa zuhaitzek giza itxura izatea.
Neska: Tira, tira. Utzi tentelkeriak eta segi dezagun oinez.
Mutila: Bestelako kondairak ere entzun ditut baso honi buruz.
Neska: Adibidez?
Mutila: Adibidez urtero hiruzpalau pertsona desagertzen direla. Eta ez dutela sekula gehiago haien arrastorik topatzen.
Neska: Jakina! Ezaguna egiten zait istorio hori. Zuhaitzak giza haragiz elikatzen dira. Eta basoak urtero herriko neska gazte bat eskatzen du, ezta?
Mutila: Ana. Nik ez nituzke gauza hauek hain arin hartuko.
(trumoi-hotsa)
Mutila: Gaua hemen pasa beharko dugu.
Neska: Hemen?
Mutila: Bai. Zuhaitz horrek babesa emango digu.
(hainbat zarata)
Mutila: Blai eginda nago.
Neska: Ikusi duzu zuhaitz honen azala?
Mutila: Ez. Zer ba?
Neska: Labanaz egindako inskripzio bat dago. Begira.
Mutila. Unai eta Ana bihoztxo batekin lotuta. Kasualitatea!
Neska: Agian egia izango da baso hau sorginduta dagoela. Besarka nazazu mozolo.
Mutila: Bai, laztana.
Neska: Ummmm!
Mutila: Hementxe geratuko nintzateke betirako, goxo-goxo.
(motozerra-hotsa)
Langile 2: Begira zuhaitz horri nagusi!
Nagusia: Zer gertatzen zaio zuhaitz horri?
Langile 2: Ez al duzu ikusten?Adar horiek, enborreko koska hori emakumezko bat ematen du.
Nagusia: Bai! Menina bat, zera. Lanik ez egiteagatik edozer gauza zuek! Sartu motozerra horri.
Langilea 2: Pena ere ematen du, baina... Ehhhh!
Neska: Ahhh! Atertu du behintzat. Non sartu ote da hau? Unai? Unai, non zaude? Bale, bale, lortu duzu. Akojonatu nauzu. Orain utz iezaiozu ezkutaketan jolasteari. Unai? Unai, haserretu egingo naiz. Unai? Zu al zara? Unai? Non zaude Unai? Hor konpon ba! Hor geratzen zara, banoa autorantz, aditu? Banoala. Joaten hasi naiz, eh? Hor konpon.
Unai? Unai? Non zaude Unai? Mesedez! Hara. Azkenean. Txorimalo partxedun hori? Bide honetatik etorri ginen. Orain bai, gertu nagoela uste dut. Ufa, hau nekea! Hementxe etzango naiz, txorimaloaren ondoan. Barkatu txorimalo jauna, baina jaka kenduko dizudala uste dut... Jain, jainkoarren, ez da txorimalo bat, hildako bat da! Lasai Ana, pasako da. Berehala pasako da, autoak hemen inguruan egon behar du.
Oh ez, kaka zaharra, lo geratu naiz. Baina zer arraio, ezin naiz mugitu. Ez. Nola liteke? Nire hankak, eta besoak? Ez. Baina ez dut nahi.
Langile 2: Jauna, jauna!
Nagusia: Zer gertatzen da orain?
Langile 2: Gaur goizean bota dugun zuhaitzetako bat auto baten gainera erori da. Oraintxe aurkitu dugu.
Nagusia: Auto baten gainean? Baina noren autoa gero?
Langile 2: Ez dakigu jauna. Baina okerrena ez da hori. Norbait zegoen autoa barruan.
Nagusia: Nola?
(ate-hotsa)
Nagusia: Jainkoarren, hogei urte ere ez ditu eta! Poliziari abisu eman beharko diogu.
Langile 3: Hau aurkitu dugu bere patrikan. Kartera da, tori.
Nagusia: Unai Larrinaga. Gizajoa! Gaua autoan pasatzea erabakiko zuen. Begira, begira zer daukan eskuetan. Argazki bat.
Langilea 2: Neska batekin dago. Nor ote da? Bere neska-laguna? Ezaguna egiten zait neska horren aurpegia.
Langile 3: Niri ere bai. Erotuta nagoela esango duzu, baina bota dugun zuhaitz horren antza duela esango nuke.
Nagusia: Beharbada gehiegi estutu zaituztet. Opor egun batzuk eta psikiatra on bat behar dituzue zuek.
