Hotzikarak 14: Hiltzaile bat kristalaren beste aldean
Egilea: J. Goenaga Musika: Jean Louis Argus Zuzendaria: Joxe felipe Auzmendi Aktoreak: Felipe: Felipe Barandiaran Olga: Idoia Sagarzazu Marian: Nekane Sarobe Ertzaina: Anjel Alkain Tomas: Joxe Felipe Auzmendi Isabel: Marian Galarraga |
Felipe: Emakume batek baino gehiagok aitortu izan dit bizia emango lukeela nigatik, bizi ziztrin horien truke nirea beraien esku uzteko banengo bezala. Gajoak. Ezagutu ditudan guztien bizitza guztiak batera ere ez lirateke nahikoa ni erosteko. Ez nago salgai. Hor dago gakoa. Eta halaxe esan nion azkenekoari. "Bihotza lapurtu didazu" esan zidan negarrez. Zergatik egiten dute horrenbeste negar? Horrexek ateratzen nau neure onetik. "Banoa" esan, eta negar. Ezer esan gabe joan, eta negar. Beti negar. "Bihotza ateratzea besterik ez zaizu falta" izan zen entzun nion azkenekoa. Jiratu eta "ez da ideia txarra" bota nion, baina lastima, nik eskuak zikintzeko, zu baino gehiago den zerbait behar dut.
Olga: Oso ondo Felipe.
Felipe: Berriro egingo dut bihotzarena.
Olga: Ez. Ez. Oso ondo geratu da.
Felipe: Seguru?
Olga: Seguru. Entzun nahi?
Felipe: Posible bada?
Olga: Bale. Gaur garaiz gabiltza.
Felipe: Emakume batek baino gehiagok aitortu izan dit bizia emango lukeela nigatik...
Marian: Ummm! Zoragarria da.
Olga: Nor?
Marian: Nor? Felipe. Nor bestela?
Olga: Hori ez da Felipe. Ez ahaztu.
Marian: Nola ez dela Felipe?
Olga: Felipek egiten duen papera.
Marian: Ah, beno, jakina, eta eskerrak. Gaurko pertsonaia hau ez da oso atsegina. Baina ahots horrek...
Olga: Ez zaitez ahotsekin engainatu Marian!
Marian: Beti iguala esaten didazu...
Olga: Badakit zertaz ari naizen. Akordatzen beti amona goxoarena egiten zuen Karolina harekin?
Marian: Akordatuko ez naiz ba, eta orain kontatuko didazu nola kartzelan dagoen alaba jotzen zuelako, eta ez dakit...
Olga: Ba bai. Adibide bat besterik ez da. Hemen egiten duzuena dena gezurra da, zuk jakin behar zenuke hori.
Marian: Tuntuna naizela uste al duzu?
Olga: Ez. Ez dut uste, baina batzuetan duda sortzen zait.
Marian: Zer dakizu Feliperi buruz?
Olga: Bikoiztailea dela.
Marian: Zu bai azkarra, bikoiztailea da, eta ahots zoragarria dauka.
Olga: Bai, baina ez dakit.
Marian: Non bizi da? Ezkonduta al dago?
Olga: Esan dizut dakidan guztia.
Marian: Jakingo duzu nola azaldu zen hemen behintzat?
Olga: Bai. Gaur daraman txaketa berarekin, zure ondoan dagoen ate horretatik. Sartu, kaixo esan eta listo. Bere lehendabiziko papera eman genion. Harez gero, puntual etortzen da, ondo egiten du bere lana, eta lana amaitutakoan joan egiten da.
Marian: Eta ez al zara inoiz beste ezer jakiten saiatu?
Olga: Ai! Ah, bai Felipe, bukatu da grabazioa, ez? Ondo? Bale ba. Eta ez Marian. Inoiz ez naiz beste ezer jakiten saiatu. Besteak beste, ahotsekin afaltzea ez delako nire bizio ezkutuetako bat. Eta ahotsekin ezer gutxi egin litekeelako.
Felipe: Beno, banoa.
Olga: Ondo da. Ah, hau Marian da. Ez dakit elkar ezagutzen duzuen.
Marian: Nik zu bai. Asko miresten dut zure lana.
Felipe: Ah, eskerrik asko.
Marian: Igual tokatuko zaigu egunen batean elkarrekin lan egitea.
Felipe: Igual.
Olga: Beno, beste lan batekin hasi beharra daukat. Beraz...
Marian: Horrek joateko esan nahi al du?
Olga: Zuk zer uste duzu?
Marian: Zu ere bazoaz, ezta?
Felipe: Bai. Bai. Banoa.
Olga: Kontuz ibili!
Marian: Tuntuna halakoa!
Olga: Itxaron Felipe. Felipe!
(telefono-hotsa)
Olga: Kaixo, Olga naiz. Beno, hau Olgaren ahotsa da, eta hemen ahotsa besterik ez dago une honetan. Olgari oso arin zerbait esan nahi badiozu, erabili zeurea, ahotsa alegia.
Marian: Olga, Olga, hor al zaude? Deituko dizut geroxeago.
Olga. Feliperekin afaldu dut. Eta amatxo! Ez dakit nondik hasi, benetan. Beno, utzi egingo zaitut. Berehala hemen da eta. Autoa aparkatzen utzi dut.
Oraintxe dator eskaileretan gora. Gizajoa. Segituan bidaliko dut. Ahotsa besterik ez da. Ikusi bazenu... Zergatik dakizu horrenbeste gizonezkoez Olgatxo?
Olga! Olga! Ah!!!
Olga: Baina, ze broma-klase da hau?
Marian: Aupa, Marian ez dago etxean, edo baldin badago ere ezin du telefonorik hartu. Horrek badakizu zer esan nahi duen, ezta? Pi eta hitz egin.
Olga: Marian, hor al zaude? Marian, hartu telefonoa segituan!
(jende-hotsa, sirenak)
Olga: Utzi pasatzen. Marianen lagun bat naiz, utzi pasatzen. Zer gertatu da?
Ertzaina: Hobe duzu ez pasatzea. Ikuskizuna ez da oso atsegina. Norbaitek begiak moztu, eta bihotza atera dio. Zuk ez duzu ezagutuko kasualitatez.
Olga: Ez da posible. Ez!
Ertzaina.Azkar hemen. Emakume hau zorabiatu egin da, eraman dezatela lehenbailehen anbulantzian.
Erietxeko administraia: Esnaola doktorea, bigarren solairura!
Felipe: Kaixo, zer moduz zaude? Loreak ekarri dizkizut.
Olga: Felipe, zer egin diozu Mariani? Zer egin duzu?
Felipe: Zer?
Olga: Mezuak utzi zizkidan erantzungailuan, badakit zurekin zegoela.
Felipe: Ez dakit zertaz ari zaren.
Olga: Felipe, ez hasi gezurretan. Zurekin joan zen afaltzera, zure zain zegoen etxean. Dena kontatu zidan.
Felipe: Nik ez dut sekula Marian izeneko inorekin afaldu, Olga.
Olga: Nik dena dakit ordea.
Felipe: Lastima.
Olga: Zer egitera zoaz? Ez zaitez zoratu Felipe. Hau bion artean konponduko dugu.
Felipe: Ez dago ezer konpondu beharrik Olga.
Olga: Umm, ummm, ummm...
Felipe: Lastima horrela bukatu beharra. Zurekin konfiantza neukan, baina...
Felipe: Emakumeek badute akats bat, beno, emakumeek duten akatsetako bat, dena jakin nahi izaten dutela. Beti. Gauza guztiei buruz. Horregatik galdetzen dute hainbeste. Eta niri asko galdetzen duten emakumeak ez zaizkit batere gustatzen... Barkatu, zer jartzen du hemen? Ez dut ondo ulertzen.
Tomas: Felipe, nahiago baduzu, utzi egingo dugu, eh?
Felipe: Ez. Ez. Jarraitu dezaket, baina esadazu zer jartzen duen hemen. Ez da ongi irakurtzen nire paperean.
Tomas: Ea, "batez ere erantzutea ez zaidalako gustatzen".
Felipe: Ah, ados: "batez ere erantzutea ez zaidalako gustatzen". Ah, ja.
Tomas: Lur jota dago.
Isabel: Ez da gutxiagorako.
Tomas: Felipe, utzi egingo dugu gaurkoz, eh? Gu ere nekatuta gaude.
Felipe: Nahi duzuen bezala.
Tomas: Olgarekin ohituta zegoen, eta badakizu... hain gaztea eta...
Isabel: Olgarena bakarrik ez, Marian gajoa ere... Esaten dute Marianena jakin zuenean, eman ziola bihotzekoa Olgari. Nire bizilagun batek ikusi omen zuen, bere onetik aterata gajoa. Normala da Felipe horrela egotea.
Tomas: Beno, Marianengatik ez hainbeste. Felipek ez zuela ezagutzen esan dit.
Isabel: Ah, ez ziren inoiz elkarrekin tokatuko.
Tomas: Ez. Ez dut uste. Ze, joango al gara?
Isabel: Feliperi itxarongo diogu, ezta?
Tomas: Nahi duzun bezala, edo nahiago duzu zuk bakarrik itxaron.
Isabel: Hori esan al dut?
Tomas: Ez dakit ba neska! Ez zara grabaketa-gelatik irten bera bikoizten hasi denetik.
Isabel: Ai, hain ahots zera dauka!
Tomas: Ez fidatu! Gidoiarekin egiten dute lan. Bikoiztaileak ez dira ezer gidoilaririk gabe. Mordoska bat ezagutu ditut, eta gehienak erabat jende zozoak izaten dira.
Isabel: Badakit tontolio, baina ahots horrek "maite zaitut" esatea zoragarria izan behar du, baita gidoiak dioelako esaten badu ere. Ez al zaizu iruditzen?
Tomas: Niri ez zait ezer iruditzen. Hor datorkizu.
Felipe: Kaixo.
Isabel: Ni Isabel naiz, laguntzaile berria. Asko gustatzen zait zure ahotsa.
Felipe: Ah, ba eskerrik asko.
Isabel: Igual tokatuko zaigu egunen batean elkarrekin lan egitea.
Felipe: Litekeena da bai.
Tomas: Hurrengo astean bertan. Madrilera noa, eta presazko lan bat dugu. Film poloniar aspergarri horietako bat: hiltzaile bat kristalaren beste aldean. Horrela titulatzen dela uste dut.
Isabel: Hiltzaile bat kristalaren bestaldean, eta utzidazu asmatzen, Felipe da hiltzailea, ezta?
Felipe: Bai. Beti tokatzen zait.
Marian: Olga, Olga... Aaah!