Dokuteka
Xanti, eta konpainia 52: Kontu jaten
52.1 Xanti+Serafina
(Etxean, Serafina zalaparta batean dabil)
XANTI- Kaguenlaindia! Ama! Gaurko da, e?
SERAFINA- Banoa, umea, banoa!
XANTI- Jakin al liteke gaur zer gertatzen den, e? Aizu, ez zara, ba, "20-N" ospatzeko asmotan ibiliko?
SERAFINA- Zer "20-N" eta zer...
XANTI- Badakizu ederki!
SERAFINA- "Veinte" ez, baina hogei bai, hogei urte! Irratira noa Felirekin, umea!
XANTI- Irratira? Zertara?
SERAFINA- Aste hontan beteko ditu 20 urte eta.
XANTI- Ama, mesedez! Adarrik jo gabe, e!
SERAFINA- Hogei urte, bai. Hogei urte beteko ditu Euskadi Irratiak.
XANTI- A, Irratiak! Banengoen, ba, ni! Feli, zera, Sara Montielen kintakoa da-eta.
SERAFINA- Jesus! Eta guri bururatu eta deitu! Eta haruntza goaz, ezagutzera!
XANTI- Eta horrenbesteko, zera, zalaparta horretarako?
SERAFINA- Aizu, hogei urtez entzule finak izan garenok izango dugu, ba, eskubidea joan eta ikusteko, ezta?
XANTI- Bai, bai, baina... Nola ez, ba! Nola ez, ba! Baina akordatuko zara irratian ez dela ikusten; beraz, ez dakit zergatik zabiltzan hain aztoratuta, ama!
SERAFINA- Handik esaten dutena ez da ikusten, baina gu haruntza joaten garenean, bertakoek ikusi egingo gaituzte, eta guk beraiek ere bai! Eta inpresio ona ematea beti da inportantea!
XANTI- Bale, bale! E, zer, listo al zara?
SERAFINA- Ene! Poltsa beltza! Non utzi ote dut poltsa beltza? Ikusi al duzu zuk, Xanti?
52.2 Xanti+Kristina+Pruden
(Kristinaren tabernan. Goiza da)
XANTI- Eta han eraman ditut biak beraien ezkontzarako baino dotoreago jarrita. Jode!
KRISTINA- Aizu, aizu, eta ezkontza esan duzun honetan, zer, Pako eta Olatz azkenean zer?
XANTI- Ez daukat berririk, Kristina. Ez dakit Olatzek zer erantzungo zion.
KRISTINA- Jo, ba, bikote polit askoa egiten dute, ba!
XANTI- Bai! Oraintxe jakingo dugu zerbait, hemen dator-eta, zera, gure Pruden.
PRUDEN- Kafea, Kristina!
KRISTINA- Eta egun on, eta baita zuri ere!
XANTI- Bai, hori da! Eta hori duk aurpegia, Pruden!
PRUDEN- Zer gertatzen zaio nire aurpegiari?
XANTI- Ez zekiat! Hori heuk jakingo duk nik baino hobeto.
PRUDEN- Ba, nik ez zioat ezer arrarorik ikusten!
XANTI- Bale, bale, bale, Pruden! Jode, lorik egin gabe ote hengoen iruditu zaidak. Besterik ez!
PRUDEN- Eta hik zer dakik nik lo noiz egiten dudan edo noiz ez eta nola? Eta zer axola zaik?
XANTI- Ezta batere! Ezta batere, e! Barkazak (barka ezak), e? Ez diat ezer esan, e!
KRISTINA- Torizu (har ezazu), Pruden! Doblea.
XANTI- Eta txanpon batzuk emaizkidazu (eman iezazkidazu), Kristina.
KRISTINA- Bai, oraintxe!
XANTI- Orain ere makinatzar horretan bota behar al duk? Jode, hori duk ludopatia hori!
(Pruden kafea hartu eta erretiratu egingo da)
XANTI- Jode! Apustu egingo nuke, e, Olatzek baiezkoa eman diola Pakori.
KRISTINA- Ez jakin! Prudenek ez du ezer asko behar izaten horrela jaikitzeko!
XANTI- Ez, ez, ez nuke oraintxe Pakoren azalean egon nahi!
KRISTINA- Pakoren azala? Igual dago oraintxe inoiz baino gustorago, goxo-goxo!
52.3 Serafina+Feli+Pruden
(Taxi geltokian, kalean)
SERAFINA- Xanti ez dago hemen, Feli!
FELI- Esan dizut, Serafina, hobe genuela telefonoz hots egitea. Irratikoek ere eskaini digute telefonoa, baina hain egoskor jarri zara...
SERAFINA- Sinpatiko askoak izan dira gurekin!
FELI- Bai, horixe. Horregatik, ba! Horregatik!
SERAFINA- Baina nik badakit zein dagoen telefonoaren bestaldean, eta hark ematen didan tratua jasotzea baino nahiago honaino etortzea. Aizu, Pruden!
PRUDEN- Zer?
SERAFINA- Xanti hemen ibiliko da, ba?
PRUDEN- Ba, bai! Hementxe zebilen!
SERAFINA- Ez duzu jakingo nora joan den, edo luzerako duen?
PRUDEN- Aizu, Serafina, ni ez naiz besteen bizitzan sartzen! Eta besteek nirekin ere horixe egitea gustatuko litzaidake: bakean uztea!
SERAFINA- Hara bestea! Okerrago egin dut galdetzearekin honi!
FELI- Ba! Utziozu (utz iezaiozu), Serafina. Begira, kafetxo bat hartuko dugu.
52.4 Serafina+Feli+Kristina+Pako
(Kristinaren tabernan)
KRISTINA- Ba, ez dakit, baina berehala azalduko da, gauzak ondo bidean...
SERAFINA- Ba, axola ez bazaizu, kafetxo bat hartuz itxarongo diogu. Deskafeinatua, Feli?
FELI- Bai, mesedez, makinakoa.
SERAFINA- Bi, Kristina.
KRISTINA- Hara, hara, hara! Bizi direnak agertzen direla!
PAKO- Kaixo!
KRISTINA- Zer moduz, Pako?
PAKO- Ondo.
KRISTINA- Ondo... ondo?
PAKO- Ondo, ondo, bai!
KRISTINA- Baina, ondo, ondo... ondo?
PAKO- Bai, Kristina, ondo! Kafesne bat, mesedez!
KRISTINA- Oraintxe!
SERAFINA- Zer zabiltza, ondoezik?
PAKO- Zer?
SERAFINA- Ez, ondoezik ote zabiltzan, ba!
PAKO- Ez, ez. Ondo.
SERAFINA- A, ez, ez, ez. Nola Kristinak, ba...
KRISTINA- Ez da ezer, Serafina. Gure arteko kontuak!
SERAFINA- A, beno!
FELI- Begiratu besterik ez dago ondo dagoela ikusteko!
SERAFINA- Bai, bai, baina...
PAKO- Kristina, ez jarri kafesnea! Joan behar dut!
KRISTINA- Izugarri nerbioso dabil, gizarajoa. Emakume kontuak! Erabaki inportanteak, badakizue. Ez dira bizitzan askotan hartzen.
SERAFINA- Eta gure Xanti?
KRISTINA- Zer?
SERAFINA- Ezer ez, ezta?
KRISTINA- Ez dakit, ba! Zergatik ez diozu berari galdetzen? Hortxe dator.
52.5 Xanti+Serafina+Feli
(taxian doaz. Martxan)
FELI- Ez zaitez haserretu, Xanti. Gu ez gara hasi galdezka.
SERAFINA- Kristina hasi zaio galdezka gure aurrean eta preokupatu egin gara!
XANTI- Preokupatu! Ez daukazue zertaz preokupatu handirik, aizu!
SERAFINA- Aizu, Santiago, ikusi bazenu Kristinak nola galdetzen zion Pakori, zu ere preokupatuko zinen!
XANTI- Aizu, beren kontuak izango dituzte, e, eta zuek ez daukazue zertan kontu jaten ibili beharrik, e! Aditu?
SERAFINA- Ezkontzekotan omen dabil, ba!
XANTI- Ezkontzekotan?
SERAFINA- Horrelako zerbait ulertu diot Kristinari!
FELI- Horrelako zerbait esan du!
XANTI- Ba, lehendabiziko notizia, aizu!
SERAFINA- Ba, zuek jakingo duzue zertan zabiltzaten! Baina espero dut, nobedaderen bat bada, enteratzen azkenekoa ez izatea!
XANTI- Jesus...
FELI- Nik ere beste horrenbeste, e!
XANTI- ...eta Jose!
