Dokuteka
Xanti, eta konpainia 8: Aintzaneren apologia
8.1 Xanti+Ines+Serafina
(Ines zentralitan. Serafinaren telefono deia jasoko du)
INES- Taxi Onenak, esan?
SERAFINA- Serafina naiz. Aizu, bidalidazu (bidal iezadazu) Xanti etxera, e?
INES- Momentu bat. Jode! 1777, etxera.
XANTI- Keai, Ines! Zer, jai ematen al didazu?
INES- Hori beste bati galdetuko beharko diozu!
8.2 Xanti+Serafina+Ines
(Taxian doaz, Serafina atzeko aldean eserita)
SERAFINA- Ez "mesedez" bat, ez "eskerrik asko" bat...
XANTI- Ama! Bere lana taxiak batetik bestera bidaltzea da
SERAFINA- Badakit, Xanti!
XANTI- Ba, orduan?
SERAFINA- Baina zer kostatzen da, ba, "kaixo, Serafina, zer moduz?" esatea? Hainbeste kostatzen al da?
XANTI- Aizu, ez dauka horretarako betarik, ama!
SERAFINA- Gero eta lehorragoak!
INES- Poligonoetan zerbitzua! Poligonoetatik gertu dabilenen bat?
SERAFINA- Ikusten? IKusten duzu? Marmar hori egun osoan...
INES- Poligonoak? Momentu bat.
XANTI- Kenduko dizut.
SERAFINA- Igualeko Aintzane!
XANTI- Ama, uste dut badakidala zertan hastera zoazen!
SERAFINA- Ustea, ustea ez da jakitea, Xanti! Ai, gozoa da, atsegina, edukatua, langilea... eta zer eskuak, Xanti! Zer eskuak!
XANTI- Hori oraindik ez dakit, ama!
SERAFINA- Nola jakingo duzu, ba, zuk! Begiratu, hark ilea garbitzen didan bakoitzean...
XANTI- Beno, listo, listo, et, et, iritsi gara-eta, ama! (Abiadura txikiagotu eta gelditu)
SERAFINA- Xanti, zergatik ez zara sartzen nirekin pelukerian?
XANTI- Ja, hori da! Lanean ari naizelako, ez al zara akordatzen?
SERAFINA- Beno, ba, eskumuinak emango dizkiot Aintzaneri zure partetik, e? Eta asko poztuko da!
8.3 Xanti+Mutila
(Taxi geltokian. Xanti, kotxe barruan dago. Kanpotik, mutila. Kalea)
MUTILA- Kaixo!
XANTI- Hola, keai!
MUTILA- Aizu, galdera bat egin nahi nizuke!
XANTI- Ez nago, ba, ni galderatarako, baina tira. Etxoizak (itxaron ezak) pixka bat. (irten egingo da taxitik. Atea itxi) Zer? Botazak (bota ezak)! Zer behar duk?
MUTILA- Lehengo batean taxi batean ibili nintzen.
XANTI- Ez nirekin.
MUTILA- Ez, ez, uste dut ezetz!
XANTI- Nik ez diat sekula ahazten, e, zera, bezero baten aurpegia!
MUTILA- Ba, ni ez nintzen fijatu taxistaren aurpegian!
XANTI- Hori ez da delitua, gizona!
MUTILA- Ez, baina... motxila ahaztu nuen bere taxian!
XANTI- Motxila... edo maletina?
MUTILA- Niri ikusten al didazu maletinarekin ibiltzeko planta?
XANTI- Ez, baina... badaezpada...
MUTILA- Eta jakin nahi nuke zer egin behar dudan aurkitzeko.
XANTI- Beno, ba, onena, zera, zentralera deitzea izango duk. Haruntza eramaten ditiagu taxian aurkitutako gauzak eta, baldin eta milioi askokoak ez badira!
MUTILA- Ez, ez! Milioirik ez daukat nik!
XANTI- Ba, galde ezak han. Ez duk kontua gordeta edukiko?
MUTILA- Keba! Ez nion eskatu!
XANTI- Gauza hauetarako inportantea izaten duk, baina, beno, galdetu, galdetu zentralean.
MUTILA- Eskerrik asko!
XANTI- Hi, hi! Kuriositatez, hi ez haiz ertzaina izango, ezta?
MUTILA- E, mesedez! Lehendabizi maletina, orain ertzaina? Zer? Ertzain itxura al daukat ala?
8.4 Xanti+Pruden
(Tailer mekanikoan. Prudenekin egingo du topo)
XANTI- Karlos!!! Hemen al habil?
PRUDEN- Etzagok (ez zagok)! Alferrik ari haiz builaka.
XANTI- Honbre, zer, denbora askorako al dik?
PRUDEN- Ez zekiat. Nire taxia hartuta joan duk buelta bat ematera!
XANTI- Ondo zagok. Esaiok (esan iezaiok) pasako naizela beste batean.
PRUDEN- Zer? Auto berria erosteko asmotan, ala?
XANTI- Hik ere entzun al duk zer edo zer?
PRUDEN- Zerbait.
XANTI- Ikusten diat, bai!
PRUDEN- Babo konpletoa haiz, Xanti! Ez huen ezer esan behar, motel! Hiretzat hartu, eta kitto! Galtzeko bost milioi dauzkanari zer axola zaiok, ba?
XANTI- Hi, orain ari nauk konturatzen zer perkaletako jendearekin nabilen!
8.5 Xanti+ Serafina+Ines
(Serafinak berriro zentralitara deituko du pelukeriatik)
INES- Taxi onenak, esan?
SERAFINA- Keai, señorita. Hemen, Serafina. 1777ari esaiozu (esan iezaiozu), mesedez, pelukerira inguratzeko.
INES- Segituan. 1777, pelukerira!
XANTI- Hola, keai, Ines!
INES- Pelukerian daukazu señora zain!
XANTI- Aizu, señora hori nire ama da, e?
INES- Niri igual zait.
XANTI- Niri ez, ordea.
INES- Joan zaitez lehenbailehen, lata ematen hasi baino lehen!
XANTI- Zer polita geratu zaizun, Ines.
8.6 Xanti+Serafina
(Taxi barruan doaz, martxan. Trafiko handia dabil)
SERAFINA- Santiago, ez zara entzuten ari!
XANTI- Aizu, trafiko asko dabil, ama! Hemen arreta jarrita joan beharra dago, e?
SERAFINA- Zure amak ere merezi du, ba, pixka bat, e?
XANTI- Ez al duk intermitentea ikusi edo zer krtisto gero?
SERAFINA- Jesus!
XANTI- Baboa, hi!
SERAFINA- Ene! Xanti, esan diot Aintzaneri, e, zeinen mutil ona zaren.
XANTI- Ama, Aintzanek aspalditik ezagutzen nau.
SERAFINA- Badakit, baina nik badaezpada gogorarazi diot, aberatsaren diruarekin eta pobrearen borondatearekin zenbat gauza egin litezkeen.
XANTI- Ama! Ez zitzaizun burutik pasako historia guztia, non eta, zera, pelukerian kontatzea, ezta?
